Manex Altuna

Athleticen zelai erdian tokia daukala erakutsi dio Unai Lopezek Marcelinori

Entrenatzaile berria iritsi zenean lesionaturik zegoen eta ezin izan zuen Superkopan parte hartu. Cadizen eta Levanteren aurkako partidetan aldiz, erasoko jokoa antolatzerakoan balizko erdilaria izan daitekeela argi utzi du.

Unai Lopez taldekideekin batera Cadizekin egindako gola ospatzen. (@AthleticClub)
Unai Lopez taldekideekin batera Cadizekin egindako gola ospatzen. (@AthleticClub)

Athleticek Cadizen lortutako garaipen borobilarekin gozatzen jarraitzen du. Talde zuri-gorriak erasoko jokoa eraberritu du Marcelinorekin. Muniain, Williams edo Raul Garcia dira entrenatzaile berriaren etorrerarekin gehien indartu diren jokalariak, baina azken partidetan Unai Lopezek ere bere gaitasunak erakutsi ditu.

Erdilari gipuzkoarra pozik agertu da Lezaman entrenamendu aurretik. Gogoratu duen bezala, Marcelino Athleticera iritsi zenean lesionaturik zegoen eta ezin izan zuen lehen partidetan ezta Superkopan jokatu.

Vencedor eta Dani Garcia izan dira euskarrirako apustua eta Vesga ere bere aurretik zegoen. Huts egite batek ordea, egoera iraultzeko aukera eman dio. Levanteren kontrako finalerdian Melerok egindako gola, hain zuzen ere. Vencedorrek ez zuen jarraitu eta aurkariak lehen zatian erakutsitako nagusitasunari buelta emateko Marcelinok aldaketak egin zituen. Bigarren zatian atera ziren Unai Lopez, Vesga eta Berenguer partida berdintzeaz gain jokoa hauspotu zuten.

Horregatik, hamaikakoan mantendu zituen Cadizen eta erantzuna bikaina izan zen. Berenguerrek bi gol egin zituen lehen ordu erdian eta Unai Lopezek beste bat falta jaurtiketa batean. Hori gutxi balitz, bikain aritu zen baloia mugitzerako orduan. «Denboraldiko hontako golik onena» bezala izendatu duen 0 eta 3koan egiten duen joku aldaketa bikaina da.

Erdilariak nabarmendu duenez, taldeak Marcelinorekin baloiaren bitartez aurkariari min egiteko modua aurkitu du eta entrenatzaile asturiarra oso hurbilekoa dela aipatu du. Gertutasun horrek asko lagundu duela bere planteamendua barneratzen aitortu du.

Ibilbide malkartsua

Unai Lopezel argi utzi du bere helburua hamaikakoetan jarraikortasun gehiago izatea dela. 25 urte ditu oraindik eta ez du lortu Athleticen egonkortzea. 2014/15 denboraldian egin zuen debuta Valverderekin 18 urterekin. Gaztetxo mailan iritsi zen Lezamara, Antiguoko taldean jokatu ostean eta Realetik igaro ondoren. Garai hartan talde txuri-urdinaren harrobia zuzentzen zuen Bittor Alkizak bere kexa agertu zuen Athleticerako bidea hartu zuelako. Lezamako arduraduna zen Fernando Quintanilla ‘Txirri’-k aldiz, jokalariak etortzeko prestutasuna erakutsi zuela eta Bartzelonarem eskaintza bat ere zeukala argudiatu zuen.

Hasiera batean aurrelarien atzetik aritzen zen, baina ez zuen bere lekua aurkitu. Bilbao Athleticekin jokatu zuen Bigarren Mailan eta Leganes eta Rayora joan zen utzita. Vallecaseko taldearekin igoera lortu zuen eta Berizzok aukera eman zion lehen taldean geratzeko. 2018ko uda hartan ikusten zen baloia mugitzeko dohai berezia zuela. Hala ere, oraindik egin gabe zegoen defentsa lanetarako eta Garitanok taldea hartu zuenean oso aukera gutxi izan zituen.

Berriro irtetzeko zorian izan zen, baina iazko denboraldian aurrerapausu bat eman zuen eta ohiko hamaikakoan sartzea lortu zuen. Gorabeherak izan zituen eta sasoi bat jokatu gabe ere egon zen, baina azkenean minutu gehien izan zutenen artean bukatu zuen.

Aurtengo denboraldi hasieran berriz, bi gol egin zituen Ipuruan lortutako garaipenean. Baina taldearen jokoa eta emaitzak ez ziren onenak eta apurka-apurka postua galdu zuen zelai erdian.

Vesga eta Unai Nuñez gabe

Igandean jokatuko du, 21.00etatik aurrera, Athleticek hurrengo partida Vila-real taldearen kontra San Mamesen. Goizean ez ohiko Batzar Orokorra ospatuko den toki berean.

Unai Lopezek azpimarratu duen bezala, aukera bikaina da seigarren postuan dagoen aurkariarengana gerturatzeko. 8 puntuko aldea dauka Unai Emeryren taldeak eta beste helburu nagusia lehen aldiz bi garaipen jarraian eskuratzea izango da.

Marcelinok aldaketa bi gutxienez egin beharko ditu Vesgak eta Unai Nuñezek bosgarren txartel horia ikusi baitzuten Cadizen.

Beraz, zelai erdian Vencedorrek edo Dani Garciak aukera izango dute taldera bueltatzeko. Defentsan aldiz, litekeena da Iñigo Martinez hasieratik aritzea berriro astelehenean atseden hartu ostean. Ikusteke dago Marcelinok bigarren taldeko jokalariren bati aukera ematen dion hutsuneak betetzeko.

Asteburu honetan ez bada, hurrengo jardunaldian izan daiteke. Athleticek Levante bisitatuko du otsailaren 26an, ostirala. Kopako finalerdiaren aurretik izango da Ligako norgehiagoka. Gainera, Capa, Dani Garcia edo Unai Lopez bezalako jokalariak lau txartelekin daude une honetan.