Manex ALTUNA

Athleticek egonaldia egingo du Alemanian uztailaren 21etik 28ra

Athleticek lagunarteko bi partida jokatuko ditu Alemanian egingo duten egonaldian. Uztailaren 4ean abiatuko dute aurre denboraldia zuri-gorriek Lezaman eta 20ean jokatuko dute lehen partida Arenas taldearen kontra.

Athleticen lan saio bat. (@AthleticClub)
Athleticen lan saio bat. (@AthleticClub)

Athleticek Alemanian egingo du denboraldi aurreko egonaldia, uztailaren 21etik 28ra bitartean, eta lagunarteko bi partida jokatuko ditu. Paderborn eta Borussia Mönchengladbach taldeen aurka izango dela argitaratu dute hasiera batean baina gero hurrengo egunetan baieztatuko dituztela azaldu dute webgunean.

Marienfield hiriko Residence Klosterpforte hotelean egingo dute egonaldia, uztailaren 27ko gauean izan ezik, webgunean argitaratutako oharraren arabera.

Esan bezala, Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak bi lagunarteko jokatuko ditu egonaldi horretan, uztailaren 27an eta 28an.

Athleticen lehen taldeak uztailaren 4ean abiatuko du denboraldi aurrea Lezaman. Aurpegi berriak bigarren taldetik iritsiko dira. Oleaga, Vivian, Sancet, Villalibre, Vicente eta Larrazabal deitu ditu Gaizka Garitanok. Lagata aritu diren, Andoni Lopez, Ganea eta Vesga ere itzuliko dira. Bartzelona Btik fitxatutako Ezkieta atezainak ere aurredenboraldia egingo du lehen taldearekin, baina printzipioz Bilbao Athleticen arituko da. 33 jokalari dira eta Garitanok erabakiak hartu beharko ditu liga hasi aurretik.

Uztailaren 20ean Arenas taldearen kontra jokatuko du Athleticek lehen partida.

Bestalde, abuztuan hiru lagunarteko jokatuko ditu talde zuri-gorriak. West Ham taldearen aurka arituko da abuztuaren 3an London-en eta Racing eta Numanciaren kontrako partidak ere iragarri ditu, abuztuaren 4 eta 1erako, hain zuzen ere.