Ramon Sola

70 urtetik gorako bi, 30 urte preso egindako lau... presoen errealitatea kartel batean bilduta

Zenbat urte daramatzen preso, nortzuk diren espetxealdi arinduan edota kartzeletan gaixorik, zein graduan sailkatu dituzten, nortzuk diren guraso... Hau eta gehiago jasotzen du Euskal Herriko txoko askotan agertzen hasia den posterrak.

Salaketa adierazpide eta informazio iturria da posterra.
Salaketa adierazpide eta informazio iturria da posterra.

Urtez urte data hauetan ageri ohi da kartela Euskal Herriko txoko askotan: euskal preso politikoen izen-abizenak eta aurpegiak bildurik. Aurten ere honela gertatu da, baina espetxe zigorraren dimentsioa kolpe batez ikusarazteaz gain informazio iturri eraginkorra bilakatzen da posterra.

Honela, hasteko zerrenda publikoan diren gaixotasun larriak dituzten presoak batzen ditu: Ibon Fernandez Iradi, Gurutz Maiza, Mikel Otegi, Iñaki Etxeberria, Mikel Arrieta, Gari Arruarte, Angel Telleria, Joseba Borde, Lierni Armendariz eta Josetxo Arizkuren. Honengatik aske izan beharko liratekenak gehiago direla jakina da (hamazortzi guztira, Etxeratek emandako datuen arabera), baina zerrenda pribatuak daude gainerakoak, beraiek hala eskatuta.

Urteak joan urteak etorri adinean aurrera nabarmen egiten ari den Kolektiboan, bi dira 70 beteak dituzten presoak: Martutenen den Joseba Arregi Erostarbe eta Brievan duten Dolores Lopez Resina. Giltzapean 29 eta 19 urte daramatze, hurrenez hurren.

Lau lagunek hiru hamarkada baino gehiago egin dituzte preso jada: Jakes Esnal (Lannemezan), Unai Parot (Puerto), Jon Parot (Muret) eta Antton Troitiño (Estremera).

Espetxealdiak 20 urtetik gora iraun du beste 43 presoren kasuan, kartelak erakusten duenez. Zigor erantsia dutenak ere bilduta agertzen dira: jakina da Estatu espainolak frantsesean betetako urteak kentzeko beharrari uko egiten diola. Eta informazio gehiago ere ematen du kartelak: lehen graduan nortzuk diren, 65 eta 60 urte baino gehiago nortzuk dituzten, zigorraren hiru laurdenak nortzuk gainditu dituzten, guraso nortzuk diren, nortzuk ari diren etxean espetxealdi arinduan edota erietxeren batean, zenbat kilometrotara dagoen egokitu zaien espetxea...

Datu askotxo, beraz, kartzelaren egungo errealitatea laburtzeko. Eta mezu argi bat, aldarri modura: «Free them all; euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera!».