NAIZ

II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra abiatu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra abiatu du gaur Bilbon. Lehen saioan, «euskararen kaleidoskopioa» defendatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bihar, Herri Hizkeren Atlasaren X. Liburukia aurkeztuko dute.

Gaur goizeko saioa, Bilbon.
Gaur goizeko saioa, Bilbon.

Euskaltzaindiak II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrari ekin dio gaur goizean Bilbon. Andres Urrutia euskaltzainburuak akademiak dialektologiari hastapenetik eman dion garrantzia azpimarratu du, bere hitzetan, «daukaguna ezagutzeak» berebiziko garrantzia baitu eta zehaztu du horretarako ezinbestekoa dela «herriz herri joatea, ikustea, biltzea, sailkatzea, eta gero, ondorioak atera eta gizarteari berriro eskaintzea». Egindakoaz gogoeta egiteko ez ezik, jardunaldi akademikoak «etorkizun ildo batean jartzeko» balio behar du euskaltzainburuaren iritzian.

Euskararen estandarrari ere heldu dio Urrutiak. «Batasuna ez da eraberekotasuna» nabarmendu du, eta berretsi: «Batasunak ez du euskararen kaleidoskopioa ukatzen. Batasuna osatu eta aberastu egiten da, prisma horren kolore guztiak hartzen dituenean». Euskalkietatik datorrenaz gainera, forma berriak ere barne hartu ditu Urrutiak.

Bere aldetik, Bingen Zupiriak euskal hiztunen «ardurak» izan ditu hizpide: «Euskara batua ez du Euskaltzaindiak bakarrik egingo, erabiltzaileok egingo dugu edo ez da izango». Hain zuzen, hortxe kokatu du euskalkiaren garrantzia. Estandarra hezurdura izanik, «aldiko jantzi bat edo beste bat hartuko du euskarak, baina erabiltzaile bakoitzak emana izango da». Era berean, orekaren alde egin du, alegia, «batzuetan bizkaieraren jantziak handiagoa behar luke, sarriegitan gipuzkera hartu duen bezala».

Herri Hizkeren atlasa

Gaurko ponentzia nagusiek euskararen atlasgintza izan dute ardatz. Hala, Adolfo Arejitak «atzera-aurrerako soa» egin dio Euskararen Herri Hizkeren Atlasari, egitasmoaren zuzendari den aldetik. Orain arte egindako bidean zedarri izan diren pausoak azaldu ostean, egiteke leudekeenak aipatu ditu: «Lehen bildu ez diren eremu semantikoetan askoz material gehiago bildu daiteke», esan du. Hurrengo ildoei begira, Euskaltzaindiak «dituen premiak» izan beharko luketela oinarri zehaztu du: «Ahozkotasuna behar bezala eta modu sistematikoz osatuta ez badago, horri heldu beharko dio».

Arejitak zein Xarles Videgain Atlasaren arduradun teknikoak hark barruan ezkutaturik daukan «altxorra» jarri dute balioan: «Etnotestuak, ipuinak, pasadizoak nahiz legendak, herri jakinduria batzen duen material ugari dago audio gisa grabatuta dauden 4.000 orduetan».

Bihar, Herri Hizkeren Atlasaren X. Liburukia aurkeztuko da jendaurrean.