Belarriprestetik ahobizira

Euskaraldiaren materiala mahai baten gainean. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)
Euskaraldiaren materiala mahai baten gainean. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)

Euskaldun berria izanez, nik ere parte hartu nuen Euskaraldiaren aurreko edizioan, nire kasuan belarriprest rola hartuta. Euskaraz komunikatu ahal izan arren, akats gehiagorekin trabetasunak baino, huts egiteko beldurra handiegia zen eta ez nuen uste urrats hori emateko kapaza nintzenik.

Hala ere, belarriprest txapak eta nire kasu pertsonalari buruzko azalpenek («barkatu nire euskaragatik, katalana naiz eta euskaltegian ikasten ari naiz») presioa kentzen zidaten eskoletatik kanpo euskararekin ausartzeko orduan. Izan ere, Euskaraldian Euskal Herrira iritsi nintzenetik euskaraz jakin gabe hartutako hizkuntza-rol batzuk aldatzea lortu nuen.

Adibidez, pisukideak eta biok gure harremanari buelta eman genion, eta gure komunikazioetan euskara nabarmen sartu genuen; jarrera horrek Euskaraldiaren edizio hartatik bi urtera jarraitzen du. Beste kasu batzuetan ere euskara bakarrik erabiltzen hasi nintzen, ezagun batzuekin.

Kasu hauetan aurrerapenak egin nituen arren, azpimarratu behar da gehienak «militanteak» eta hizkuntzaren erabileran kontzientziatuak zirela. Beste kasu batzuetan, euskaldun askori kosta egiten zitzaien euskaldunberria nintzela kontuan hartuta joerak haustea. Alde horretatik, niri gutxiago kostatzen zitzaidan gaztelania alde batera uztea nire harremanetan. Katalana nire ama-hizkuntza denez, nire familiarekin eta lagunekin erabiltzen dudana, errazagoa zen joera haustea.

Gaur egun esan dezakegu beldur hori galdu egin dudala euskara lehenengo hitzetik erabiltzeko, nahiz eta nire mugen justifikazioa oraindik ere aurretik doan. Harreman berriak ia beti euskaraz izaten dira, bai lanean, bai ikaskideekin eta masterreko irakasleekin.

Euskaraldiak giro egokia sortzen du euskaldunen arteko rolak aldatzeko, eta aukera ona da euskaldunberriei beharrezko tresnak emateko eta hizkuntzarekiko beldurra galtzeko. Hala ere, nire esperientziatik hitz eginez, euskaldun berrien edo belarriprest direlakoen kasuan ere beharrezkoa da euskaldunon borondatea, perfil horiek Euskal Herriko hizkuntzaren munduan sartzeko.