Amaia Ereñaga
Elkarrizketa
Eneko Sagardoy
Aktorea

«Telesail batek ezin du euskal gatazka laburbildu»

Pertsonaia historiko (‘Handia’) eta fantastikoetatik (‘Errementari’), thriller sakon eta hotzetan murgildu da azkenaldion Eneko Sagardoy (Durango, 1994). ‘Hil kanpaiak’ filmaren estreinaldiaz hitz egin dugu, baita denon ahotan dabiltzan bi telesaili buruz.

Eneko Sagardoy, aktorea. (GARA)
Eneko Sagardoy, aktorea. (GARA)

Pandemia garaiotan kolore guztietako egoerak bizitzen ari gara; gehienak, arraroak, tristeak, surrealistak. Horietariko asko, flipatzekoak. Bakan batzuk, dibertigarriak. 2018an aktore berri onenaren Goya saria poltsikoratu zuenetik –‘Handia’ filmean gorpuztu zuen Altzoko Handiaren ertzez beteriko erretratuari esker–, Eneko Sagardoy Mujika beste maila batean dagoela pentsa daiteke. Zinema aretoetara iritsi berri den Imanol Rayo (‘Bi anai’) nafarraren ‘Hil kanpaiak’ izeneko bigarren laneko protagonista da, Itziar Ituñorekin batera; hau da, nazioartean dugun izar anti-starrik handienaren ondoan.

Baserri giroan kokatutako thriller ilun, tragiko eta misteriotsua da ‘Hil kanpaiak’. Begiradez eta isiltasunez josia; bitxia oso. Garizmendi baserriko zelaietan gorpu bat agertutakoan, familia arteko gorroto, mendeku eta miseria guztiak azaleratuko dira. Eneko Sagardoy Nestor da, baita Aitor ere, akabatu duten bikia. Kain eta Abel, landetan. Promozioan buru-belarri dabil eta, hori dela eta, hitzordua egin dugu durangarrarekin. Gai zerrendan, telebistarako beste bi lan, boladan daudenak; ‘Hondar ahoak’ (ETB-1), hurrengo astean bukatuko den noir bikaina, eta ‘Patria’ (HBO), inor epel utzi ez duen telesaila. «Kamerari eman behar diot? Lotsa pixka bat ematen dit» edo antzeko zerbait entzuten zaio. «Bai, hobeto», gure erantzuna. Pandemiak modan jarri dituen bideo-deiek magia ukitua kenduko diote elkarrizketak egiteari, ados, baina zenbat pasadizo! Eguzkia hartzen harrapatu dugu etxeko terrazan, «krema eta guzti», udazkeneko Bilboko eguzki indartsua xurgatzen. Tira, pantailaren beste aldean, bazter batean, elkarrizketatzailearen erosketetarako orga ikus dezake Sagardoyk. Pandemiako kontuak.

«Hil kanpaiak» zinema aretoetara iritsi da. Garai nahasi hauetan, albiste itxaropentsua; alde batetik, euskaraz estreinatuko delako, jatorrizko bertsioan, eta, bestetik, estreinaldi bat delako, gehienak bertan behera gelditu direnean, Baina honek arriskua dakar, zeren publikoa gerturatuko al da? Marra horretan oreka aurkitzeak zaila behar du izan.

Esperantza daukat nola majorrek edo multinazionalek pelikula handien estreinaldiak atzeratu dituzten, pelikula txikiek ikusgarritasun handiagoa lortuko dutela. Gertatzen dena zera da, pelikula txikiek galtzeko askorik ez daukatela; orduan, zentzu horretan, orain lortu behar duguna zinera joatearen dinamika ez etetea da. Igartzen da jaitsiera handi bat, areto gutxiago daudela, kopia gutxiagorekin aterako garela... esaterako, “Hil kanpaiak” Katalunian ez da emango momentuz, baina Madril, Valladolid eta beste toki batzuetara bai, iritsi gara, eta euskarazko pelikula batekin. Eta interesa pizten dion zinema mota honen ikusleak jarraituko du zinemara joaten. Nik jendea joango dela espero dut edo, behintzat, esperantza hori eduki nahi dut.

