GARA
IRUÑEA

Nafarroako sindikatu guztiak, preso ahulenak askatzearen alde

Presorik ahulenak askatzeko eskakizuna zabaltzeko elkarretaratzeak egin zituzten, atzo, Iruñeko espetxearen eta Nafarroako erakunde nagusien aurrean. Aldarrikapenak sostengu zabala lortu du; besteak beste, Nafarroako sindikatu guztiek bat egiten dute eskariarekin.

Bereziki ahul dauden presoak espetxetik atera ditzatela exijitzeko, elkarretaratzeak egin zituzten atzo, Iruñeko espetxearen eta Nafarroako erakunde nagusien aurrean. Duela zenbait aste manifestu bat adostearekin batera, elkarretaratze hauetara deitu zuten Salhaketa Nafarroa, Etxerat, Altsasuko Gurasoak eta Sare elkarteek.

Eragile sozial eta politiko ugarirekin batera, Nafarroako sindikatu guztiek bat egin zuten manifestu horrekin, atzo azaldu zutenez. ELA, CCOO, UGT, LAB, Steilas, ESK, Hiru, CNT, CGT-LKN, Solidari eta EHNE sindikatuek egin dute bat. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten taldeen artean Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek egin dute bat manifestuarekin.

«Orain, itxura denez, osasun krisia beste fase batean sartu eta konfinamendua arintzen hasia delarik, berriz exijitu nahi diogu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari presoen eskubideak errespeta ditzala eta deskonfinamendua aske dagoen gizartean egiten den aldi berean eta irizpide berberekin egin dadila kartzeletan ere», nabarmendu zuten, orain dela bi aste Nafarroako Gobernuko bi kontseilariri txostena eman zietela gogoraraziz.

«Jarraitzen dugu eskatzen kartzelatik atera ditzatela covid-19aren kutsapenaren aurrean bereziki ahulak diren taldeetako presoak: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak edo eurekin batera kartzelan preso seme-alabak dituztenak. Eskatzen dugu, halaber, aske utz ditzatela zigor laburrak dituztenak, alarma egoeraren aurretik ere irteteko baimenak zituztenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak», aldarrikatu zuten Xochitl Karastorrek eta Libertad Francesek, deitzaileen izenean.

Bisitak egin ahal izateko probintziaz gaindiko bidaiak debekatuta daudenez, urrundutako presoek ez dutela eskubide hori bermatua salatu zuten. Horregatik, presoak errotuta dauden tokiko kartzeletara eraman ditzatela eskatu zuten. Estatu frantsesean, berriz, Gobernuak 100 kilometro baino gehiago egitea baimenduko du, baina bisitak ere zalantzan daude.

Patxi Ruizen egoera

Agerraldian, Patxi Ruiz Txantreako presoak pairatzen duen egoeraz galdetu zieten kazetariek eta taldeotako ordezkariek kezkaturik daudela nabarmendu zuten.

Horrekin batera, Ruizek pairatzen duen egoerak presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politikan oinarri duela azpimarratu zuten. Murtzia-II espetxean dago egun Ruiz.

Gauzak horrela, salbuespenezko araudirik egongo ez balitz horrelako egoerarik ez zela gertatuko nabarmendu zuten. Horregatik, beste behin, salbuespenezko legedia bertan behera utz dadila eskatu zuten.