NAIZ

Zabalik da haurrentzako albumak sortzeko Etxepare deialdia

Haurrei zuzenduriko euskarazko album ilustratuak sortzeko baliabideak eskaintzen ditu Etxepare sariak. Lan saritua Pamielak argitaratuko du.

Maiatzaren 7ra arte jasoko dituzte lanak. (NAIZ)
Maiatzaren 7ra arte jasoko dituzte lanak. (NAIZ)

Nafarroako 22 toki-entitatek sustatzen dute Etxepare saria, haurrei zuzenduriko euskarazko album ilustratuak sortzea xede duen ekimena. Sarietara lanak aurkezteko epea zabaldik da jada, eta proposamenak maiatzaren 7ra arte jasoko dituzte.

Oinarrietan zehazten dutenez, lanak jatorriz euskaraz idatziak eta argitaratu gabeak behar dute izan, eta egile bakarra edota idazle eta ilustratzaile banak osatutakoa izan daiteke. Lanek gutxienez 15 orrialde bikoitz izan behar dituzte, gehienez 4.000 karaktereko testuarekin, eta parte hartu nahi dutenek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, pdf formatuan, info@etxeparesaria.eus helbidera. Lanaren bertsio inprimatua ere bidali ahal izango dute, ohiko postaz.

Originalak aurkezteko epea maiatzaren 7an itxiko da eta epaimahaiak erabakia ekainaren 30ean iragarriko du, beranduenez. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute eta horiek sari bakarra emango dute, 5.000 eurokoa. Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitaterik ez bada betetzen, sariketa hutsik gera daiteke. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz.

Gaineratu dutenez, behin sariketa amaituta originalak itzuliko zaizkio hala eskatzen duen autoreari. Honek hilabeteko epea izango du eskaera egiteko eta, ez egitekotan, suntsitu egingo dira.

Informazio gehiagorako, kontsultatu Etxepare sariketaren web-orrialdea.