Ohitura aldaketa nabaritzen da; jatorrizko bertsioko filmekiko interesa, esaterako. Ez da orokorra, noski, baina beste mota bateko publikoa sortzen ari dela dirudi.

Erabat. Nik uste dut hezkuntza kontu bat dela eta eginaren eginez ikasten dela. Beharrezkoa litzateke pixka bat jatorrizko bertsio horren plazera sentitzea eta horrek engantxatzea, ez bakarrik gurea beste hizkuntzekiko, baita gurearekiko ere. “Hil kanpaiak” Madrilen euskaraz ikus dezatela gure ahotsarekin, gure lanaren parte bat delako ere. Kontsumo ohiturak aldatzen dira aldatzeko aukera ematen badute, bestela hitz eginez ez da ezer aldatzen.

Baserri giroko thriller bat, eta euskaraz. Madrilen ulertuko dela uste duzu?

Hain mundu partikularra eskaintzeagatik hain zuzen, hain elementu bereizgarriekin, hain paisaia gurearekin, nik uste dut ikuslea joango dela euskararen bila ere, egingo zaiolako mundu horren erradiografiaren parte. Nik hori sinetsi nahi dut. Egia da ere pelikulak unibertsalak direla eta istorio hau edozein tokitan gerta zitekeela, baina uste dut azken urteetan egin dugun lanagatik eta izan duten sonagatik, prestigioagatik ere, ohitzen ari garela guztiok euskarazko filmak ikusten hemendik kanpo eta niri ezin dit ilusio handiagorik egin.

Transformatzea eskatzen zuten pertsonaia historiko edo fantastikoetatik, thrillerretara pasatu zara. Zure azken lanak tankera honetakoak dira, modan dagoela dirudi. Twitterren irakurri nizun «Basque noir» deitzen zeniola.

Elkarrizketa guztietan ari gara ‘Basque noir’ gora eta behera... esan nion Koldori [Koldo Almandoz, ‘Hondar ahoak’ telesailaren zuzendaria]: ‘Berriz galdetzen badidate Basque noir horren inguruan deia zuregana desbideratuko dut eta zeuk erantzun’. Bera hasi zelako kontu horrekin. Polita da etiketaren sorrera, esan nahi duelako oraindik konkistatzeko hainbat esparru ditugula. Niretzat oso ilusionantea da, esaten duzulako: ‘Egiten ari gara! Bat-batean thriller bat dago euskaraz, eta bat-batean telesail poliziako bat euskaraz...’. Noski, etiketak sortzeke daude, eta badakigu jaio berritan edozein mugimendu edo edozein sorkuntzak etiketak oso beharrezkoak dituela, gero etorkizunean etiketa horietaz ahaztu ahal izateko.

«Hil kanpaiak» filmean pertsonaia bikoitza egiten duzu, bikiak direlako... Oker ez banago, zuk ere anaia bikia duzu. Errealitateak lagundu al dizu? Eta zein zara zu; anaia ona ala gaiztoa?

Errealitatean? [barrez] Ni, ona, noski. Errealitateak lagundu dit eta anaiak ere lagundu digu, pelikulan lan egin duelako. Plano batzuetan erabili genuen, bizkarrez eta albotik. Baina azken aldia da nire anaia aktore moduan erabiltzen dudala, sufritu nuelako pila bat. Zuzentzen nuen asko, saiatzen nintzen nik egingo nukeen bezala eginarazten eta ezinezkoa da, bera ez baita aktorea. Berak ere zineman lan egiten du; ekoizlea da Bartzelonan. Nahiz eta emaitzarekin oso pozik nagoen, bukatu da. Kito, aktore moduan, ez.

