NAIZ

3.000 lagunetik gora atxilotu dituzte Errusian Navalniren aldeko mobilizazioetan

Alexei Navalni oposizioko politikari errusiarraren askatasunaren aldeko mobilizazioetan 3.200 pertsona atxilotu dituzte Errusiako hiri nagusietan. Moskura itzuli zenetik bigarren asteburuz jarraian protestak izan dira.

Errusiako Polizia San Petersburgoko manifestazioan. (Olga MALTSEVA/AFP)
Errusiako Polizia San Petersburgoko manifestazioan. (Olga MALTSEVA/AFP)

Guztira 3.243 pertsona atxilotu dituzte Alexei Navalni politikari errusiarraren askatasuna eskatzeko manifestazioetan, Errusiako hiri nagusietan, OVD erakunde zibilaren zenbaketaren arabera. Navalni duela bi aste atxilotu zuten, Berlindik Moskura itzuli ondoren. Bost hilabete pasa zituen Alemanian errekuperatzen, iazko abuztuan pozoindua izan zela salatu ostean.

Atxiloketa gehien izan dituen hiria Mosku da. OVDk 895 atxiloketa zenbatu ditu, ondoren San Petersburgo dago, 564 atxiloketarekin; Krasnoyarsk, 194rekin; Vladivostok, 120rekin; Nizhni Novgorod, 118rekin, eta Novosibirsk, 103 lagun atxiloturekin. Navalniren taldearen arabera, manifestazioak egin dira Errusiako ehun hiritan baino gehiagotan.

Tatiana Potiaeva Moskuko arartekoak, oraingoz, 120 atxiloketa berretsi ditu, eta nabarmendu du mundu guztiak duela bere iritzia askatasunez adierazteko eskubidea.

Moskun, istiluen aurkako Poliziak hesiekin itxi du hiriburuaren erdigunea, Navalniren aldeko kontzentrazio nagusia saihesteko. Helburua Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalaren egoitzara iristea zen. Izan ere, Navalnik Novichok substantziarekin hiltzen saiatzea leporatu zion Errusiako Zerbitzuari.

Moskun atxilotutakoen artean dago Yulia Navalnaya, Navalniren emaztea, Instagramen argazki bat argitaratu eta gutxira atxilotua, hiriburuko kale batean. Duela astebete, Navalnaya bera atxilotu zuten senarraren aldeko beste protesta batean.

Baimendu gabeko protesta, Moskuren arabera

Moskuko Barne Sailak 2.000 bat manifestariren berri eman du. «Baimendu gabeko ekitaldi publiko bat egin da Moskun, eta 14.30erako 2.000 pertsona inguruk parte hartu dute, komunikabideetako ordezkariak barne», azaldu du Sailak, Sputnik berri-agentzia ofizialak dioenez.

Atxiloketei dagokienez, Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Poliziaren esku hartzearen gogortasuna gaitzetsi du. «Errusiako agintariek bigarren astez jarraian manifestari baketsu eta kazetarien aurkako taktika gogorrak etengabe erabiltzea gaitzesten dute Estatu Batuek», esan du Blinkenek Twitteren.

Errusiako Kanpo Arazoetako Ministerioak Washingtoni eskatu dio «Errusiako barne arazoetan esku hartzeko iskanbila» bertan behera uzteko, eta «Washingtonek kontrolatzen dituen plataforma digitalek baimendu gabeko ekintzetarako deiak egin eta desinformazioa sustatzen» dutela kritikatu du.