NAIZ

Ramon Serras argazkilaria eta Photomuseum-en sustatzaile izandakoa hil da

Ramon Serras argazkilari zarauztarra 77 urte zituela hil da. Argazkilaritzaren bidez eremu ezberdinak landu zituen eta, besteak beste, Zarauzko Argazkizale Elkartearen sortzaile eta Photomuseum argazki eta zinema museoaren sustatzaile nagusietako bat izan zen.

2018an Kultur Merezimenduaren Domina jaso zuen Serras-ek Zarautzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
2018an Kultur Merezimenduaren Domina jaso zuen Serras-ek Zarautzen. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ramon Serras (Zarautz, 1943) argazkilaritzaren munduan ibilbide oparoa egin ostean hil da, 77 urte zituela. Gazterik hasi zen argazkilaritzaren munduan, aitaren afizioari helduta, eta bere lorpenen artean daude Zarauzko Argazkizale Elkartea sortu izana (1980 eta 1985. urteen artean elkarteko presidentea izan zen) eta, Leopoldo Zugazarekin batera, Photomuseum eraikitzeko oinarriak jarri izana. Egun, Estatu espainiar mailan argazkilaritzari emana dagoen museo bakarra da.

1982. urtean hasi zen Serras bakarkako lehen erakusketak eskaintzen. Euskal Herriko geografia zeharkatu dute bere obrek, baina baita atzerria ere, Italia eta Austriara iritsi baitira, besteak beste, bere bakarkako erakusketak. Hainbat erakusketa kolektibotan ere hartu du parte, eta horiekin Europan zehar eta AEBetan ere izan da.

Sorterriari lotutako argazkilaritza izan zen Serras-ek garatu zuena. Hala, Auñamendi entziklopediak gogora dakarren gisara, 1994an Bilboko Arte Ederren Museoan eta hiru urte beranduago Photomuseumen Zarautzekin lotutako kultura, arte eta kirol munduko pertsonen 48 zuri-beltzeko erretratuko serie bat erakutsi zuen. San Pelaio bezperako haur danborradako irudiak ere erakutsi zituen 2003an sorterriko Euskalduna tabernan eskainitako erakusketaren bidez eta bere azken erakusketen artean dago Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartean ikusgai jarri zuen ‘Udazkena Euskal Herrian’ erakusketa, teknika estenopeikoa erabilita lortu zituen irudiez osatua. Aipagarriak dira baita ere emakumea gaitzat hartuta eta berezko estiloa erabilita egin  zituen polaroid manipulatuak.

Liburuak ere argitaratu zituen. Bernardo Atxagaren testuak daramatzan ‘Zabalbideak’ edota sorterriari lotutako ‘Zarauzko argazkiak (1866-1936)’ tartean.

Bere ibilbidean hainbat sari jaso zituen. Aipagarrienen artean daude 1985 eta 1986an eskuratu zuen Birkenead (Bretainia Handia) saria, 1987ko Europicamera (Belgika), 1987 eta 1988ko Krakoviako (Polonia) Venus saria eta 1989an lortu zuen Luxenburgeko Camera saria. Orain hiru urte Kultur Merezimenduaren Domina eskaini zioten bere sorterrian: 2018ko uztailaren 31a zen, 75 urte bete zituen egun berbera.