NAIZ

Pertsona bat zendu da, 28 gehiago sendatu dira eta bostek eman dute positibo Gipuzkoako egoitzetan

Beste pertsona bat hil da azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Beste bost lagunek positibo eman dute eta 28 gehiagok Covid-19 gainditu dute, Diputazioak gaur eman dituen datuen arabera.

Suhiltzaileak Zumarragako egoitza desinfektatzen. (Andoni LUBAKI/FOKU)
Suhiltzaileak Zumarragako egoitza desinfektatzen. (Andoni LUBAKI/FOKU)

Azken orduetan lagun bat zendu da Arrasateko Iturbide egoitzan, eta bost pertsonak positibo eman dute 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatuta dagoen Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako sarean.

Beste 28 lagun gehiagok Covid-19 gainditu dute Arrasateko Iturbiden (8), Donostiako Berran (9), Zumaiako Otezurin (3), Eibarko San Andres (3) eta Egogainen (2), Zarauzko Santa Anan (1) eta Tolosako Iurreamendin (2).

Eider Mendoza foru bozeramaileak eguneroko balantzea egitean azaldu Iurreamendi Covid-19 gabe geratu dela positibo eman zuten azken bi pertsonek alta jaso ostean.

Horrela, jada hiru dira, positiboak izan ondoren, euren zentroetan kasu aktiborik ez duten egoitzak: Iurreamendi, Beasaingo Arangoiti eta Hondarribiko Caser Residencial Betharram.

Bestalde, 13 dira gaur egun kasu positiboak dituzten egoitzak; 15 lagun ingresatuta daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan eta 17 ospitalean.

Guztira, gaur arte, 165 pertsona hil dira koronabirusarekin, 77k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute eta 312 adinekeK jaso dute mediku alta; hurrenez hurren, %29,8a, %13,6a eta %56,3a ordezkatzen dute.

Beste kolektiboen egoerari dagokionez, hala nola, desgaitasuna duten pertsonena eta adin txikikoena, ez da aldaketarik egon azken orduetan. Bozeramaileak gogorarazi du desgaitasuna duten 17 lagunek eman zutela positibo lau zentrotan eta guztiek jaso zutela mediku alta, azkenak pasa den apirilaren 29an.

Haurren eta nerabeen babeserako foru egoitza sarean artatutako adin txikikoei dagokienez, bat da diagnostiko positiboarekin jarraitzen duena. Sare hori 43 zentro eta 450 plazaz osatuta dago.

Bestalde, suhiltzaileek, DYAko boluntarioek eta ekipo espezializatuek desinfekzio lanekin jarraitzen dute, eta atzo eta gaur berriro desinfektatu dituzte Arangoiti (Beasain), Argixao (Zumarraga), San Juan de Dios (Arrasate), Otezuri (Zumaia), Santa Ana (Zarautz), Iurreamendi (Tolosa), Iturbide (Arrasate) eta San Jose (Ordizia).