naiz

EHUren Uda Ikastaroen 39. edizioak harrera «aparta» izan du, 10.074 parte-hartzailerekin

Pandemiaren oztopoak pairatu izanagatik ere, EHUko Uda Ikastaroaren 39. edizioak harrera «aparta» izan duela nabarmendu dute antolatzaileek. 10.074 pertsonak parte hartu dute unibertsitateak eskainitako 170 jardueretan, gehienak plataforma birtualen bidez eskainiak.

onostia Sustainability Forum ekimenaren ikastaroa. (EHU)
onostia Sustainability Forum ekimenaren ikastaroa. (EHU)

Koronabirusaren ondorioz aldi berean egin daitezkeen ikastaroen kopurua murriztu denez, 2020ko Uda Ikastaroen programazioa urriaren amaierara arte luzatu da, eta nabarmendu dute covid-19ak eragindako «osasun arazorik» gabe gauzatu ahal izan dutela edizioa berezia.

Aurtengoan, Donostia Sustainability Forum ekimenaren lehenengo edizioaren arrakasta nabarmendu dute antolatzaileaek. «Bertan, iraunkortasunaren hainbat arlotako pertsona gailenak izan dira, eta harrera ona izan du parte hartu duten ikasleen aldetik. Horri esker, publiko zabal batengana iritsi gara, plataforma birtualari esker», adierazi dute prentsara igorritako ohar batean.

Hala, Uda Ikastaroek formatu berriak eskaini behar izan dituzte, ikastaroak digitalki eskaini ahal izateko. Formatu honek hizlari eta ikasleen hartu-emana zuzenean bultzatu dutela agertu dute, eta Uda Ikastaroen «erresilientzia» frogatu.

Ikastaroak online eskaintzearen beste abantailetako bat munduko leku ezberdinetako publiko berriengana iristea izan da; bereziki, nabarmendu dutenez, Hego Amerikako ikasleengana.

«Konfinamenduan, Uda Ikastaroek ikasleei eta profesionalei zuzendutako online prestakuntza eskaini zuten, eta harrera oso ona izan zuten. Ekainetik aurrera udako denboraldia hasi zen online zuzenean formatuarekin. Uztailean, presentzialtasuna berreskuratu zen formatu berriei esker, modu presentzialean zein online parte hartzeko aukera ematen baitzuten», esplikatu du antolakuntzak.

Edizio honetan, garrantzia berezia eman diote koronabirusa ertz desberdinetatik aztertzeari, ingurumen eta ekologiari, biztanleriaren zahartzeari edo ekonomia zirkularrari, beste gai askoren artean.

Parte-hartzaileen gogobeteze mailari dagokionez, emaitza positiboak jaso ditu Uda Ikastaroen 39. edizioak: ikasleen batez besteko gogobetetze-maila 9,1ekoa da, irakasleena 9,5ekoa eta Ikastaroetako zuzendaritzena 9,6koa.