Jon Ormazabal

Abiadura bizian sartu da Joseba Ezkurdia bakarkako bere lehen finalean (17-22)

Arbizukoak beste bizitasun bat eman dio pilotari eta bera izango da Jokin Altunaren arerioa hilaren 18ko Navarra Arenako finalean.

Ezkurdia, pozarren. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ezkurdia, pozarren. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Argi dago Bizkaia pilotalekuan bertan irabazitako Binakako txapelak zerbait aldatu duela Joseba Ezkurdiaren barruan. Bertan pilatutako konfiantzari esker, bere bakarkako lehen finala jokatuko du Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurka, Bilboko finalerdian Mikel Urrutikoetxeari 17-22 irabazi ostean.

Orain arte buruz buru elkarren kontra jokatutako partida guztiak Zaratamoak zituen irabaziak eta gaur 3-0 aurreratu den arren, azkar erakutsi du Sakanakoak bolada horri amaiera jartzeko prest iritsi dela partidara.

Sakea berreskuratu eta lehen pilotakadarekin mina eginaz, berehala lortu du Ezkurdiak partida bere aldera haustea. Pilotari sekulako abiadura eman dio eta Urrutikoetxeak, ohi duen bezala, sakeak ondo eraman dituen arren, jokoaren ekimena Aspeko aurrelariarena izan da (4-14).

Bestelakorik pentsa zitekeen arren, sekula ez dago Urrutikoetxea galtzailetzat jotzerik eta txapelketan nabarmen gora egin duela berretsiz, Asegarceko aurrelaria partidara puntu onean heldu da.

Bera ere sake-errematean min egiteko gai izan da eta Ezkurdiaren antzinako mamuak pizteko zorian egon da 15-19 gerturatu denean, baina konfiantzaz bete egon den Ezkurdiak ez dio aukerarik eman.