NAIZ

Oques Grasses-eko Josep Monterorekin grabatu du Zetak taldeak ‘Hitzeman’, single berria

Kataluniako Oques Grasses taldeko Josep Monterorekin batera grabatu du Zetak taldeak ‘Hitzeman’ single berria. Euskaraz eta katalanez grabatua, sareetan ostiral honetan eman dute ezagutzera abestia eta hura biltzen duen bideoklipa.

Pello Reparaz musikari nafarraren proiektu pertsonala da Zetak eta, oraingoan, elkarlan batekin dator: Oques Grasses taldeko Josep Monterorekin batera osatu duen ‘Hitzeman’ abestia. Singlea formatu digital guztietan eman da ostiral honetan ezagutzera eta bideoklipa ere sortu dute, arreta abestiaren hitzetan jartzen duena. Izan ere, euskaraz eta katalanez grabatu dute abestia eta, bideoklipean zehar, hitzak nabarmendu nahi izan dituzte pantailaren erdigunean.

‘Hitzeman’ Oso Panda aliantza berriaren lehen argitalpena ere bada. Izan ere, ohar bidez azaldu dutenez, Oso Polita eta Panda Artist Management etxeek lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute Zetak-i dagozkion kontuan elkarlanean garatzeko.

Single honen aurretik, 2020. urtean zehar Zetak taldeak beste bi kantu ere aurkeztu ditu: konfinamendu betean aurkeztu zen ‘Zeinen ederra izango den’ batetik –Youtube eta Spotifyn 2 milioi ikustalditik gora izan ditu– eta ‘Hegan’, Gaztea irratiaren 30. urteurrenaren harira sortua. Ekainean, Naiz kontzertuetan ere hartu zuen parte: hemen ikus daiteke kontzertuaren laburpena.

Vendeta desegin ostean Pello Reparazek sortutako proiektua da Zetak. Panda Artist Management etxearekin ekin zioten abenturari eta lan talde indartsua sortu zuten proiektuaren bueltan: Gorka Pastor, Leire Colomo eta Iban Larreburu musikariak batetik, eta bestelako zereginetan aritzen diren Iratxe Reparaz, Joseba Razquin, Pau Vargas eta Artzai Iraurgi bestetik. 2019ko ekainean aurkeztu zuten lehen singlea, ‘Errepidean’. Abesti hura ‘Zetak’, urte bereko Durangoko Azokan aurkeztu zen lehen diskoan bildu zuten.