Euste lan handia egiten duzue aktoreek film honetan. Erakutsi baino gehiago, «egotea» eskatzen zaizue. Lanketa horrek zaila behar du. Ez du zerikusirik antzerkiarekin [Arriaga antzokiko «Ama Kuraia» ekoizpenean ari da antzezle ere].

Lan latza, ezker txarrekoa eta frustragarria izan daiteke. Hor pasatzen dena da, antzerkia egiten duzunean ikusten dena dela. Ez dago aukeraketarik, ez dago muntaiarik, ez dago entzulearen planorik, ez ezer. Orduan, ikusten dena da. Interpretearen kontrola askoz handiagoa da bere lanaren gainean. Ikus-entzunezkoetan gertatzen da ez dakizula ondo zer erakutsi nahi duten, nola muntatuko duten, irudiak zeren atzetik joango diren. Orduan izan da konfiantza handia izatearen kontua. Imanol Rayorengan banuen, zeren asko gustatzen zait daukan mundu partikularra. Sinetsi egiten genuen gutxi horrekin eta eskatzen zigun isiltasun horretan kontatzen ari ginela zerbait, eta sortzen ari ginela tentsioa. Aktoreak askotan jotzen dugu gauza asko egin nahi izatera, baina, hain zuzen ere, Imanolek nahi zuena zen egiten ari ez den hori erakutsi, edo koadroz kanpo dagoen horretan arreta jartzea. Puzzle horren parte izatean batzuetan desorientatuta sentitzera eramaten zaitu, baina nik konfiantza nion. Behin pelikula ikusita, niri izugarri gustatu zait. Gainera, zorte onekoa sentitzen naiz, kontatzeko Imanol sustraietara doalako. Bere zinema oinarrizkora joaten da, irudiak oso primarioak dira.

Ikusleari ere esfortzua eskatzen zaio. Denboraren erabilera bitxia du, lineala oso.

Niri oso interesgarria iruditzen zait, izan delako apustua denboraren aldetik, bai sasoiagatik, bai pertsonengatik. Esaterako, ni eta nire anaiaren paperak, Nestor eta Aitorrenak, batzuetan ez dakizu nor den hitz egiten edo begira ari dena. Hori nahita egin duela uste dut, esanez: ‘Berdin zait lerro hauek lausotzen badira’. Horrekin uste dut asmo eder bat dagoela filmaren atzean; hau da, ea zein leku hartzen duen iraganak orainaldian. Horregatik batzuetan ikuslea ezustean harrapatzen du. Nahaste-borraste hori gustatzen zait, guk errealitatean ere sentitzen dugun zerbait delako; batzuetan gure pentsamenduetan memorian gaude, baina orainean era berean, eta iraganak orainaldiaren espazio hori jaten digu. Bizitzatik oso gertu dagoen efektua da.

Euskal ikus-entzunezkoetan, azkenaldian, emakumezkoen pertsonaiak indartsuak dira oso; zure azken lanetan, Itziar Ituñoren eta Nagore Aranbururen pertsonaiak, esaterako. Ez dakit zer aldatu den, baina zerbait bai.

Erabat. Eta ni izugarri pozik nago horrelako proiektuetan. Eta egia da duela urte batzuk izan balitz, guztiz desberdina izango zela: aita bat izango litzateke pertsonaia nagusia amaren ordez (“Hil kanpaiak), eta polizia gizon bat, emakume baten ordez (‘Hondar ahoak’). Eta orain biratu egin da, nahiz eta salbuespenak egon. Zorionez, hau iraultzen ari da eta benetan pozik nago horren lekuko izateaz. Nagoreren kasuan, adibidez, emakume polizia bat da, bordea dena, ekintzailea dena, izutzen ez dena… eta uste dut hori dela, behingoz, telebista edo zinema errealitatera hurbiltzea. Ez dira beste kode batzuk, baizik eta pertsonaiak kalekoak izatea.

