NAIZ

Gizon azkarrentzako aukera berri bat Eltziegon

Euskal Herriko Itzuliak bigarren etapa du gaurkoan. Nafarroa utzi eta Arabarako bidean jarriko dira txirrindulariak, Eltziegon helmuga harrapatzeko. Esprint berri bat espero da, eta atzo garaile izan eta lider den Michael Matthews australiarra da, berriz ere, faborito nagusi.

Sunweb taldeko Michael Matthews aterako da gaur liderraren elastikoarekin. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Sunweb taldeko Michael Matthews aterako da gaur liderraren elastikoarekin. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Bigarren egunez segidan, Iruñeko Gaztelu enparantzak hartuko du Euskal Herriko Itzuliaren etapa irteera. 13:00ak aldera abiatuko dira txirrindulariak, Eltziegora bidean, non 173 kilometro eta gero izanen duten helmuga.

Gaur ere ez da sailkapeneko gizonen arteko lehiarik aurreikusten, eta etapa garaipena tropel handi batek esprintean jokatzea litzateke normalena. Atzo garaile suertatu zen Michael Matthews da faborito nagusi. Hala ere, ez da ohiko esprinta izango ere, azken kilometroak aldapa bera dira-eta. Honek txirrindulariak abiadura handian iristea suposatuko du eta talde batek amaiera ordenatu bat egiten saiatzeko kontrol lana egitea zaildu.

Nafar hiriburua atzean utzi bezain laster, Etxauriko gaina aurkituko dute, bigarren mailakoa eta ihesaldia sortzeko oso aproposa. Hau gaindituta, Arabaruntz jarraituko dute. Dagoeneko Araban, hirugarren mailako Aldeako gaina topatuko dute, baina helmugatik 60 kilometrora.

Azken txanpan aldaparen bat aurkituko duten arren, ez dirudi tropela hausteko nahikoa izan daitekeenik. Gaurko arriskurik handiena, hala ere, haizea izan liteke. Punturen batean gogor sartzekotan arazoak sortu ditzake eta, albotik joko bait ditu txirrindulariak.