NAIZ

Elkarretaratzea deitu dute Iruñean Martin Villa ministro frankista ohiaren deklarazioaren aurrean

Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistak Maria Servini epaile argentinarraren aurrean ostegunean egin behar duen adierazpenarekin bat eginez, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, irailak 3, 12.00etan Iruñeko epaitegien aurrean.

Martxoak 3 plataformaren elkarretaratzea duela urte batzuk. (Juanan RUIZ/FOKU)
Martxoak 3 plataformaren elkarretaratzea duela urte batzuk. (Juanan RUIZ/FOKU)

Francoren diktaduraren krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa ministro ohia deklaratzera deitu du ostegun honetan, telematikoki, Madrilen dagoen Argentinaren enbaxadan. Deklarazioa Buenos Airesko magistratuaren bulegoaren eta Argentinak Madrilen duen kontsuletxearen artean hartuko dute, izan ere, agintari frankista ohiak 16.00etan joan behar du bertara.

Beste delitu batzuen artean, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako bost langileren sarraskia eta 1978ko sanferminetan Iruñeko zezen-plazan izandako errepresio poliziala –German Rodriguez hil zuten tiroz– leporatzen zaio Martin Villari.

Hori dela eta, ministro frankista ohiaren adierazpenarekin bat eginez, SF78 Gogoan plataformak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, irailak 3, 12.00etan, Iruñeko epaitegien aurrean.

Ekitaldi horretan Martin Villa persona non grata deklaratu duten herrietako udalek eta udal taldeek (Lizarra, Zizur, Iruñea, Irun, Gasteiz, Errenteria, Arrasate, Bergara, Elgeta...) hartuko dute parte, bai eta zenbait parlamentariok ere. Orobat, Martxoak 3 elkarteko eta Goldatu elkarteko ordezkariak bertan izango dira ere.

Horretaz gaiz, CEAQUA (Kereila Argentinarra Sostengatzeko Estatuko Koordinadora) zenbait mobilizazio ari da bultzatzen egun ostegun honetarako espainiar Estatuan. Madrilen prentsaurreko bat eskainiko dute 12.30ean.