NAIZ

‘Gu ere bai’ dinamikak sinadurak batuko ditu Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde

‘Gu ere bai’ dinamikak ekimen berri bat jarri du martxan Euskal Futbol Federazioko Batzar Nagusia egin zela bi urte betetzen diren honetan. Sinadurak batuko ditu ofizialtasunaren alde eta hurrengo astean Anoetan entregatuko ditu, presidentea «presionatzeko» asmoz.

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea, ‘Gu ere bai’ dinamikak deituta. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea, ‘Gu ere bai’ dinamikak deituta. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Duela bi urte Euskal Futbol Federakundeak Batzar Nagusia egin zuen ofizialtasunaren bidean eman behar ziren urratsak definitzeko. Luis Mari Elustondoren agintaldia bukatu aurretik ofizialtasunaren eskaria FIFA erakundean aurkeztearekin ados agertu zen gehiengoa baina zenbait jokalarik deitoratu legez, oraindik ez da urratsik eman.

David Zurutuza, Ainhoa Tirapu, Asier Riesgo eta Asier Illarramendi jokalariek ohar bat sinatu zuten presidenteari ohartarazteko oraindik ez duela bete hitz emandakoa eta «behingoz» eskaria gauzatzea exijitu zioten.

Bide beretik, ‘Gu ere bai’ dinamikak ekimen berria aurkeztu du larunbat honetan, Batzar Nagusi hartako bigarren urteurreunean. Sinadura bilketa abiatu dute larunbat honetan eta hurrengo astean Anoetan aurkeztuko dituzte, Luis Mari Elustondo lehendakariak urratsak eman ditzan. Bere webgunean sinatu daiteke aldarrikapena.

Ofizialtasuna «eskubidea» da eta «bideragarria» da

‘Gu ere bai’ dinamikaren eskakizunak bost puntutan laburbiltzen dira eta, besteak beste, nabarmentzen dute «gure herriari kirol arloan ere, bere Selekzio Nazionalak sortzeko duen eskubidea aitortu behar» zaiola hala nola, −«kirol Federazioen jarduera Zuzenbide pribatu edo asoziatiboan oinarritzen delarik -bai gurean, baita ere Europakoan (UEFA) zein Nazioartekoarenean (FIFA)−, nazioarteko bi federazioetan gure Federazioaren sarrera edo barneratzea erabat bideragarria» dela.

Kirolari orok bere nazioaren koloreekin eta bere ereserkiaren doinupean lehiatzeko eskubideaz ere mintzo da testua eta ohartarazten du baita auzi hau premia larrizkoa dela «gure herriari dagokion nazioarteko proiekzioaz haratago, kirolarien kirol edo lehia-bizitza oso laburra izanik, Nazioarteko Federazioetan sarrera gauzatzen ez den bitartean, bertoko kirolari askoren nazioarteko proiekzioa mugatzen ari» delako.

Era berean, gogoratzen dio Federakundeko lehendakari Luis Mari Elustondori duela bi urteko Batzar Nagusian, «legez zegozkion baldintza guztiak betez, Nazioarteko Futbol Federazioetan (UEFA eta FIFA) sarbidea eskatzea erabaki zuela».