Andoni Urbistondo
TOLOSA
Elkarrizketa
Josu Iztueta
Bidaiaria

«Ez dut bizimodu erosoa hautatu, baina bai gustukoa»

Abenduaren 12an bete ditu 40 urte Nairobitarra autobusak, Tolosatik mundura 100 bidaiatan 2.000 lagun eraman zituena, milioi bat kilometro inguru osatuz. Oporrak, edo bizitzeko modu ezberdina. Orduko izpirituari eusten dio Josu Iztuetak, mugak muga.

Josu Iztuetak duela 40 urte jarri zuen martxan Nairobitarra. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Josu Iztuetak duela 40 urte jarri zuen martxan Nairobitarra. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bere bizitzako laugarren luzean dago Josu Iztueta (Tolosa, 1958), hirugarren ziaboga emanda. Bizimodu bat hautatu zuen, bidaiekin bidea egitea, eta lau hamarkada osatu ditu dagoeneko. Nairobitarra autobus ezagunarekin bi hamarkada, furgonetarekin mende honetan. Gauza den bitartean molde berean segitzeko asmoa omen du, pandemiak estutasun ekonomiko dezente ekarri badizkio ere. Kritiko mintzatzen da gure gizarteko bizimoduarekin: «Zortedunak gara, baina ez gara jabetzen, ez dugu jabetu nahi; edo ez zaigu komeni».

Nolakoa zen giroa zure gazte garaian, 70eko hamarkadan?
Inguruan arra sartu ziguten lagunak izan genituen: Ramontxo Elosegi, Antxon Bandres, Lukas Mendikute, Mikel Arrastoa… Ikus-entzunezkoak eskaintzera etortzen ziren izarrak ezagutzeko aukera ere izan genuen: Cesare Maestri, Kurt Diemberger, Louis Audoubert… Etxean ez geneukan telebistarik, eta, noski, ezta telefonorik ere. Gure Tolosako kale berean zegoen Alpino Uzturre mendi elkarteak munduari begira jarri gintuen. Testuingurua ere halakoxea zen: Franco hil berri, Lemoizko kontua, feminismoaren hasierako olatua, abortua, drogak… Garai nahasi bezain interesgarriak ziren.

Gu mendiak eta mendi giroak erakarri gintuen, horrek berekin zekarren arriskuarekin. Aralarren hasi eta pixkanaka Pirinioetara hurbildu ginen: 15-16 urterekin Telera mendilerrora joan neguan, edota Balaituseko Crestas del Diablora eskalatzera. Arrisku gehiegitxo agian. Akabatu ez ginenean!

Badira 40 urte luze Nairobitarra munduari biraka hasi zela. Zu ez zinen lehen autobus hartako kide izan.
Nik 17 urte nituela, eta Angelek (Ortiz) 18, gure lehen kotxea erosi genuen, Gordini zahar bat, bigarren eskukoa. 7.000 pezeta ordaindu genituen; gaztetatik ikasketak eta lana uztartzeak askatasun handia eman zigun. Gerora etorri zen Commer furgoneta eta azkenik autobusaren ideia.

Auto-stopez Londresera eginiko bidaia batean ezagutu nituen Indiara joaten ziren Magic Bus mitiko haiek, eta pentsatu genuen antzeko zerbait egin zitekeela Euskal Herrian. 1980. urtea zen; nik lehen bidaia hartara joaterik ez nuen izan, soldaduskatik libratzeko zereginean nenbilelako. Manuel Mokoroa eta Angel Ortiz Nairobiraino joan ziren hogei lagunekin; ia Afrika guztia gurutzatu zuten, 10.000 kilometro hiru hilabetean, eta autobus hura Kenyako Gobernuari saldu zioten, eskola bateko futbol talde batentzat.

Ez naiz gizarte neoliberal kapitalista honen ondorio, nire erabakien ondorio baizik. Batzuek idealizatu egiten dute nire hautua

Afrikara egin zituen bidaiak Nairobitarrak. Kontinente hura erabat ezezaguna izango zen orduan, eta Internet sarerik ez, artean…
Oso jende gutxi ezagutzen genuen han izana; Sahara inguruan ibiliak ziren gipuzkoar batzuk, Nafarroako espedizio bat… Pentsa, han bizi izandako misiolariekin bilduta lortu genuen informazioa. Joan aurreko lanak ere ez ziren errazak. Gogoan dut nola 350.000 pezeta hartu ezkutuan eta Parisera nola joan nintzen hogei pasaporterekin, Senegal, Niger, Mali eta Alto Voltako (egun Burkina Faso) enbaxadetara bisak egitera. Ez jakinda hobe, mugan Espainiako Poliziak diru horrekin harrapatu banindu non eta nola buka nezakeen...

