NAIZ

Jarraipen handia izan du Haurreskoletako Partzuergoko langileek deituriko grebak

Haurreskoletako Partzuergoko langileek greba eguna dute. ‘Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki’ lelopean zegoen deitua protesta eguna. Langileen %86k parte hartu du greban, LAB, ELA eta Steilas sindikatuen arabera. Lakuako Gobernuaren arabera, %66,5eko jarraipena izan du. Ehunka pertsona batu dira mobilizaziora.

Haurreskoletako langileek Eibarren egin duten elkarretaratzea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Haurreskoletako langileek Eibarren egin duten elkarretaratzea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunetan bezala», Haurreskolak Partzuergoan grebak ia erabateko jarraipena izan duela jakinarazi dute LAB, ELA eta Steilas sindikatuek igorritako oharrean. Azaldu dutenez, jarraipena oraindik eta zabalagoa izan da oraingoan.

Grebara deiturik zeuden 1.200 langiletik %86k egin du bat deialdiarekin eta mobilizazioetan parte hartu du. «Egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta, bai Partzuergoaren zuzendaritza baita Lakuaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko», azaldu dute.

Honela, hainbat aldarrikapen luzatu dituzte, tartean, haurreskola guztien doakotasuna. Lanpostuen egonkortasuna bultzatzea eskatu dute, baita geletako ratioak «berdintasunean oinarritutako irizpideekin» aplikatzea ere.

Bestetik, ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatzea aldarrikatzen dute, baja lehen egunetik %100ean ordaintzea eta lizentzia, baimenak eta txanda egunak ordezkatzea. Haurreskola txikietara begira, famili guztiei zortzi orduko zerbitzua eskaintzea bultzatzen dute.

«Orain arte Lakuak eta Haurreskolak Partzuergoak ez dute proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu», salatu dute. Zentzu honetan, aurkeztu berri dituzten aurrekontu egitasmoetan «ez haurreskoletan ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk ez da jasotzen».

Lakua: %66,5

Lakuako Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, grebaren jarraipena %66,5ekoa izan da. Haurreskoletan lan egiten duten 1.060 hezitzaileetatik 705ek egin dute greba, ohar batean azaldu duenez.