Martxelo DÍAZ

Nafarroako presoek bisean bisekorik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Nafarroako presoek ez dituzte bisean bisekorik berreskuratu. Koronabirusarengatik kendu zizkieten eta ez dituzte berreskuratu. Horrela salatu dute gaur Iruñean #SosPresoakCovid19 ekimeneko kideek. Egoera hau bai Iruñeko espetxean bai Nafarroatik kanpo dauden kartzeletan ematen da.

#SOSPresoakCovid19 ekimena osatzen duten taldeetako ordezkariak gaur Iruñea. (#SOSPresoakCovid19)
#SOSPresoakCovid19 ekimena osatzen duten taldeetako ordezkariak gaur Iruñea. (#SOSPresoakCovid19)

Pandemiaren eraginez kartzeletako egoera okerrera egin du eta «normaltasun berria»-rekin ez da hobetu. Horrela nabarmendu dute gaur Iruñean #SOSPresoakCovid19 ekimeneko kideek komunikabideekin izan duten topaketan.

Salhaketa Nafarroako arduradun Libertad Francesek nabarmendu duenez, Iruñeko espetxean bisean biseko komunikazioak etenda daude abuztutik eta ez ez dira berreskuratu, neurri hau eragin zuen egoera gainditu bada ere. Neurri hau konpensatzeko bideodeiak egiteko aukera baliatuko zela zabaldu zuen Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak, baina Iruñeko espetxea ez dira berreskuratu. «Bideodeiak egiteari utzi zioten kristala tarteko komunikazioak berrezarri zirenean, eta egoera oso zehatzetan baizik ez dira baimentzen, epailearekin komunikatzeko edo familiakoekin urgentziako gaietarako», azaldu du Francesek. Salhaketa Nafarroako ordezkariarekin batera, Antxon Ramirez de Alda (Altsasuko Gurasoak), Gorka Garcia (Etxerat) eta Mikel Mundiñano (Sare Herritarra) izan dira agerraldian.

Bisean bisekoekin gertatu dena Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak covid-19arekin egin duen «kudeaketa oso eskasaren» adibide bat baino ez da. «Kasu guztietan neurri murriztaileenak eta eskubideak urranrzen dituztenak aukeratu dituzte», nabarmendu du Francesek.

Beste adibide bat: «normalitate berriak» hori eskatzen ez badu ere, Iruñeko espetxetik baimenarekin ateratzen diren presoak kartzelara itzultzean isolamendua ezartzen zaie presoei. Batzuetan bi egunetako isolamendua da, besteetan hamar egunetakoa, besteetan hamabi... «Ez dago irizpide zehatzik», salatu du Francesek. Isolamendu hau ez dute gune sanitarioetan egiten, ziegetan baizik. Isolamendualdian ziegan dago egun osoan, ziegan bazkaltzen dute eta ezin dute bisitarik egin.

Espetxe barruan egiten diren jarduerak eta tailerrak ez dira berreskuratu. «Iruñeko kartzelan ez dira oraindik hasi lehengo jarduera guztiak, eta horietako asko ez dira betetzen ziren moduan. Multikirola, prestakuntza ikastaroak eta eskola jarduerak ez dira berriz hasi, eta ez da datarik zehaztu horiei berriz heltzeko. Kartzelatik kanpo eskola jarduera maila guztietan abian jarri bada ere, kartzelan ez hala gertatu», azaldu du Francesek.

Musukorik gabe

Iruñeko kartzelan funtzionariek ez dituztela osasun segurtasunerako neurririk erabiltzen salatu du Francesek, nahiz eta kanpora ateratzen direnez espetxera koronabirusa sartu dezakete. «Are gehiago, alarma egoera deklaratu zenetik gaur arte presoei ez zaie inolako gel hidroalkoholikorik eman, ez eta beste ezein prebentzio neurri ere. Maskarak eman zaizkie bisean biseko komunikazioak egin dituztenei bakarrik, komunikazioa izan ondotik hamar egunez maskara erabltzera behartuta zeudelako. Maskara bakar bat ematen zuten hamar egunerako», azaldu du.

Iruñeko espetxeko egoeraren berri eman dute, Nafarroatik kanpoko espetxetan dauden 184 preso nafar daudela ere gogoratu dute. «Covid-19aren osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du presoek bizi duten egoera ahulagoa dela, are gehiago zigorra erroturik dauden tokitik urrun betetzen ari direnentzat, eta eskubideen urraketa nabaria izan dela bai konfinamenduan bai orain», esan du.

Alarma egoeran, ezin zen probintzia batetik beste batera pasa bisitak eta baimenak egiteko. #SosPresoakCovid19 ekimenak egoera hori konpontzeko eskatu zuen, «baina ez zen lortu». «Orain, ordea, komunikazioak murrizten ari dira berriz, Iruñeko espetxean ez ezik 184 preso nafarrak edo Nafarroan erroturik daudenak zigorra betetzen ari diren kartzela horietako askotan ere», ohartu du.

%80a vis a vis delakorik gabe

184 preso nafar horiek Estatu espainoleko 42 kartzelatan eta CIS batean daude. Bisean bisekorik ez dituzte 33 espetxetan: Zaballa, Almeria, Avila, Badajoz, Mallorca, Burgos, Alcazar de San Juan, Herrera, Kordoba, Teixeiro, Albolote, Martutene, Huelva, Jaen, Leon, Logroño, Monterroso, Valdemoro, Navalcarnero, Soto del Real, Aranjuez, Estremera, Murtzia II, La Moraleja, Topas, El Dueso, Segovia, Soria, Ocaña I, Ocaña II, Antonio Asuncion Hernandez (Valentzia II), Zuera, Daroca eta Ceutan.

Zortzi espetxetan, berriz, bisean bisekorik mantendu dira: Villena, Eivissa, Puerto I, Castello I, Castello II (ondoren hamar egunez bakartuta egotera behartzen dituzte), Huelva (vis a vis intimoa edo familiarra hautatu behar dute), Asturies eta Sevilla II. Alacanteko Espetxe Psikiatrikoaren daturik ez dituzte lortu.

Iruñeko espetxeetako datuak eta Nafarroako kanpokoak kontuan hartuta, Nafarroako presoen %80a bisean bisekorik gabe dagoela salatu dute.

Nazioarteko erakundeek koronabirusari aurre egiteko kartzelak husteko deia egin bazuten ere, Estatu espainolean aurkakoa, espetxeak itxi, egin zela salatu dute.

Honekin batera, Nafarroako Gobernuari espetxeko osasunaren ahalmena behingoz eskuratzea eskatu dio Francesek. Izan ere, soilik komunitate guztietatik soilik EAEk du ahalmen hau 2006 urtetik. Haratago joanez, Nafarroako Iruñeko espetxeko eskuduntza bereganatu beharko lukela gaineratu du.