Eta 1982tik aurrera, bigarren autobusean buru-belarri.
Angelekin 20 urte egin nituen. Bigarren autobusa izatez mudantza kamioi bat zen. Bost hilabete eman genituen “etxe ibiltari” moduan egokitzen, eta planteamendua aldatu egin zen. Geure neurrira egindako bizimodua sortu genuen. Afrikan eta Europan barrena ibili ondoren, 1989an autobusa barkuz Kanadara bidali genuen. Alaskatik Ushuaiaraino, Amerikan zehar, 300.000 kilometro egin zituen hara eta hona. Bigarren autobus hori Txilen utzi genuen 2002an.

Ze funtzionamendu zeukan Nairobitarrak?
Dozena erdi bidaia antolatzen saiatzen ginen urteko. Toki ezberdinetan geratu izan zen autobusa gu etxera gentozenean: kanpin batean, paper fabrikako aparkalekuan, Euskal Etxeko patioan, Brasilgo nekazari batzuen soroetan... Hara bueltatzen ginenean izaten genuen astebeteko lana: gauzak konpondu, dena garbitu, txukundu, margotu, eta segi.

Igual denbora gehiago pasatu duzu munduan barrena Tolosan bertan baino.
Kalkulu batzuk buruz eginda, igual pasatuko nituen bizitzako hiru urte oso Eskandinavian, Ipar Amerikan bi, Afrikan eta Hego Amerikan ere beste horrenbeste… Hala ere, garbi utzi nahiko nuke pozik joan izan naizela, baina baita oso gustura etxeratu ere. Beti egon izan naiz hemengoari oso lotua; ez dut deskonektatzeko beharrik sentitu.

Zer jende mota joaten zen zuekin?
Profil ezberdinetako jendea: lagunak, ezagunak, lagunen ezagunak, ezagunen lagunak… Banoa agentziatik ere etortzen ziren, eta askok errepikatzen zuten. Hegazkinak dena garestitzen zuen orduan. Pentsa… orain 30 urte ez zegoen oraingo txartel merkerik. Hego Amerikarako hegaldiak batez beste hilabete osoko soldata baino gehiago balio zuen.

Kalkulu batzuk buruz eginda, igual pasatuko nituen bizitzako hiru urte oso Eskandinavian, Ipar Amerikan bi, Afrikan eta Hego Amerikan ere beste horrenbeste

Nolakoa zen egun bat Nairobitarran?
Geure buruaren nagusi ginen, baina baita langile ere. Geure kasa ibiltzen ginen, lo hemen, jan han… Beti zegoen xelebreren bat urduritasuna sortzen zuena, baina tira. Etxeko erosotasunean denok gara pertsona onak, baina, gose pixka bat, hotz edo bero handi samarrak eta beldur apur bat gehituz gero, gizakiak ez du berdin erreakzionatzen. Guk garraioarekin ostatu eta jateko lekua eskaintzen genuen, eta horrek abantaila handia ematen zigun. Txandak antolatzen genituen lana egiteko. Ardura eta erabaki gehienak geuk hartzen genituen, baina zenbat eta bidaia parte hartzaileagoa, orduan eta aberatsagoa. 20 lagunekin ez zen erraza, dena den. Hasi ginenean nik 23 urte bakarrik nituen, eta Angelek 24. Adibidez, basamortua zeharkatu aurretik, 400 litro gasolio eta 500 litro ur beteko bidoiak hartu, eta horrela ibiltzen ginen, jakin gabe nora gindoazen, eguna nola bukatuko. Akaso trabatuta geratzen ginen, eta bagenekien egun pare batean inor ez zela etorriko…

Beldurra eta jendearen pazientzia falta hori kudeatzen ikasi behar izan zenuten.
Askok ziurtasuna bilatzen du bidaietan, eta Nairobitarrak ez zuen halakorik bermatzen. GPSrik ez zegoen; gure orientazio tresnak iparrorratza, autobusaren itzala eta intuizioa ziren. Bezeroekin beldurra eta zalantza disimulatzen ikasi genuen. Lo egin gabeko gauak, mordoa: autobusaren mekanikak eragindako kezkak, osasun arazoak, soinu arraroak, mugak… Arduraz jokatu beharra geneukan. Jendearen oporrak gure ogibidea ziren. Hori, bidaia ondo ateratzen bazen. Beste batzuetan, dirua galdu eta etxera.

Nairobitarraz gain, beste hainbat bidaia egin dituzu.
Beti bereizi izan ditut lan bidaiak eta espedizioak. Espedizio kideekin egoera muturrekoagoak bizi litezke, baina ardurak ere banatuagoak dira. Laponia, Groenlandia, Hiru Pauso Hiru Norabide, Pangea, Yukon... Espedizio horiek eskiz, piraguaz, bizikletaz edo oinez egindakoak dira. Mendian asko ibili naiz, mendi gidaria naiz, eta titulua badut. Egin ditut mendi ibilaldi eta trekkingak Alpeetan eta Himalaian, baina ez dut neure burua goi mailako mendi gidaritzat.

