Nagore BELASTEGI

Koarentenak sormena pizten al du?

Shakespearek izurrite bat gainditu zuen jaioberria zela, eta gero etorri zirenak aukera bezala hartu zituen, arazo bat bezala baino: urtebetez antzokiak itxi zituztenean berak 10 lan sortu zituen. Newtonek, berriz, Grabitatearen Legea garatu zuen unibertsitatea itxi eta etxera bidali zutenean.

Istorio herrikoien arabera, Newtonek sagar bat erortzen ikustean deskubritu zuen grabitatea. (GETTYIMAGES)
Istorio herrikoien arabera, Newtonek sagar bat erortzen ikustean deskubritu zuen grabitatea. (GETTYIMAGES)

Gauza txarrek ere alde ona dutela diote, eta berrogeialdiak ere hala beharko du. Etorkizunean, zaharrak garenean, gure ondorengoei kontatu ahalko diegu nola pasatu genituen bizpairu aste etxean sartuta, nola nazkatu ginen telebistaz eta sare sozialetaz eta nola hasi ginen berriro puzzleak egiten eta mahai jokoak erabiltzen, kafe goxo baten bueltan. Baina agian norbaitek ere kontatu ahalko du bere liburu kuttuna egun horietan zehar idatzi zuela, edo artelan horren muina orduan sortu zela.

Begiratu dezagun atzera. Begiratu diezaiogun maisu bati. Jo dezagun William Shakespeare, antzezlan klasiko ospetsu askoren sortzailea. 1564. urteko udako egun batean Britainia Handiko mendialdeko Stratfod-upon-Avon herrian emakume bat hil zen eta tragedia horren berria azkar zabaldu zen. Erregistroetan, bere izenaren alboan, hiru hitz ageri ziren. «Hic incipit pestis» (hemen hasten da izurritea).

Izurriteak gogor jo zuen herria. Hil ala bizi zoriaren erabakia zen. Familia osoak eraman zituen. Henley Street kalean, adibidez, bikote gazte bat bizi zen. Aurreko beste izurriteen ondorioz bi seme galdu zituen eta txikienak hiru hilabete zituen. Itxi zituzten etxeko leiho eta ateak izurritea sartu ez zedin. Ondo zekiten haur txikiak bereziki zaurgarriak zirela gaixotasun indartsu horren aurrean. Izurritea amaitzean Stratford-upon-Avoneko bikotea eta haien seme txikia bizirik zeuden. Shakespeare familia.

Izurrite hori ez zen gerora idazle egingo zen William Shakespearek jasan zuen bakarra. Izan ere, bere bizitzan behin eta berriro agertu zen eta horrek eragina izan zuen idatzi zituen lanetan. Gaia ezkutuan mantendu arren, bere obra nagusietan zeharka agertzen da. Adibidez, ‘Romeo eta Julieta’, bere antzezlanik ospetsuenean, trajedia eragin zuen aldagaia izurritea bera izan zen.

Lan klasiko honetako protagonistak Romeo eta Julieta gazteak dira, bata Capuleto familiakoa eta Montesco familiakoa bestea. Etsaiak izan beharko lukete baina maitemindu egiten dira eta elkarrekin egon ahal izateko modu bakarra ezkutuka ezkontzea da. Hori lortzeko plan bat garatzen dute: Julietak pozoi bat hartuko du hildakoaren plantan egiteko, Romeok bere gorputza lapurtu eta esnatzean ezkonduko ziren. Plan horren berri badu Julietak, baina Romeok gutun informatibo bat jaso beharko du. Zoritxarrez, ez du gutun hori sekula jasoko eta Julietaren gorpua aurkitzean bere buruaz beste egiten du. Julietak, bere heriotza faltsutik esnatzean bere maitatua ikusten du hilda, eta berak ere bere buruaz beste egiten du.

Baina, zergatik ez zuen zegokion gutuna jaso Romeok? Bada bidali behar ziona berrogeialdian zegoelako bere herritik ezin atera. Hala, izurriteak literaturako maitasun historiorik famatuenarekin amaitu zuen.

10 lan urte batean

Garai hartako adituek uste zuten Shakespearek 5 urteko garai oparo bat izan zuela eta tarte horretan urtean bi antzezlan idatzi zituela, tartean ‘Lear erregea’, ‘Macbeth’ eta ‘Antony eta Cleopatra’. Duela gutxira arte uste zen 10 antzezlan idatzi zituela bost urtetan, baina egungo adituek beste teoria bat dute. Dirudienez Shakespearek inspirazio garai laburrak zituen, baina oso emankorrak. Hori dela eta, garai bateko adituek zatiketa sinplea egiten zuten bitartean –5 urtetan 10 pieza eman baditu, bi idatzi ditu urtean–, egungoek beste faktore batzuk dituzte kontutan.

Bere bizitzan hamarnaka antzezlan idatzi zituen eta guztiak multzokatuta zeuden, baita 10 horiek ere. Zerk azaldu dezake denbora gutxian hain emankor egotea? 1606. urtean egon zen izurritea. Londresen zabaldu zen izurrite batek antzokiak ixtera behartu zuen eta Shakespeareren antzerki konpainiak –The King's Men– bere aktibitatea eten behar izan zuen. Berriro lanera itzultzen ziren bitartean, dramaturgoak erabaki zuen izurritea jota ez zeuden herrietatik bidaia bat egitea eta bertan zegoela, denbora aprobetxatzeko, idazteari ekin zion. 1590tik geroztik beste idazleekin elkarlanean aritu zen, eta orain, behingoz, denbora zuen nahi zuen guztia idazteko.

Grabitatearen Legea

Baina literaturaz gain zientzian ere izan ziren izurriteak eskaintzen zizkien abaguneak baliatu zituztenak. Horien adibide da Isaac Newton. 1665. urtean beste izurrite batek kolpatu zuen Londres. Newton ikaslea zen oraindik eta Cambridgeko unibertsitatea utzi behar izan zuen etxera itzultzeko. Bertan ikasten jarraitu zuen eta bere buruan bueltaka zituen hainbat galderei erantzuna ematen saiatu zen. Tarte horretan naturaren mugimenduaren eta grabitatearen inguruko teoreman aurrera pauso handiak eman zituen. Kontakizun herrikoiek diotenez, etxeko zuhaitz baten itzaletan atseden hartzen ari zela sagar bat erori zen eta horrek eman zion ideia bat, nahiz eta dudarik gabe prozesua askoz konplexuagoa izan zen.

1667an Cambridgera itzuli zen bere teorema guztiak besazpian zituela. Bi urte geroago irakasle izendatu zuten. Bertan garatu zuen grabitatearen legea.

Shakespeare eta Newton geinu hutsak izan ziren. Denok ez dugu mundu mailan ospetsua egingo den eta mendeen poderioz klasiko bilakatuko den antzezlana idatziko, ezta mundua asaldatuko duen teorema zientifiko bat asmatuko, baina agian lasai egoteko dugun tarte hau guretzako garrantzitsua izango den zerbait egiteko baliatu dezakegu. Zer egingo duzu zuk?