NAIZ
Donostia

Abel Ferrararen ‘Sportin' life’ izango da Zinemaldiko film sorpresa

Abel Ferrara zuzendari estatubatuarraren ‘Sportin' life’ izango da aurtengo Zinemaldiko film sorpresa. Egilea bera Donostian izango da, aurkezteko. Larunbat arratsaldean emango dute, Victoria Eugenia antzokian.

Abel Ferrara, Veneziako Mostran. (Tiziana FABI/AFP)
Abel Ferrara, Veneziako Mostran. (Tiziana FABI/AFP)

Aurtengo Zinemaldiko film sorpresa zein izango den badakigu dagoeneko: Abel Ferrararen ‘Sportin' life’. Larunbatean ikusi ahal izango da, 15.45ean, Victoria Eugenia antzokian, eta zuzendari estatubatuarra bertan izango da, Zinemaldiak ohar batean azaldu duenez.

Besteak beste, ‘Bad Lieutenant’ (1992) eta ‘The Funeral’ (1996) filmen zuzendariak 68 minutuko dokumental bat grabatu du konfinamendu garaian. Veneziako zinemaldian estreinatu zen, eta bere emazte Cristina Chirian, alaba Anna eta adiskideak agertzen dira, tartean, Willem Dafoe (Zinemaldiaren edizio honetako kartelaren irudia) eta Paul Hipp aktoreak, eta Joe Delia musikaria. Berlineko azken zinema-jaialdian ‘Siberia’ filma aurkezten bizitakoak jaso ditu dokumentalean, eta New York nahiz Erroma jenderik gabe ere ikus daitezke.

‘Self’ nazioarteko proiektu artistikoaren seigarren inkarnazioa da ‘Sportin' Life’, Anthony Vaccarello Saint Laurenteko zuzendari-sortzaileak komisariatua. Proiektu hau gizartearen kronika artistikoa da, eta hainbat pertsonaren konplexutasuna azpimarratzen du, Saint Laurent-en konfiantza, indibidualtasun eta adierazpen pertsonalaren jarrera gogorarazten duten artisten begien bidez. 

Dokumentalak artista baten iturriak, sormenaren historia pertsonala eta funtsezko bizitza aztertzen ditu. Abel Ferrarak bere bizitzarekiko duen begirada intimo eta aberatsa, bere artearen bidez islatutako mundua: musika, zinema, bere kolaboratzaileak eta Ferrararen lehen lanetako inspirazio iturriak, baita Willem Dafoe, Joe Delia, Paul Hipp eta lan hau inspiratu duten musikariekin egindako elkarlanak ere.

Donostiako Zinemaldiak atzera begirako bat eskaini zion Abel Ferrarari orain hamabost urte, 2005ean. Gipuzkoako hiriburuan azken aldiz 2014an izan zen, Perlak sailean ‘Pasolini’ eskaintzen zutela-eta