Nagore Aranbururekin bikote aparta osatzen duzu, telesail luze bat mereziko lukeena. Ez dakit batzuetan anbizio faltagatik edo baliabide gutxi daudelako, baina zergatik ez da telebista publikoan nazioartean saltzeko moduko telesail bat egiten?

‘Hondar ahoak’ telesailaren munduak ematen du serie dezente luzeagoa egiteko, baina ezin zitekeen: lau astetan lau kapitulu filmatu ditugu, eta hori ez da inon egiten. Halere, gidoi on bat duzunean, gero zuk zure lana egin dezakezu. Oso garrantzitsua izan da Koldok, Nagorek eta hirurok egunero, grabatu aurretik, elkartu eta hitz egiten genuelako sekuentziaz sekuentzia, eta dialogoak filtratzen genituen bilatzeko zein zen sekuentzia bakoitzaren muina. Eta umorea mantendu dugu. Uste duk horrek eman diela harreman estu bat pertsonaiei eta erakargarritasun berezia.

‘Patria’ telesailean ere bazaude, baina hau HBOren babesarekin. Baliabide aldetik ez du zerikusirik.

Bueno, bueno… Koldo Almandozek esan zuen ‘Patria’-ren kapitulu baten erdiarekin egin ditugula lau kapitulu. Nik esango nuke ‘Patria”-ren bosten batekin egin ditugula lau kapitulu.

‘Patria’ telesailagatik sekulako loreak jaso dituzue aktoreek; zuk, batez ere. Azkenaldian, Estatuko hedabideek euskal aktoreak «deskubritu» dituzte.

Bai, onarpena bat-batean iritsi da. Batzuetan badirudi kanpoko produktuetan edo produkzio handietan egoteak zilegitasuna ematen digula. Argi dagoena da asmatu zuela HBOk aktoreak euskaldunak izatearekin, nahiz eta gero pena den telesail guztia gazteleraz egin izana. Baina jendeak behin eta berriro azpimarratzen duena zera da, aktoreen kalitate handia egon dela. Nik uste dut Elena [Irureta] eta Aneren [Gabarain] rolak gogoratuko direla telebistaren historian, bai Estatuan bai mundu mailan. Hori esatera ausartuko nintzateke.

Liburua irakurri dut eta bitxia egiten zait «Patria» euskal gatazka esaten zaionaren inguruko behin-behineko erretratutzat jotze hori. Zuk nola ikusten duzu?

Zalantzarik gabe, hedabide eta sektore batzuek interesa dute saltzeko ‘Patria’ behin-behineko kontakizun gisa, edo egia absolutua izango balitz bezala. Nik uste dut ez telesail batek, ez pelikula batek ezin dituela laburbildu hain sakonak eta hain mingarriak izan diren horrenbeste urte. “Patria” izango da fikzioetako bat, zeren urteak daramatzagu honi buruzko fikzioa egiten. Gai honi buruz esaten dutenean ‘orain bai hitz egin daiteke’, nik esaten diet duela hogei urtetik pila bat film daudela honi buruz; esaterako “Segoviako ihesa”. Baina egia da esposizioagatik, HBOgatik eta liburuak izan duen mundu mailako arrakastagatik, begi asko zeudela gainean jarrita. Halere, nik nahiko nuke “Patria” izatea mosaiko handi baten parte bat. “Patria”-k jarri du fokua leku batean, baina horrek ez du esan nahi kamera jartzeko toki bakarra denik. Jarri behar ditugu beste hainbat tokitan, eta zinemagileei eta aktoreei tokatuko zaigu oraindik ere horietan lan egitea, eta egingo dugu. “Patria”, nire ibilbidean, nire zazpigarren proiektua da ETA tartean dena, eta nik 26 urte ditut. Orduan, gure eskutan dago ere esatea zer dagoen oraindik kontatzeko... eta ni pozez zoratzen, diskurtso hori ahalik eta aberatsen eta sakonen egiteko bide honetan nire alea jartzearekin.