naiz

Osasun krisiari erantzuterakoan, genero ikuspegiaren beharra nabarmendu du Emakundek

Emakundek osasun krisiak eragindako politiketan genero ikuspegia txertatzearen beharra nabarmendu du eta horretarako atal espezifiko bat ireki du bere webgunean. Bertan, gomendioak egin ditu eta nazioarteko hainbat erakunderenak jaso ere.

Emakundeko zuzendari, Izaskun Landaida, artxiboko irudian.
Emakundeko zuzendari, Izaskun Landaida, artxiboko irudian.

Emakundek nabarmendu du «beharrezkoa» dela Covid-19 gaitzaren krisiak eragindako osasun, gizarte, ekonomia eta politikako lehentasunei erantzutean genero ikuspegia txertatzea, «krisiaren esparruan emakumeen eta gizonen behar eta abiapuntuko egoera desberdinei erantzun ahal izateko».

Nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Nazio Batuen Erakundeak, Europar Batasunak, Lanaren Nazioarteko Erakundeak eta adituek adierazi dutenez, «genero ikuspegia txertatzeak baldintzatuko du neurri handi batean nola aterako garen krisi honetatik», Emakunderen arabera.

Hala, txertatze horri laguntzeko, Emakundek atal espezifiko bat ireki du bere webgunean. Bertan, gomendioak egin ditu eta nazioarteko hainbat erakunderenak jaso ditu, «epe labur, ertain eta luzean hartzen diren neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, bai emakumeentzat, bai gizonentzat, eta inor atzean geratu ez dadin, Garapenerako Euskadi Basque Country 2030 Agendak zehazten duen bezala». Espazio hori aldian aldian osatuko da.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako arreta zerbitzuen funtzionamendua bermatzea da lehentasunetako bat, bai eta biktima guztiek zerbitzu horietarako sarbidea izatea ere, haien aniztasuna kontuan hartuta. «EAEn zerbitzu horiek funtzionatzen ari dira, eta Emakunde, inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan, erakundeen erantzuna koordinatzen ari da arlo horretan, bai eta horri buruzko informazioa zabaltzen eta herritarren eskura jartzen ere», esan du.

Gainera, azpimarratu egin du krisiak eragin desberdinak dituela gizonengan eta emakumeengan, «adibidez, zaintzaren esparruan, batez ere emakumeak baitira zaintza lanen kargu egiten direnak, bai esparru profesionalean, bai ez profesionalean; edo enpleguaren esparruan, emakumeak lan merkatuko desberdintasun egoera batetik abiatzen baitira».

Halaber, adineko pertsonen, guraso bakarreko familien eta egoera bereziki ahulean dauden beste gizarte talde batzuen premia espezifikoei erantzutea «funtsezkoa» dela deritzo, horietan emakumeak baitira nagusi. «Esparru horietan eta beste batzuetan beharrezkoa eta premiazkoa den erantzunaz gain, nazioarteko eta Europako erakunde nagusiek eta hainbat herrialdek pandemiaren aurreko erantzunean genero ikuspegia modu integralean txertatzeko beharra adierazi dute, eta horretarako gomendioak eta dokumentuak argitaratu dituzte», azaldu du.

Emakundek sortutako gunean, besteak beste, NBE Emakumeak, NBEko Biztanleria Funtsa, NBEko Garapenerako Programa, Genero Berdintasunerako Europako Institutua (EIGE) eta Europako Kontseiluak egindako hausnarketa eta gomendioak bildu dira. Halaber, maiatzaren hasieran, Emakundek elkarrizketa eta mahai inguru birtualak hasiko ditu gaian adituak diren pertsonekin.