NAIZ
Usurbil

Foro Sozialeko ordezkariek baikortasun mezua igorri diete Kalera Kalera ekimeneko kideei

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Usurbileraino gerturatu da gaur. Bertan Kalera Kalera ekimenari babesa agertu eta «blokeo egoera gainditzeko baldintza berriak badaudela» nabarmendu dute. Datozen hilabeteetan harreman dinamika bat garatuko dute agente desberdinekin.

Foro Sozialeko kideek babesa agertu diote Kalera Kalera ekimenari. (FORO SOZIALA)
Foro Sozialeko kideek babesa agertu diote Kalera Kalera ekimenari. (FORO SOZIALA)

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Kalera Kalera ekimeneko kideekin bildu da Usurbilen. Txoni Benito (Uharan), Eneko Calle (Paz con Dignidad), Amaia Izko, abokatua eta Juristen arteko Topagunearen sustatzailea eta Peio Dufau (Bake Bidea) izan dira Kaleragunean.

Bertan, Martxoaren 10 eta 11n Donostian eta Hendaian egingo den IV. Foro Sozialaren helburuak aurkeztu dituzte. Topaketa hauetan «preso eta iheslarien itzultzea errazteko» ardatzean sakonduko da. «Preso eta iheslarien etxera itzultzea definitzeko ibilbide orria zehaztu nahi da, transbertsala eta barneratzailea. Preso eta errefuxiatuen kolektiboek, jendarte zibila eta Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta EAEko instituzioen artean adostu beharreko ibilbide orria», adierazi dute ohar baten bidez.

Gaurkoa datozen hilabeteetan garatu nahi duten harreman dinamikaren lehena da. Hala, legelariekin, preso zein nerrefuxiatuen kolektiboen ordezkariekin, sindikatuekin eta presoen eta senitartekoen eskubideen defentsan diharduten erakundeekin elkartzea dute jomuga.

Era berean, Foro Sozialeko ordezkariek baikortasunerako mezua igorri nahi zian diete Kalera Kalera ekimeneko kideei: «Ardatz honetan, blokeo egoera gainditzeko beharra dugu eta horretarako baldintza berriak badaude. Bi estatuen jarrera aldatu ez bada ere, Euskal Herrian azken urteotan marraztu den ibilbide orriari jarraipena emateko aukera berri bat sortzen ari da. Adostasun zabala oinarri hartuta, blokeoa gainditzeko nahiko indar eta borondate badagoela uste dugu».