Bizi arriskuan egon zara noizbait?
Bai. Errepidean ibiltzeak berarekin dakar arriskua. Boliviako pista haietan esaterako, baina zortez sekula ez dugu istripurik izan. Gero hor daude aduanak, lurralde ezberdinetako errealitateak, paramilitarrak, narkoak...Noizbait sustoren bat izan dugu, horretantxe geratu dena. Espedizioetan ere aukeratu egin dugu arrisku handiagoetan ibiltzea. Klima bortitzak, izozketak, janari eskasia edo jarduerak berak dakarren arriskua. Baina guk aukeratuta joan izan gara, kapritxoz, ez inork bidalita.

2002. urtean bukatu zen Nairobitarra.
Bai, Angel Ortizek bere bizitza motorren konponketetara bideratzea erabaki zuen, eta nik jarraitu nuen, baina furgoneta handi batekin. Filosofia berbera, baina formatu txikiagoan.

Bizitzako zer unetan zaude?
Batez besteko bizitza gurean 80 urtekoa bada, 62 urterekin esango nuke hirugarren ziaboga hartu eta laugarren luzea hasita nagoela. Osasunez ondo nago, dakidala, ez baitiot kasu handirik egiten.

Burua, behintzat, argi daukazu.
Ustez bai. Esan bezala, muturreko egoera batzuk bizitakoa naiz, eta buruak asko lagundu izan dit une kritiko horietan. Baikorra naiz izatez, ameslaria eta umore onekoa. Atzera bueltatzea oso zaila zen hainbat bidaiatan ibili izan gara, Groenlandian adibidez. Han segurtasun sentsazioa aldakorra da, eta buruak laguntzen ez badizu, asunto txarra.

Zer diozu pandemiak ekarri digun egoeraren inguruan. Optimista zara?
Betidanik oso oinarrizko bizitza egin dut. Oinarrizkoa Tolosa eta Euskal Herrian. Nire bizitza Afrikako biztanle askorekin alderatuko banu luxuzko bizitza litzateke. Prekaritatearen mugan ibili izan naiz aspaldi, diru sarrera finkorik gabe. Orain diru sarrera polita, baina ondoren, hilabete batzuetan akaso sosik jaso ez. Ez daukat ez baja ez opor ez langabezia saririk, baina nik aukeratuta, garbi utzi nahi nuke hori. Ez naiz gizarte neoliberal kapitalista honen ondorio, nire erabakien ondorio baizik. Batzuek idealizatu egiten dute nire hautua. «Hi bizi haiz, hi», esaten didate, baina bizimodu honek beste hainbat gauzari uko egitea ere badakar.

Pandemiari buruz, gaia ezberdin kudeatzen da hemen edo Finlandian, Italian edo Txinan. Zientzietakoa naiz, ingeniaria bainaiz ikasketaz. Ez dut konspirazioetan eta halakoetan sinesten. Gauzak entzuten, irakurtzen eta kontrastatzen saiatzen naiz, eta guk sortutako arazoak guk geuk konponduko ditugula uste dut, gure baliabide eta teknologiei esker.

Pandemiarekin, ezin zure txokotik irten. Gogorra?
Atzerrira ezin, Penintsulan ere ezer ez… Alternatiba bat bilatu behar izan dut, dugu, eta gurean, Euskal Herrian dugunari balioa eman diogu. Munduan oso leku gutxitan daude autoz ordu eta erdiko tartean Euskal Herrian ditugun txokoak eta lekuak. Iker Iriarterekin ari naiz elkarlanean, eta ibilbideak edukiz betetzen saiatzen ari gara. Aurten bezala, 2021ari begira ere atzerria ahaztu eta ibilbide tematikoak egitekotan gaude Euskal Herrian: Elkanoren espedizioaren ingurukoak, bertsolarien ibilbideak, artzaintza, bizikletaz zerbait…

Dena ez da arrisku gunean bizitzea izan. Gaztetan konfort gunean egon zinen...
Bai. 18 urterekin gau eskolan hasi nintzen lanean, gero HABEko irakasle bost hilabetez, eta oso soldata ona eskuratuz, Hondarribiko barnetegian. 8
Autobusarekin edo furgonetarekin bai, gustura joango nintzateke Mongoliara esaterako. Aspaldi hippyek Londrestik Nepaleraino egiten zituzten bidaien antzekoren bat ere egin nahiko nuke. Errepikatu, asko errepikatuko nituzke. Hego Ameriketan barrena asko disfrutatu dut bertako herritarrekin; komunikaziorako beste jarrera bat dute, eta hizkuntza bera jakiteak ere asko errazten du hori.

Eta ezagutu izan dituzun bi edo hiru txokorik gustukoenak aukeratzeko eskatuko banizu? Konpromiso handia?
Lotura kulturalagatik eta, Laponia esango nizuke. 1984an joan nintzen lehen aldiz, oso gazte, eta hogei bat aldiz itzuli naiz. Han amets asko sortu ziren, etorkizuneko bidaia zoragarriak: Groenlandia, Hiru Pauso Hiru Norabide, Artikoan... 16 urterekin deskubritu nuen Laponia David Fernandezen dokumental batean, eta uste dut orduan jabetu nintzela nire bideak gehiago izango zuela horizontaletik bertikaletik baino. Hala izan da.