Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Elgoibarko Juan Muguerza Krosaren 78. ekitaldia bertan behera geratu da

Urtarrilaren 24an ospatzekoa zen Mintxeta Atletismo Taldeak urtero antolatzen duen proba entzutetsu hau, baina ikuslerik bildu ezinak eta 20 urtez azpiko lasterketarik ezin eginak atzera egitera behartu ditu antolatzaileak.

2020ko Muguerza Kroseko podiuma: Tadese Worku txapeldun, Richard Yator eta Aron Kifleren aurretik. (Juanan RUIZ / FOKU)
2020ko Muguerza Kroseko podiuma: Tadese Worku txapeldun, Richard Yator eta Aron Kifleren aurretik. (Juanan RUIZ / FOKU)

Elgoibarko Mintxeta Atletismo Taldeak prentsa oharra atera du astearte honetan eta aditzera eman du bertan behera gelditu dela Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren 78. ekitaldia, 2021eko urtarrilaren 24an egitekoa zena, covid-19aren pandemia dela eta. Bestelako arrazoirik eman aurretik, prentsa oharraren bidez adierazi nahi dute antolatzaileek Elgoibarko Udalak ere «erabaki honekiko adostasuna eta babesa adierazi duela».

«Erabaki hau hartu aurretik, epe bat izan dugu hausnarketa egiteko, eta epe horrek iraun duen bitartean, beti aipatu izan dugu argi izan behar genuela zein ziren, 2021ean Krosa antolatu ahal izateko, bete behar ziren lau baldintzak», azaldu dute.

«Lehenik eta behin, antolatu ahal izateko dirua izatea, eta horren barruan Udalaren eta babesleen laguntza; bigarrenik, erakundeen baimena eta ikusleekin jokatu ahal izatea. Lasterketa telebistaz ematea da hirugarren baldintza eta nazioarteko atletarik onenak, tartean afrikarrak, Elgoibarrera ekartzeko aukera izatea laugarrena», zehaztu dute.

Une hauetan, baina, COVID-19a dela eta jasaten ari garen pandemiaren ondorioz, lau baldintza horietatik bi ez dira betetzen. Batetik, 20 urtez azpiko kategoriakoen partaidetza –Mamo Wolde saria, alegia– bermatzea: «Gaur gaurkoz, ezin izango genuke 20 urtez azpiko atleten partaidetzarik izan, ezta beheragoko kategorietako atletena ere. Kategoria absolutuko eta profesionaleko bi probak bakarrik antolatu ahal izango genituzke».

Bigarrenik, ikusleen aferari helduz azpimarratu dute gaur egun indarrean dauden neurriekin ezin dutela bermatu ikusleak izatea.

Mintxeta Atletismo Taldeko zuzendari Zigor Diezek NAIZi emandako adierazpenen arabera, «eliteko kirolariekin bakarrik eta ikuslerik gabe proba hau aurrera ateratzerik izango genukeen. Osasun protokolo guztiak prest geneuzkan eta atleten eta babesle zein erakundeen aldetik ere erabateko prestutasuna izan dugu Muguerza Krosa 2021ean ere atera zedin». 

Alegia, nazioarteko lehiaketaren ikuspuntutik, Muguerza Krosa egitea ez zatekeela ezinezko izango. «Baina gazte mailako atletak ezin bildu ahal izatea eta batez ere, ikuslerik gabe egin behar horrek eraman gaitu atzera egitera. 300 bat ikusle sartzerik izango bagenu ere, nahikoa zitzatekeen guretzat, edota, Nafarroan baimentzera doazen neurrien barruan zein udan Zubietako hipodromoan, esaterako, izan zituzten baldintzetan, Baina ez da posible izan», onartu du Diezek, atsekabetuta.

«Krosa herriarena da»

Hala, oharrean aditzera ematen denez, «antolakuntzan parte hartzen dugunok uste dugu gure krosa herriarena dela, zaleena, eta ahalik eta ikuskizunik handiena eman behar dugula. Mundu guztian ezaguna izanik, oinarrizkoa den zutabe hau izan ezean, ez du zentzurik lasterketa bat antolatzeak; izan ere, atletek ezin izango dituzte gozatu ikusleen txalo beroak, ezta Mintxetan egiten den jaia ere».

«Azken egunotan, pertsona eta erakunde asko gugandik hurbil sentitu ditugu, eta krosa antolatzera animatu gaituzte. Elgoibarko krosa desberdina da, gure herriko ekitaldirik esanguratsuena, nazio mailako egutegiko probarik zaharrena, eta atletismoaren munduan murgilduta dauden pertsona gehienentzat, munduko probarik onena», adierazi dute.

Era berean, ulertzen dute «oso ardura handia» zutela, «gure Krosa erreferente delako, eta gure antolakuntza eredu izateak ilusio handia egiten zigulako, baina gure inguruko osasun neurriak ez dira Elgoibarrek merezi duen moduko Krosa bermatu ahal izateko bezainbeste hobetu».

«Eskerrak eman nahi dizkiogu Elgoibarko herriari, erakundeei, babesleei, bolondresei, atletei, federazioei, atletismoa gogoko dutenei eta hedabideei guri eman diguten laguntza leialagatik. Orain arte bezala, 2022ko urtarrilean, Mintxetan elkar ikusteko beharrezkoa den laguntza ematea nahi dugu. Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu, eta 2021. urterako, osasuna guztiontzat», gaineratu du oharrak.