NAIZ
DONOSTIA

Carles Castillejo eta Aroa Merinok errepikatu dute Behobian

Iragan urteko garaile berak utzi dizkigu Behobia-Donostiaren 53. edizioak: Carles Castillejo eta Aroa Merino. 1:00:39 behar izan du lehenak ibilbidea osatzeko; 1:11:05, aldiz, bigarrenak.

Carles Castellejo, helmugan. (@bengoadonostia)
Carles Castellejo, helmugan. (@bengoadonostia)

Behobia-Donostiaren 53. edizioak baditu bere irabazleak, eta ez dira berriak. 2016ko edizioan lez, Carles Castillejo eta Aroa Merino gailendu dira, hurrenez-hurren, kategoria maskulino eta femeninoan.

Hirugarren txapela du jada Castillejok, zeinak 1:00:39 behar izan duen ibilbidea osatzeko. Haren atzetik sartu dira helmugan Camilo Santiago (1:01:31) eta Iraitz Arrospide (1:02:37) lehen euskalduna.

Emakumetan, berriz, 1:11:05 behar izan du Merinok, 1:16:46 Maria Noguerok eta 1:16:56 Dolores Marcok. Maite Arraiza izan da lehenengo emakume gipuzkoarra, 1:17:35 denborarekin.

30.000 atleta inguru espero ziren aurtengo edizioan, bustitik joan den lasterketan. Hala ere, eurijasa handirik egin ez izana lagungarri suertatu zaie korrikalariei. 15º-rekin eta 20 kilometro pasatxo aurretik, irteera mailakatuan atera dira guztiak.

Errepide bazterrak, berriz, jendez lepo bete dira 53. edizio honetarako ere. Ohi bezala hamaika bitxikeria utzi ditu 2017ko Behobiak ere, bandera pirata altuan korrikalariak animatzen aritu den ikusle honen kasua adibidez.

Lasterketa bera gozamen suerta daiteke batzuentzat –baita ametsgaizto ere–, baina benetako plazera amaieran dator, helmugako marra gainditu ostean.

Osasun zerbitzuek aditzera eman dutenez, ez da zoritxarreko albisterik gaurkoan, nahiz eta batek edo bestek osasun arazo txikiren bat izan.

Antolakuntzak emandako datuen arabera, izan eman zuten 30.921 lasterkariren artean 25.486 izan dira martxan abiatu direnak; lasterketa, berriz, 184 korrikalarik soilik utzi behar izan dute.