Asier AIESTARAN

Ilusioz gainezka dauden bi gazteren arteko dema Buruz Buruko Txapelketari hasiera emateko

Ostiral arratsean jokatuko dute elkarren aurka Dariok eta Zubizarretak Ataungo Auzoeta pilotalekuan. Errioxarrak Peio Etxeberria bezalako aurkari gogor bat utzi zuen kanpoan aurre kanporaketan eta ataundarrak erakutsi zuen Urrutikoetxearen aurkako "entseguan" kontutan izan beharreko pilotaria dela bakarkako borroketan ere.

Zubizarreta, errematerako prest (Aritz LOIOLA / FOKU)
Zubizarreta, errematerako prest (Aritz LOIOLA / FOKU)

Zozketak hala erabakita, lehiaketan ilusioz gainezka sartu diren bi pilotari gazteren arteko demak emango dio hasiera Buruz Buruko Txapelketari ostiral arratsean Ataungo Auzoeta pilotalekuan.

Dario errioxarra Aspeko aurre kanporaketatik dator, Peio Etxeberria bezalako pilotari gogor eta lehiakor bat mendean hartu ondoren. Iraitz Zubizarreta, aldiz, azken unean aukeratu du Baikok debutatu berria izan arren –irailaren 26an jokatu zuen lehen partida profesionaletan eta zazpi neurketa baino ez ditu jokatu gorengo mailan–.

«Ilusioa, hori da hitza», onartzen zuen Dariok asteartean Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian. «Atzo jaso nuen albistea», zihoen bere aldetik Zubizarretak egun berean. «Ezusteko handia izan zen eta ilusio handia egin dit. Hemen figura handienak daude, ikusten da zer maila dagoen, eta ni disfrutatzen saiatuko naiz, tanto bakoitza disfrutatzen», gaineratu zuen etxean jokatuko duen aurrelari ataundarrak.

Dariok denbora gehiago darama profesionaletan. Zehazki, 2015eko ekainaren 14an egin zuen debuta, eta beraz bost urte baino gehiago daramatza onenen artean. Arazo fisiko dezente izan ditu urteotan, ordea, eta bere mailarik onena ematea kosta egin zaio. Zorionez, badirudi konfiantza hartzen ari dela eta gorakada nabarmena egin duela bere jokoan.

«Hobeto sentitzen naiz, batez ere aurten. Aldaketa bat izan dudala uste dut, kantxan askoz gehiago gozatzen dut orain, eta hori ezinbestekoa da mailarik onena eman ahal izateko», azaldu zion NAIZi asteartean.

Gaineratzen zuenez, orain lasaiago jokatzen du. «Ez dut uste, jokoaren alderdi jakin bat edo bestea denik gakoa. Lasaitasuna eta konfiantza direla uste dut, guzak hobeto egiten ditut orain eta ez dit horrenbeste baldintzatzen azken entrenamendua hobeto eta okerrago irten den».

Zubizarretak ere argi du hori, eta ostiralean sufritzeko prest agertu zen. «Dariok abaidura asko sartzen dio pilotari eta asko sufritu beharko dut. Niretzako opari bat da hemen egotea, orain sei aste esan balidate zoratuta daudela pentsatuko nuke, baina horrek ez du esan nahi ez dudanik nire onena emango. Saiatuko naiz partida handia egiten eta ea ezustekoa ematerik daukadan».

Dario bera ere ez da fidatzen aurkariaz, Zubizarretak erakutsi duelako azken asteotan zertarako gai den. «Debutatu berria da, baina oso ongi jokatzen ari da. Gainera, erritmoa hartuta dator, bi partida jokatu dituelako azken asteotan buruz buru. Urrutiren kontrako neurketa ez nuen ikusi, baina ikusi beharko dut, nire aurkaria hobeto ezagutzeko».