Ane URKIRI ANSOLA

Funtzionalitatea eta zehaztasuna bilatzen dute 3D inprimagailuek

Beste pabiloietako zaratatik zein makina erraldoietatik gertu baina era berean urrun zegoen BECeko 4.0 eremua: alegia, fabrikazio gehigarri zein hiru dimentsioko teknologia hornitzaileena. Merkatuan bete-betean sartuta daude jadanik, medikuntzaraino iritsiz.

Zehaztasun maila gorenarekin topo egin zuten makina-erremintaren 30. biurtekoaren barnean antolatutako 3D teknologia pabiloira gerturatu ziren pertsonek. “4.0” izena jarri zioten laugarren eremu horri, industria teknologikoarekin jokatuz, Addit3d izenordea duen merkatuaren hirugarren azokaratzea izanik. Gehigarrien fabrikazioan hiru dimentsioko inprimagailuak izan ziren izarrak, begirada guztiak horietara zuzendu ziren.

Askotan galdetu ohi da inprimagailu horiek zertarako balio duten, zein funtzio erreal duten asmakizun berri hauek. Bada, Biemh Azokan horien erabilera guztiak ezagutarazteko parada egon zen; izan ere, guk uste dugun baino iltzatuago daude industria enpresetan. «20 orduan 2.000 galdaketa pieza egin ditzake hauetako batek», adierazi zuen Igor Abendaño Hermann Otto Suderow S.L. konpainiako kideak, informazio orrietan agertzen zen S-Max inprimagailua seinalatuz. Hondar hautsarekin egiten dute lana; erretxina baten bitartez geruza bakoitza batu eta gogortzen du inprimagailuak. ExOne enpresarena da makina hori eta, Abendañok onartu zuenez, agian ez da denbora askorik aurrezten baina behintzat tradizionalki egiten zen moldea –ondoren piezak egiten joateko– eraikitzeko prozesua ezabatzen da: «Ordenagailuan piezaren diseinua edukita, inprimagailuari hori nahi duzula adierazi eta zuzenean eskuratu ditzakezu behin-betiko piezak».

Moldea egiteko prozedura aurrezteko, baina, tramankulu hauetan inbertitu behar da eta CNCBarcenas enpresari bezero batek makinen kostuaren inguruko galdera egitean ingeniaria jokoz kanpo utzi zuen eta hori erantzutea bere esku ez zegoela argitu zion. Esaterako, 1.799 euro balio zuen Join3d enpresaren mahaian zegoen Liquid Crystal 3D inprimagailuak, tamaina estandarrekoak. Prezioa bistan zuen bakarra zen.

Makina-erremintaren azokako antolatzaileek jakinarazi zutenez, Fabrikazio Gehigarri eta 3D Fabrikazioaren Nazioarteko 3. Azokaren deialdia une egokian egin da: «Fabrikazio gehigarriko munduko industriari buruzko urteko azken txostenaren arabera, %21 egin zuen gora fabrikazio gehigarriak 2017an». Ultimaker banatzailearen esanetan, baina, Grupo Sicnovarekin elkarlanean, aurreneko bi egunotan ez dute negoziazio askorik lortu eta asteburua hurbiltzen den heinean akordio gehiago lortzea espero dute.

 

Hazkunde azkarra

Gehiengoa industriarako piezak izanik ere, bazeuden jakin-min handiagoa sortzen zuten elementuak. Aiju Teknologia Institutuko mahaiak, esaterako, eskulanen merkatu bat zirudien, oporretatik etxera ekarri ohi ditugun diseinuzko elementuez beterik. Artisautza bera ere ordezkatzera irits daitezke 3D inprimagailuak. Are, gitarra elektriko bat egiteko gaitasuna ere erakutsi zuten Wasp enpresa italiarraren stand-ean, Delta Wasp 2040 Turbo 2 makinarekin egina. Harro erakusten zuten, baita pieza bakar batean inprimatua izan den aurreneko karenajea ere.

Baina ikusgarriak izatetik harago, «hobekuntza» dute helburu makina hauen egileek. «Behin-betiko emaitza hobetzen ez badu, ez da merkaturatzen. Hori argi dago», azpimarratu zuen Bizkaiko Addimen enpresako Joseba Sagarnak. «Gainera, pieza hori mekanizatu baldin bada, guk ez dugula egingo esaten diogu bezeroari, ez baitu merezi. Laburbilduz, era tradizionalean egin ezin dena egiten dugu».

Azkar hazten ari den merkatua dela esan zuen, nahiz eta oraindik inprimagailuak egiten dituzten enpresak murritzak izan, «garestia baita prozesua». Zaragozako Dynamical Tools konpainia, bere stand-a edukitzeaz gain, bere bezeroenetan ere presente zegoen. Duela hiru urte jaioa, 2019rako beste hiru inprimagailu mota merkaturatzeko asmoa dute; horiek ere ikusi ahal izan ziren BECen. «Begira nola hazi den; 2016an makina batekin etorri ginen eta orain lau ditugu lanerako prest», zehaztu zuen Miguel Penak.

Medikuntzan ere bere arrastoa egiten ari dira gehigarriak eta jadanik gure artean daude, hezur baten hausturak konpontzeko, adibidez. Osasunean du funtzionalitatea, medikuarentzat aholkularitza zerbitzu moduko bat eskainiz. «Entseatzeko aukera ematen dio medikuari, arazoari irtenbidea emateko nahi beste proba egiteko aukera», nabarmendu zuen Gorka Fernandezek, Mizar Additive Manufacturing enpresako kideak. «Neurrira eginiko kasuetan lan egin eta akatsak saihestea ahalbidetzen du, Ctrl+Z egitea bezalaxe, alajaina», kontatu zuen, masailezurreko distonia kasu erreala deskribatzearekin batera: «Dosia txikitu eta prezisioak irabazi du». Ingeniari zein mediku, guztiek lortu nahi baitute zehaztasuna.