NAIZ

Eremu gorrian dauden tabernak irekitzeko helegitea aurkeztu dute EAEko ostalariek

Gune gorrian dauden herrietan tabernak eta jatetxeak ixtea agintzen zuen lehendakariaren dekretua bertan behera uzteko eskatuz, zenbait ostalari elkartek helegitea aurkeztu dute EAEko Auzitegi Nagusian. Heldu den asteartean jakingo da epaitegiaren erabakia.

Gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak ireki ahal izatea eskatu dute ostalari elkarte ezberdinek. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak ireki ahal izatea eskatu dute ostalari elkarte ezberdinek. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ostalari elkarteek helegitea aurkeztu dute ostegun honetan EAEko Auzitegi Nagusian, 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 koronabirus kasu baino gehiago izateagatik gune gorrian dauden herrietan tabernak eta jatetxeak ixtea agintzen zuen lehendakariaren dekretua bertan behera uzteko eskatuz.

Auzitegiak astelehen eguerdira arteko epea eman dio Lakuako Gobernuari alegazioak aurkezteko. Epaimahaia biharamunean, otsailaren 9an, bilduko da eta egun horretan bertan jakinaraziko du erabakia.

Helegitea erregistratu ostean, Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak «kasu berrien hazkundearen errudunak» ez direla defendatu du, eta, aldiz, familia bilerekin eta Gabonetako ospakizunekin zerikusia dutela frogatzea espero du.

Zehazki, hiru lurraldeetako sektoreko profesionalen elkarteek errekurtso bat erregistratu dute gaur goizean, koronabirusari aurre egiteko neurriak eguneratzeko urtarrilaren 22an aurkeztu zen 4/21 Dekretuaren aurka. Dekretu horren ondorioz, ostalaritza establezimenduak itxi egin behar dira «gune gorrian» dauden herrietan.

Helegitearen bitartez kautelazko neurri batzuk hartzeko eskatu diote Auzitegiari eta udalerri horietako lokalak, gainerakoen murrizketa berberekin, ireki ahal izatea defendatu dute, «gaiaren funtsari eta dekretu horren aurkako argudioei buruz ebatzi arte».

Sanchezek azpimarratu nahi izan duenez, «ez da neurri orokorren inguruan hausnartzea eskatzen», gune gorrian ixteko betebeharra bertan behera uztea baizik. Ostalariek «kutsadura kurbaren igoera mugikortasunarekin eta Gabonetako familia-ospakizunekin lotuta» dagoela erakutsi nahi dute, eta ez sektorearen jarduerarekin. Zentzu horretan, koronabirusaren egoera epidemiologikoaren bilakaerari buruzko datuak jaso dituztela azaldu du.

Horrela, ostalariek «jarduera mantendu ahal izatea» eskatu dute, «lokala kokatuta dagoen udalerria gorria, horia edo berdea izan» arren, barruan %50eko edukiera murrizketak errespetatuz, barran bezerorik gabe, terrazak %100ean, baina aulkien arteko distantziarekin eta musukoekin, eta 20:00etan itxita.

240 milioi inguruko galerak

Galerei dagokienez, iaz 184 milioi eurotan zehaztu zituztela ekarri du gogora Sanchezek eta orain, egungo itxierekin, EAEko ostalaritzaren galera 240 milioi ingurukoa dela adierazi du.

Ziurtatu duenez, laguntzak «ez dira galera horiek orekatzera iritsi». «Eta hori ezinezkoa izango dela dakigunez, jendeari lan egiten uztea nahi dugu, ostalaria ez da laguntzen bila ari, ez du etxean egon eta dirua kobratu nahi, lan egin nahi du, segurtasun neurriekin, jakina, baina lan egin», gaineratu du.

Laguntza horiei dagokienez, Bizkaiko Ostalaritzako gerenteak zehaztu du Lakuak 45 milioi euro inguru bideratuko dituela. Hala ere, neurri hauerk «ez direla nahikoa» salatu du eta «ziurrenik berandu iritsiko direla».

Kopuru hori, era berean, lanean itzuli ezean hazi egingo dela gogorarazi du Sanchezek. «Arazoa ez da galdu dena, arazoa da egoera honetan jarraitzen badugu, sektore itxiarekin, kopuruak handitzen jarraituko duela».