Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
David Zurutuza
Futbolari ohia

«Zerbaitetarako egin zen ofizialtasunaren aldeko bozketa eta gehiengoaren nahia bete behar da»

David Zurutuzak −Asier Riesgo, Ainhoa Tirapu eta Asier Illarramendirekin batera− ordago bat bota dio Euskal Futbol Federakundeari, selekzioaren ofizialtasun eskaria «behingoz» gauzatu dadin. Uda honetan erretiroa hartu du futboletik baina selekzioaren ofizialtasunagatik borrokatzea funtsezkoa zaio.

David Zurutuza, 2018an Venezuelaren aurka jokatutako neurketan. (Endika PORTILLO / FOKU)
David Zurutuza, 2018an Venezuelaren aurka jokatutako neurketan. (Endika PORTILLO / FOKU)

«Ni pertsonalki izugarrizko ilusioarekin eta gogotsu joaten nintzen selekzioarekin, garrantzitsua iruditzen zitzaidan, bai euskal gizartearentzat eta baita guretzat ere, selekzioan apustu egitea», gogoratzen du David Zurutuzak. Duela pare bat egun Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren eskaria «behingoz» egiteko exijitu zion Federazioko presidente Luis Mari Elustondori, Ainhoa Tirapu, Asier Riesgo eta Asier Illarramendi jokalariekin sinatutako ohar baten bitartez −zeina abenduaren 9an argitaratu zuen Euskal Herria Kirola ekimenak−.

Udara honetan hartu zuen erretiroa futboletik, kasik bizi osoan Realean jokatu ostean (20 urte pasa eman zituen Zubietan). NAIZi emandako elkarrizketan onartu du «aldenduta» dagoela futboletik baina atzo Willian Josek sartutako gola gogoz ospatu zuen eta selekzioaren ofizialtasunaren alde egiteko borrokan ere tinko dihardu.

Duela bi urte Durangon egindako Batzar Nagusian ofizialtasun eskaria gauzatzearen alde bozkatu zen baina oraindik ez da egin. Futbolariek nola bizi izan duzue egoera hau? Nola bizi izan dituzue bi urte hauek? Urratsik eman dela ikusi duzue?
Testuinguruan jartzeko, bere garaian gogoratzen naiz Aranburu, Labaka eta beste jokalari dezentek mugimendu bat egin zutela Euskal Federaziori transmititzeko beraien nahia. Jokalariek geneukan sentsazioa zen Federazioaren konfort egoerarengatik ez zirela ematen aurrerapauso horiek. Urteak pasa dira eta iritsi da momentu bat ikusten den gauza bera gertatzen dela, ez dagoela aurrerapausorik. Federazioaren barnean zeuden pertsona batzuek argi zeukaten zein mugimendu, zein urrats eman behar ziren eta horretarako batzar bat egin behar zen, bertan jakiteko zer iritzi geneukan Federakuntzako kide, klub, eta jokalariek.

Durangon batu ginen eta bozketa egin genuen. Hori izan zen, laburbilduz, Durangoko Batzarra egin arte egon den sentsazioa. Hortik aurrera, Federazioan egon dira mugimendu batzuk, aldaketa batzuk ere izango dira, baina hala eta guztiz ere ere bi urte hauetan ez da mugimendurik egon, aipatu auzi horretan. Eta bozketan argi geratu zen zer nahi genuen.

Behin jakinda gure artean garbi dagoela zer nahi dugun, arazoa da ez dugula FIFAren atea jo

Federazioak zer helarazten du? Erantzunik ematen dizue eskari hori ez gauzatzearen arrazoiekin edo?Federazioak bi urte hauetan transmititu du lehengo sentsazioa berdina. Nahiz eta bozketa hartan argi geratu zen zer nahi duen gehiengoak, ez dute urratsa eman nahi izan. Bere garaian pentsatzen zen Euskal Herria bezala estatu bat izan behar ginela ofizialtasunerako pauso bat emateko baina hori ez da derrigorrezkoa. Beste kirol diziplinetan, sokatiran adibidez, Euskal Herriak lehiatzen du. Futbolean ez dakit zergatik ez den urrats hori ematen. Badaude eskapatu egiten zaizkidan zenbait kontu eta ez da pauso hori ematen.

Zer dela eta ikusi duzue beharrezkoa ohar hau argitaratzea?
Denbora pasa da, bukatzen ari da epea eta uste dugu zerbaitetarako egin zela Durangoko Batzar Nagusia, ofizialtasunaren aldeko bozketa. Denok batu ginen, garbi geratu zen zer nahi genuen eta bete egin behar da gehiengoak bozkatu zuena.  

Elustondok esan izan du ezin dela bakarrik joan FIFAra, babestuta sentitu behar dela; hau da, Espainiako Federazioaren babesa behar duela. Hori horrela ikusten duzue? Edo ez da beharrezkoa?
Egia esan, ez dakit ondo nola funtzionatzen duen. Badakit beste kirolekin nola gertatzen den baina ez dakizkit zirrikitu guztiak. Baina, egun FIFA da erabaki guztiak hartzen dituen erakundea. Jakitun naiz Espainiak presioa sartuko diola FIFAri baina FIFAk dauka azken hitza. Ez dakit beharrezkoa den Espainiaren oniritzia, ez dakit horrela den, baina azken hitza FIFAk edukiko du.

Beste kirol diziplinetan, sokatiran adibidez, Euskal Herriak lehiatzen du. Futbolean ez dakit zergatik ez den urrats hori ematen

Eskozia, Gales edota Kosovo ditugu adibide. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna posible ikusten duzue?
Ikusten duguna da FIFAk edo Espainiak atzera botatzen bagaitu, ba atzera botatzen gaituela, baina puntu horretaraino iritsi arte urratsak eman behar ditugu. Behin jakinda gure artean garbi dagoela zer nahi dugun, arazoa da ez dugula FIFAren atea jo. Hori da guk nahi geniona helarazi jende guztiari. Kasu hipotetiko batean, ez bagaituzte onartzen, agian beraien arrazoiak izango dituzte baina behintzat ikusiko litzateke urrats bat eman dela. Ez badugu FIFAren atea jotzen ez dugu inoiz jakingo.

Posible ikusten duzue Luis Mari Elustondoren agintaldia bukatu aurretik −urtarrilaren erdialdera aurreikusten dira hauteskundeak− eskaria gauzatzea?
Ez dakit, bi urte hauetan ez badugu ezer egin... Agian aldaketa behar da, baina ez dakit; nola ez dagoen nire esku, ez dakit. Ni gainera jada futboletik kanpo nago eta hau nire iritzia da.