Asier Robles

Haurren transexualitateak badu bere abestia

Diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren haurrentzako abestia eta bideoklipa aurkeztu du bi urte bete dituen Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak. Kai Etxanizek konposatu du, eta Josune Arakistain edo Maria Antunez bezalako beste hainbat artisten laguntza izan du.

Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak abesti eta bideoklip berria kaleratu du igande honetan Bilboko BBK aretoan. Diren bezala onartuak izateko borrokan ari diren neska eta mutil bakoitzaren soinu-banda bihurtzeko asmoz sortutako abestia Kai Etxanizek konposatu du, eta Riki Rivera, Luis del Toro, Ekaitz Goikoetxea, Josune Arakistain eta Maria Antunez bezalako artisten laguntza izan du.

Aurkezpenean gogoratu dutenez, bi urte pasa dira Naizen elkartea sortu zenetik Chrysallis Euskal Herriari jarraipena emanez, eta Nor naiz? spot saritua aurkeztu zutenetik. Gaur plazaratutako ikus-entzunezko egitasmo berriak helburu berdina du: transexualitate egoeran kide bat duten familiek beren etxeetan bizi duten errealitatea ikusaratzea.

Naizenek Hego Euskal Herriko 200 familia inguru ditu gaur egun, eta elkarri laguntzeko sare bat osatzen dute. Gainera, beraien seme-alaben errealitatea ikustarazteko eta neska zein mutil horien eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzea da elkartearen zeregina.

Egitasmoak abestia, bideoklipa eta honen grabazioaren making of-a ditu barne eta guztia maila goreneko artistekin egina. Naizen/Yo sé quién soy abestia Kai Etxaniz artista nafarrak konposatu, koidatzi eta ekoiztu du Ekaitz Goikoetxearen laguntzarekin euskarazko letrarako eta Riki Riveraren laguntzarekin ekoizpenerako. Huntza taldeko Josune Arakistainek eta Maria Antunezek lagundu dute musikan. Gainera, Luis del Toro soinu ingeniari ospetsua izan du ekoizpen teknikoan.

 

Markina-Xemeinen Naizeneko haurrekin grabatutako bideoklipa Luz Tatok eta Ander Shinovak (GatoBala Films) egin dute, Marea bezalako taldeen bideoklipen egileek. Egitasmoa Luis Azanzaren (Fuego Películas) making of delakoarekin osatu da.

Era berean, proiektuak Lakuako Gobernuaren Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren eta BBK Fundazioaren lankidetza izan duela nabarmendu dute Naizeneko kideek.

Izan ere, Bea Sevier Naizeneko kideak azaldu duenez, bideoklip bat egiteko ideia duela bi urte sortu zen, eta 2020an urtero egiten duten topaketa antolatu ezin izan dutenez, Lakuako diru-laguntza abestiaren eta bideokliparen proiektua aurrera ateratzeko erabiltzea erabaki zuten.

«Hunkigarria»

«Nik uste dut abestia hunkigarria dela, uste dut bihotzean aximur egiten duela haur hauek egiten duten bezala, ikaragarriak diren txiki hauek. Eta ezagutzea baino ez berez gozamena da eta bizitza zabaltzen dizu», esan du Kai Etxanizek.

«Miresgarria iruditzen zait beraien naturaltasun guztiarekin esatea 'beitu ni hau naiz eta listo'. Aldi berean inpotentzia pixka bat ematen dit aldarrikapen hori egon behar izatea, iruditzen zaidalako bakoitza den bezalakoa dela eta ez duzula esplikaziorik eman behar zu modu batekoa zarelako edo beste modu batekoa. Azkenean zu zara modu batekoa eta listo, ez diozu inori ezer esan behar» hausnartu du Arakistainek.

«Zabal dezagun gure mezua abestiaren bidez. Gure kantua oraindik iluntasunean dauden pertsonengana hel dadila. Lagundu diezaieketen eskuak aurki dezaten, argiz bete eta hegan egin ahal izateko», amaitu du esaten Bea Sever Naizeneko kideak.

Bi urte eta etorkizunari begirako erronkak

Bi urteko ibilbideari buruz galdetuta, Severrek EAEn lortu duten 2012ko legearen aldaketa azpimarratu du. 2019an egin zen moldaketa berriak, transexualak halakotzat hartuko direla bermatzen du, informe mediko bat egiaztatu gabe eta tratamendurik jaso gabe. «Hori aurrerapausu oso garrantzitsua izan da», adierazi du.

Baina era berean, etorkizunerako erronka lege horretan sakontzea dela nabarmendu du Severrek. Transexualak Genero-identitateagatik ez Baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko lege hori aitzindaria izan zela aitortu arren, gaur egun «zaharkituta» geratu dela nabarmendu du eta, orain, berritu nahi dutela.

«Batik bat, osasun arloko protokoloak aldatu behar dira eta hezkuntza zentroetan formazio integrala egotea behar da. Gaur egun, transexualitateari buruz ez da ikasten inongo karreran eta ez dago aurreikusita materialetan. Hori guztia bermatu nahi dugu», azaldu du Naizeneko kideak.