Arteaga, bigarrenez Promozio Mailako txapeldun

Lasartearrak 12-22 menderatu du Aitor Elordi Tolosan eta, 2017an bezala, zilarrezko txapela jantzi du. Lehen tantoetan atzetik ibili arren, bigarren zatian nabarmen nagusitu da.

Arteagak bigarrenez jantzi du Promozioko Buruz Buruko txapela (Jon URBE / FOKU)
Arteagak bigarrenez jantzi du Promozioko Buruz Buruko txapela (Jon URBE / FOKU)

Axier Arteagak irabazi du Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu den finalean Aitor Elordi 12-22 menderatu ondoren. Lehiaketa hori irabazten duen bigarren aldia da lasartearrarentzat, orain hiru urte ere txapeldun irten baitzen finalean Bakaikoari 22-18 irabazita.

Gaurkoan errazago lortu du garaipena, eta emaitza ere argiagoa izan da bere alde. Nahiz eta hasierako tantoetan Elordik asko estutu duen, bigarren zatian jaun eta jabe izan da gipuzkoarra, aurkariak ere opari asko egin dizkiolako.

Finalaren hasiera gero etorriko zenaren adibide izan da: Aitor Elordiri egokitu zaio lehen sakea, baina pasa egin du eta Arteaga aurreratu da markagailuan. Lasartearra 1-4 hasi da agintzen, baina laugarren tanto hori ere tamalgarria izan da: nabarmen barruan zen pilota bat txartzat eman diote Elordiri, mallabiarraren haserrerako.

Haserre hori ongi bideratu du hurrengo tantoetan bizkaitarrak, eta jokoan nagusitzen hasi da. Bolearekin min handia egin du –lau ormabiko egin ditu airez– eta apurka-apurka tartea irekitzea lortu du (10-6).

Arteaga une txarrak pasatzen ari zen, amorratuta, baina Elordik behera botatako dejada batek sakea eman dio eta hortik aurrera neurketa zeharo aldatu da. Lasartearrak sekulako sarraskia egin du sakearekin –10-6tik 10-17ra joan da zuzenean, tartean lehen jokaldiarekin lau tanto eginda– eta Elordiri oso zaila jarri zaio finala. Desesperazio puntu batekin huts inozoak ere egin ditu bizkaitarrak une horietan.

Arteagak ez du aukera galdu eta azkar itxi du neurketa: sakez egindako bere bosgarren tantoak igoarazi du 12-22koa Beotibarreko markagailura eta irabazlearen emozio denak irten dira bat-batean. Aulkian esertzearekin batera negarretan lehertu da gipuzkoarra.

«Bi urte pasa ditut pilotan sufritzen, baina azkenaldian sentsazio hobeak ditut eta txapel honek asko esan nahi du niretzat», onartu du Axier Arteagak, garaipena Ane bere arrebari eskainiz, pilotaria hura ere.