Maite Ubiria

Mugatik gehienez 30 kilometrora bizi direnei ez diete PCRrik eskatuko Iparraldera pasatzeko

Europako Batasuneko kanpoko herrialdeentzat mugak itxi ditu Parisek. Era berean EBko bertze Estatu batetik heldutako herritarrek PCR proba behar dute erakutsi frantziar lurraldera pasatzeko. Muga inguruan bizi diren euskal herritarrentzat ezarriak diren salbuespenak zehaztu dituzte gaur.

Irunetik Hendaiara pasatzeko Santiago zubian ezarritako kontrol postua atxikiko du frantziar Poliziak. (Bob EDME)
Irunetik Hendaiara pasatzeko Santiago zubian ezarritako kontrol postua atxikiko du frantziar Poliziak. (Bob EDME)

Joan den ostiralean Jean Castexek Frantziako kanpo mugen itxiera iragarri zuen. Ondorioz, urtarrilaren 31az geroztik Europako Batasunetik kanpoko herrialdeekin mugak itxi ditu Parisek.

Pandemia zabaltzen ari den honetan hirugarren konfinamendu saihestu nahian frantziar Gobernuak iragarritako neurrien artean aipatu zuen Castexek Hexagonoko kanpo pasabideen itxiera.

Finean, EBtik kanpo datozen herritarrek ezin izanen dute gaurdanik frantziar lurraldean sartu, ezta frantziarrek Europako Batasuneko mugetatik harago joan, oso arrazoi justifikatua ez badute bidaia hori egiteko.

Bestalde, Europako Batasuneko herritarrek ere zailago izanen dute frantziar Estatura igarotzea. Baita Hego Euskal Herrian bizi diren herritarrek ere.

Hala gehienez 72 oren lehenago eginiko PCR proba beharko du aurkeztu EBko bertze Estatu batetik «frantziar lurraldera» pasatu nahi duen edonork muga zeharkatzeko.

Lehenengo momentutik mugaz gaindiko langileen egoera bereiztu zuen frantses lehen ministroak, baita garraiolarien egoera ere.

Batzuk zein besteek ez dute test hori aurkeztu behar Ipar Euskal Herrian sartzeko orduan.

Hortik aurrera gainerako hego euskal herritarrentzat test hori aurkeztea derrigorrezkoa zela pentsatu zitekeen. Alta, finean, ez da horrela izango.

Erabakia eta egokipenak

Izan ere, osasun krisiaren baitan Parisek lehendik ere hartu zituen hainbat erabakirekin gertatu bezala, oraingoan ere hainbat egokitzapen aurreikusi ditu Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.

Gaur jakitera eman duenez, mugaz gaindiko langile eta garraiolariekin soilik ez, mugatik gehienez 30 kilometrora bizi diren herritarrekin salbuespena eginen dute frantziar agintariek.

Beraz, PCR proba erakutsi gabe ahalko dute Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoara joan, betiere desplazamendu labur batendako, hori bai.

Hau da, 24 orenez soilik luzatu dezakete beraien joan-jina mugaz gaindiko langile ez badira ere mugatik aski gertu bizi diren euskal herritar horiek.

Gauzak horrela, ikasketak, familia harremanak, medikuarekin hitzorduak.. finean funtsezko arrazoiengatik aipaturiko 30 kilometroko eremu horretan bizi diren herritarrek ahalko dute muga pasatu.

Edonola ere ziurtagiria eraman behar dute bidaiaren arrazoiak azalduz.

Eragin apala duen traba berria

Zentzu horretan Parisek harturiko erabakiak espero baino eragin apalagoa behar luke izan gurean. 

Hala eta guztiz ere, eraso jihadisten testuinguruan iragan urte hondarrean frantziar Gobernuak berriz ere mugan kontrolak ezarri zituenetik Euskal Herriaren barne mugaren egoera korapilatsua da.

Hala, egunero, goiz zein arratsaldean, auto ilarak sortzen dira Santiago zein Behobiako zubietan, mugaz gaindiko langile gehienek pasabide horiek erabiltzen dituztelako.

Gaur arratsaldean beste hainbeste gertatu da kontrolen areagotzea irudikatzeko suprefet berria bertaratu baita Santiago zubira.

Hilaren 14an, elkarretaratzea Lizarrietan

Egoera ez da samurragoa mugako bertze eskualdeetan. Hala, bi asteburu jarraian, urtarrilaren 23an Izpegin eta, urtarrilaren 30ean, Lizuniagan, pasabideen itxiera salatzeaz gain mugaren desagerpena aldarrikatu zuten ehunka herritarrek.

Era berean, urtarrilaren 14an zortzi pasabide hesteko Prefeturak harturiko erabakia indarrean sartu zenetik beraien herritan nabarmendu duten militarizazio handiagoa arbuiatu zuten.

Bestalde, Baztango EH Bilduk eta EH Baik gaur jakitera eman dutenez, otsailaren 14an, igandearekin, mobilizazio berri bat izanen da Lizarrietako lepoan.

Ondoko egunotan xehetasun gehiago eskeiniko dituzte protesta hori buruz. Dagoeneko bi alderdi horiek elkarretaratze bat deitu zuten iragan urtarrilaren 16an Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian. Egun berean Saran elkarretaratzea egin zuten pasabideen irekitzea eskatzeko.