NAIZ

2008ko azaroa, anekdota barne, Bera Berak Errusian irabaztea lortu zuenekoa

Aurreko igandean Gascan jokatutakoa kontuan hartuz, errusiar taldeen aurka bederatzi partida jokatu ditu Bera Berak. Hiru garaipen –horietako bat Errusian–, bi berdinketa eta lau porrot dira gipuzkoarren emaitzak.

Matxalen Ziarsolo, 2008ko azaroan Bidebietan Rostoven aurka jokatutako joaneko partidan. (Gari GARAIALDE/FOKU)
Matxalen Ziarsolo, 2008ko azaroan Bidebietan Rostoven aurka jokatutako joaneko partidan. (Gari GARAIALDE/FOKU)

Bera Berak datu bitxiak atera ditu igandean Errusian jokatu beharreko partidaren atarian. Juan Carlos Elorza GARAko kazetaria izan zenaren datuez baliatuta, jakin badakigu Errusiar taldeen aurka bederatzi partida jokatu dituela talde donostiarrak aurreko igandean Gascan jokatutakoa kontuan hartuz. Hiru garaipen, bi berdinketa eta lau porrot dira lortu dituen emaitzak neurketa horietan.

Igandean 10.00etan, Chekhov hirian, Europan jokatzen duten 114. partida izango dute gipuzkoarrek. European Leagueko Q3 delakoaren itzuleko neurketa honetan irabazi edo 27 gol baino gehiagoko berdinketak baino ez dio balio Bera Berari penaltiak saihesteko eta multzoen faserako sailkatzeko.

Ostegunean, Errusiara bidaia luzea egin aurretik, Imanol Alvarez entrenatzaileak argi utzi zuen igandekoa «klubaren historiarako partidarik garrantzitsuenetarikoa» dela. Eta klubak badaki zer den Errusian, eta azaroan, irabaztea.

2008an izan zen, eta anekdota du gainera. Rostoven aurkako kanporaketan, joaneko partidan Tati Garmendia (9 gol), Sanroman (8) edo Ziarsoloren golak ez ziren nahikoak izan, Bera Berak 31-32 galdu baitzuen. Ondoren, Errusian, poliziak ez zion Matxalen Ziarsolori sartzen utzi pasaportean orrialderen bat askatuta omen zuelako. Hortaz, hegaleko jokalaria baja izan zen Esme Lopezekin batera, honek lotailu gurutzatua apurtu baitzuen.

Gauzak hala, Bera Berak partida irabaztea lortu zuen (26-27), Veronica Valverde (6) edo Lacrabere (4) protagonistak izan zirelarik. Ez zen nahikoa izan kanporaketa gainditzeko, baina garaipena, eta gertatu zen bezala izanda, gogoratzekoa eta kontatzekoa da.

Krasnodarren hasi zen abentura

Kuban Krasnodar izan zen Errusiako aurreneko aurkaria Bera Berarentzat, 1996ko urtarrilaren 19 eta 21ean Bidebietan jokatu zen City Cup lehiaketako kanporaketan. Berdinketa eman zen lehenengo partidan (14-14), baina bigarrenean errusiarrak nagusi izan ziren (14-22).

2007ko otsailean bueltatu ziren donostiarrak Errusiara. Errekopan izan zen Astrakhanochka taldearen aurka. Gipuzkoarrek bost goleko abantaila zeramatzaten (29-24) Tervel (7), Ziarsolo (6), Garmendia, Esme Lopez edota Patri Pinedo (4) jokalarien golei esker. Hala ere, Ziarsolok eta Pinedok bost gol sartu arren, Bera Berak 29-21 galdu zuen.

Lada Togliati izan da azken aurkari errusiarra Bera Berarentzat, 2012ko otsailean, tenperatura 16 gradu zero azpitik izan zela. Partidako aurreneko zatian Reyes Karrere entrenatzailearen taldeak Ladari eutsi zion (14-13), baina bigarrenean epaileek penaltiekin zigortu zituzten eta erasoan ez zuten asmatu gipuzkoarrek, Ladak abantaila hartuz (28-22).

Itzuleko neurketan Bera Bera (35-34) nagusi izan zen Gascan, baina alferrik izan zen. Gaur egungo taldean dagoen Alba Menendez bertan izan zen. Denboraldi horretan Lada EHF Cup-eko txapelduna izan zen, txapelketan zehar bi partida galduta, horietako bat Donostian hain zuzen ere.