Arnaitz Gorriti

Alba Berlinen aurka ezin du Saski Baskoniak birritan hanka sartu

Entrenatzailea eta bost jokalari garrantzitsu falta zituen Albak hilaren 5ean, baina gasteiztarrei 95-91 irabazteko kapaz izan zen. Baskoniak, hori guztia jakinean, garaipena lortu behar du ostiral gauean, bestela Top 8ko aukerak nahi baino gehiago murrizten joango zaizkio.

Saski Baskoniako jokalari ohi Jayson Granger oso zital aritu zen Alba Berlinek gasteiztarrei 95-91 irabazi zien egunean. (EUROLEAGUE.NET)
Saski Baskoniako jokalari ohi Jayson Granger oso zital aritu zen Alba Berlinek gasteiztarrei 95-91 irabazi zien egunean. (EUROLEAGUE.NET)

Hilaren 5ean aurreneko itzuliko azken partida jokatu zuen Saski Baskoniak Alba Berlinen kantxan –berez aurreneko itzuliko bosgarren jardunaldia behar zuen, baina koronabirusarekin arazo larru¡iak pasa zituen garai hartan Berlingo taldeak–. Egun hartan Eriksson, Giffey, Sikma, Siva eta Brenneke jokalariek falta ziren alemaniarren artean lesio ezberdinak tarteko eta Aito Garcia Reneses entrenatzaile madrildarra ere ez zen bere taldea zuzentzen izan, covid-19ak jota zegoen-eta. Alabaina, gasteiztarrek 95-91 galdu zuten, Maodo Lo eta Jayson Granger Saski Baskoniako jokalari ohiak egindako partida bikainari esker.

Bi aste pasa dira eta bigarren itzuliari dagokion partida jokatuko dute gasteiztarrek alemaniarren aurka Buesa Arenan 21.00etatik aurrera. Dusko Ivanovicenek ezin dute hanka berriro sartu, Top 8ari begira jarraitzerik gura badu bederen. Izan ere 9-11 balantzearekin dago talde gasteiztarra, joan den astean Fenerbahçe eta Maccabiren aurka galdu ostean. Berlingo taldea duela bi aste baino osoago dator, Eriksson, Seiva eta Sikma berreskuratu dituelako, baita Garcia Reneses entrenatzailea ere, eta bera ere sailkapenari dagokionez estu dabil. 20 partida jokatu ostean 7 baino ez ditu irabazi eta ezin ditu askoz gehiago galdu Top 8rako aukerarik izaten jarraituko badu.

Baina Saski Baskoniak berak ere ez dauka hanka sartzeko tarte handiegirik. «Argi dago zortzi onenen artean sartu nahi badugu, ezin dugula partida askoz gehiago galdu», onartu du Dusko Ivanovicek berak partida bezperako prentsaurrekoan. «Hemewndik aurrerako partida bakoitza ia final bat lakoa izango da, baina izan ziur azkenera arte borrokan jardungo dugula Top 8an izateko», gaineratu du Bijelo Poljeko teknikariak.

«Jokatzen ez utzi»

Loreak barra barra bota dizkio Dusko Ivanovicek ostiral gaueko aurkariari, baina bere buruari so eginez, «defentsa» izan da Baskoniako entrenatzailearen obsesioa partida prestatzeko sasoian.

«Aurten alde handia erakutsi dugu ongi edo gaizki defenditu dugun egunetan. Ongi defenditu dugularik, partida asko atera ditugu, baina atzean txarto aritu garenean, min handia eman digute. Berlingo Albari buruz ari garela, esan behar ezin diegula aurkariei jokatzem utzi. Uzten badiegu, akabo, korrika erraz egiten dute eta kanpotik denek daukate talentua, eta orain duela hamabost egun ez zeuzkaten zenbait jokalari, oraindik eta hobeak hauek, dauzkate jokatzeko moduan», azpimarratu du, eta hainbera duen esaldi abtekin amaitu du gainera. «Defentsa borondate kontua da, nahi izatea, alegia».