NAIZ

Eutanasiaren legeak aurrera jarraitzen du babes handiarekin

Hiltzeko laguntza medikoa ematea osasun prestazio gisa arautuko duen eutanasiaren lege proiektuaren irizpena onartu zuen atzo Kongresu espainoleko Justizia Batzordeak, babes zabalarekin (36 kideetatik 22 agertu ziren alde). PPk eta Voxek soilik bozkatu zuten egitasmoaren kontra.

Baldintza duinak izatea bilatzen du lege berriak. (GETTY IMAGES)
Baldintza duinak izatea bilatzen du lege berriak. (GETTY IMAGES)

Kongresuko espainoleko Justizia Batzordeak atzo onartu zuen eutanasia arautzeko PSOEren lege proposamena, eta talde parlamentario guztien babesa izan zuen, PPrena eta Voxena salbu.

Atzo aldeko 22 boto eta kontrako 14 eskuratu ostean, testua datorren asteko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dute Kongresuan, eta, onartuz gero, Senatura bidaliko dute, tramitazio parlamentarioa osatzeko. Maila organikokoa denez, legeak gehiengo osoa beharko du Kongresuan, gutxienez 176 boto, baina, atzo lortutako babesak ikusita, badirudi behin betiko onarpena ez dagoela arriskuan.

Lege proiektuak jasotzen duenaren arabera, eutanasia eskatu ahal izango dute gaixotasun larri eta sendaezin bat edo pairamen larri eta kroniko bat jasaten dutenek. Gainera, testuan zehaztu dutenez, eutanasia osasun zentroetan zein etxean eman ahalko litzateke.

Hiltzeko laguntza eskatzeko erabakiak autonomoa, informatua eta kanpoko presiorik gabea izan behar du. Arau orokor gisa, gutxienez hamabost eguneko tartea duten bi eskaera egin beharko dira. Hori bai, pazientea ez badago bere ahalmenen erabilera osoan eta bizi-testamentu batean edo aurretiazko borondateen testamentu batean eutanasia eskatua baldin badu, prestazioa jasotzea erraztuko da.

Berme eta ebaluazio batzorde bat, medikuek eta legelariek osatua, arduratuko da autonomia erkidego bakoitzean baldintza guztiak betetzen direla aldez aurretik zaintzeaz, eta, eutanasia egin ondoren, informazio guztia jasoko du. Batzorde bakoitzaren osaera diziplina anitzekoa izango da, eta gutxienez zazpi kide izan beharko ditu.

Osasun sistemaren zerbitzu komunen zorroan sartuko da eutanasia, publikoki finantzatuko da eta osasun profesionalek kontzientzia eragozpenerako eskubidea izango dute.

Justizia Batzordean, EH Bildu, EAJ, BNG, Mas Pais, Junts eta ERC bezalako alderdiekin adostutako zuzenketa transakzionalak sartu ditu PSOEk testuan. Horrek, noski, egitasmoaren aldeko oinarri parlamentarioa handituko du osoko bilkurako bozketari begira. Horren erakusle, atzoko eztabaidan talde gehienek araudiak dakarren aurrerapena azpimarratu zuten. EH Bilduren aldetik, Iñaki Ruiz de Pinedok nabarmendu zuen «azken hogei urteotan hamasei saiakera egin ostean», koalizio subiranistak eutanasia arautzen hastea ospatzen duela. «Herritar gehienak eskatzen ari diren jokamoldeei babesa ematea premiazkoa da. Premiazkoa sozialki, konponbide eza krudelki luzatzen ari delako ehunka pertsonaren sufrimendua», gaineratu zuen.

Hori dela eta, eutanasia erregularizatzea «urrats garrantzitsua» dela uste du Ruiz de Pinedok, baina «funtsezko urratsa» erabateko despenalizaziotik etorriko dela azpimarratu zuen, hiltzeko laguntza ematea ez dadin inoiz gehiago zigortu. EH Bilduk lege proiektuaren «gaur egungo mugak eta hobetu daitezkeen gaiak» etorkizunean zuzentzea espero duela ere azaldu zuen, eta koalizio subiranista hori bere zuzenketen bidez aldatzen saiatuko dela azpimarratu zuen.

Bestalde, Joseba Andoni Agirretxea EAJren bozeramaileak zainketa aringarriak defendatu zituen, baina argi utziz eutanasia ordezkatzen dutela sinetsaraztea «falazia» hutsa dela, sufrimendua puntu bateraino soilik arindu baitezakete. «Norberaren sinesmen errespetagarriez haraindi, legeak egin behar dira. Denontzako legedia behar da», nabarmendu zuen.

PP eta Vox, kontra

PP eta Vox alderdien iritziz, berriz, lege proiektuak «bizitza batzuk besteak baino duinagoak» direla ezartzen du, eta Pedro Sanchezen Gobernuari leporatu zioten legea «gauez eta azpikeriaz» onartu nahi izatea, milaka pertsona bakardadean hil diren pandemia baten erdian. Jose Ignacio Echaniz PPko diputatuak kritikatu egin zuen eutanasia legearen aurka dauden eta «zibilizazioaren atzerapausoa» dela uste duten Estatu Kontseiluko eta Bioetika Batzordeko kideak Justizia Batzordearen aurrean agertzea galarazi izana. «Zainketa aringarri onak izanda, eutanasia bezerorik gabe geratzen da; zainketa aringarri onik gabe, berriz, eutanasiara bultzatzen da sufritzen duena», azpimarratu zuen PPko kideak.

Ildo berean, Lourdes Mendez Vox alderdiko diputatuak ere adituen agerraldia saihestu izana kritikatu zuen, eta «kriminaltzat» jo zuen lege baten «ondorio beldurgarriez» ohartarazi zuen. Izan ere, bere ustez, pertsona ahulei eta ezinduei mezu bat bidaltzen die: euren bizitzak ez du merezi. «Bonhomiaz makillatutako lege eugenesikoa da», adierazi zuen Mendezek, arau horrekin «Gobernuak erabakiko baitu zein bizitzek ez duten baliorik». Horregatik, legea onartuz gero helegitea jarriko dutela iragarri zuen Voxek.

Haserre, Maria Luisa Carcedo Osasun ministro ohi eta PSOEko bozeramaileak «demagogia merkeetara» jotzea leporatu zien biei. Herritarrek eutanasia babesten dutela gogorarazi eta PPren «zinismoa» salatu zuen, mendekotasun sisteman ezarri zituen «murrizketak» gogoratuz. Carcedok azpimarratu zuenez, lege proiektua Pazientearen Autonomiari Buruzko Legean oinarritzen da, pazienteak berak erabakiko baitu, eta ez medikuek eta politikariek, konponbiderik gabeko sufrimendu bat pairatzen duen. «Sedazio aringarria orduak, egunak, geratzen zaizkien gaixoentzat da. Gure proposamena prozesu luzeagoetarako da, nahi ez duten edo sufrituko duten prozesu bat aurreikusten duten pazienteentzat», zehaztu zuen diputatuak.

Unidas Podemosetik, Rosa Maria Medel bozeramaileak eskubideetan aurrera egiteaz hitz egin zuen. Egitasmoaren kontra daudenei gogorarazi zien onartuko den legeak ez duela «eutanasia praktikatzera behartzen».