NAIZ
ZARAUTZ

Omenaldia egin diote Zarauzko hilerrian Jon Paredes «Txiki»ri

Omenaldia egin diote gaur Zarauzko hilerrian Jon Paredes Manot «Txiki»ri, gaur bezalako egunez, duela 42 urte, frankismoak fusilatu zuela gogoratzeko. «Txiki»rekin batera Anjel Otaegi ere hil zuten egun horretan bertan, FRAPeko Xose Humberto Baena, José Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanzekin batera.

Katalunia ere presente izan da «Txiki»ren omenaldian. (@ane_arruti)
Katalunia ere presente izan da «Txiki»ren omenaldian. (@ane_arruti)

Ahaztuak 1936-1975 elkarteak antolatu du ekitaldia eta bertan, «Txiki»ren senide, lagun eta hiritar ugari bildu dira Zarauzko hilerrian gaur eguerdian.

Erakunde publikotako ordezkariak ere izan dira: Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakero. Zarauzko Udaleko EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeetako zinogotziak ere omenaldian izan dira.

Kataluniako egoera kontuan

Ahaztuak 1936-1977 taldeko kide Martxelo Alvarezek Francoren erregimenak hildako bost kideak gogoan izateaz gain, Kataluniako egoera aipatu du ekitaldian egin duen mintzaldian. Horregatik, aurten ikurrinaz eta bandera errepublikarraz gain, estelada bat ere jarri dute hilobiaren ondoan. Gainera, CUPeko diputatu Anna Gabrielen eskutitz bat ere irakurri du Alvarezek, ‘Urola Kostako Hitza’ agerkariak jaso duenez.

Bi dantzarik aurreskua dantzatu dute, eta musikarien laguntzaz, ‘El Rossinyol’ eta ‘Soy viento de libertad’’ kantatu dituzte. Ekitaladiari amaiera ipintzeko, ‘Eusko gudariak’ abestu dute.

Heldu den larunbatean, 12.00etan, Kataluniako Cerdanyola del Valles herrian, fusilatu zuten tokian, omenaldia egingo diote Jon Paredesi.

Anjel Otaegiren aldeko ekitaldiak

Horrez gain, larunbatean, mendi martxa egingo dute Nuarbera Anjel Otaegi gogoratzeko. 10.00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 13.00etan, ekitaldia egingo dute auzoan. Bihar, ikasleek elkarretaratzea egingo dute, 12.00etan, eta, 19.00etan, herritarrek bisita egingo dute hilerrira.