NAIZ
BILBO

Oier Gomezen zigorra eteteko eskaera onartu du epaileak, baina preso segiko du oraingoz

Epaileak larriki gaixo dagoen Oier Gomez Mielgoren zigorra eteteko eskaera onartu duela baieztatu du haren abokatuak, Maritxu Paulus Basurcok. Gasteiztarraren aurkako hiru euroaginduak aztertzeko saioa asteazkenean egingo dute, eta bitartean preso segiko du ospitalean.

Oier Gomezekin elkartasunez Gasteizen egindako mobilizazio bat. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Oier Gomezekin elkartasunez Gasteizen egindako mobilizazio bat. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Maritxu Paulus Basurco abokatuak Infozazpi Irratiari baieztatu dionez, epaileak baiezkoa eman dio Oier Gomezen zigorra eteteko eskaerari.

Hala ere, gogoratu du oraindik Gomezen aurkako hiru euroaginduak aztertzeko saioa asteazkenean egingo duela Dei Auzitegiak. Hitzordu horri begira, gaurko ebazpena «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du abokatuak.

Paulus Basurcoren arabera, Gomezen egoera «oso, oso, oso larria dela ikusi du» epaileak eta horregatik onartu du zigorra eteteko eskaera. Txostenek islatzen dutenaz gain, iragan astean Pitié-Salpêtriere ospitalean, fiskalarekin batera, Oier Gomezekin aurrez aurre izan zenean egoeraren larritasuna bertatik bertara baieztatzeko aukera izan zuen epaileak, abokatuak adierazi duenez.

«Presio sozialari esker»

Ebazpena ezagutu eta berehala, Gasteizko Sarek nabarmendu du «zalantzarik gabe, berri ona» dela.

«Saretik oso kontziente gara presio sozialari esker lortu dela Oierren zigorraren etenaldia», azpimarratu dute eta, hortaz, larriki gaixo dauden presoen kaleratzea lortu arte horrela jarraitzeko beharra dagoela nabarmendu dute.

Hori dela-eta, maiatzaren 6an Gasteizen egingo den manifestazio nazionalera joateko deia egin dute, «ezin garelako beste preso gaixoekin Oierrekin heldu garen puntura heldu».

Gaur 19.00etan Andre Maria Zuriaren plazan egingo duten elkarretaratzeaz gain, Sarek gogoratu du asteazkenean eguerdiko 12.00etatik 20.00etara «Oier Etxera gunea» ezarriko dutela Urrezko Zeledoien plazan. 

 «Arrakasta kolektiboa»

Beste alde batetik, epailearen erabakia «positiboki» baloratu du Oiertxo SOS plataformak. Mobilizazioak eta elkartasun keinu ugariek «arrakasta kolektibo» hau ahalbidetu dutela nabarmendu dute.

«Oiertxo SOS plataformak euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespeneko lege guztiak salatzen ditugu, bereziki larriki gaixo direnei; horregatik, guzti hauen berehalako askatasuna exijitzen dugu», gaineratu dute.

Bagoaz

«Erabakian nabarmentzen da, Oierrek beste arau hauste (infrakzio) bat egiteko arriskurik ez dagoela. Izan ere, 2011an, ETAk iragarritako su eten iraunkorra eta berriki iragan den armagabetzea direla eta, egoera politiko berri batean aurkitzen garela. Eta nola ez, Oierren osasun egoera dela eta», nabarmendu du Bagoaz plataformak ohar batean.

Honekin batera, berri ontzat jo du gaurkoa Bagoazek, asteazkenean euroaginduen gaineko erabakia hartuko dela gogoratu duelarik. Egun horretan mobliizazio eguna dela nabarmendu du.