Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Berako abeltzain bat: «Honek basamortua dirudi, edo Marte»

«Orain dudan bista penagarri dago. Hildako behi bat ari naiz ikusten». Hala mintzo zaio NAIZi Xabier Balda Berako abeltzaina. Aitor Elexpuru alkateak adierazi duenez, kalte handiak eragin ditu asteburuko suteak basoan, eta animalia ugari hil da.

Suhiltzaile profesionalez gain, bolondresak eta herritarrak jo eta ke ibili dira asteburuan sua itzaltzeko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Suhiltzaile profesionalez gain, bolondresak eta herritarrak jo eta ke ibili dira asteburuan sua itzaltzeko. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«350-400 hektarea inguru erre dira Beran. Herri lurrak kaltetu dira; landaketa berriak galdu ditugu, landaketa zaharxeagoak ere aunitz: hariztiak, pinudiak… Kalte handiak izan dira basoan, eta animalia aunitz hil dira: betizuak, pottokak, ahuntzak…».

Hala azaldu dio Aitor Elexpuru Berako alkateak NAIZi. Nekatuta dago, oraindik zurrunbilotik atera gabe, joan den asteburuko sutea, susmo guztien arabera nahita piztua, ezagututako larriena izan baita. Administrazioek emandako datuen arabera, azkenean 2.000 bat hektarea erre dira Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa artean. 

Igande gauerdian azken garrak itzaltzea lortu eta gero, orain zein kalte izan diren baloratzeko unea da. Josu Iratzoki Berako Mendietako zinegotziak Nafarroako basozainekin buelta bat eman du astelehen goiz honetan horretarako. Bestalde, norbanakoei dei egiten ari dira udaletxera etortzeko zer kalte izan duten azaltzeko. Gero ikusiko dute nola kudeatu, salaketarena nola doan, aseguruak eta abar.

Pinudiak, deusetarako balio ez dutela

Iratzokik agertu duenez, hagitz gaizki ikusi dute ingurua. «Pinudiak behintzat, gazteak eta zaharxeagoak, deusetarako balio ez dutela gelditu dira. Landaketa berri bat zegoen, pinuarena, Sarrailan, eta hori dena galdu da. Bertze landaketak, haritzarenak, alertzearenak, batzuk erdizka daude. Ikusi beharko da landareak nola erreakzionatzen duen. Agian azpitik mozten ahal dira muskila berria botatzeko».

Landaredia kaltetzeaz gain, suak azienda aunitz hil ditu: behi, ardi, ahuntz, behor, zein pottoka… denetarik. «Orain bertan hildako behi bat ikusten ari naiz. Halako sutea izan da ez zutela nondik eskapo egin. Ixkin guztietatik sua zegoen. Pena handia izan da. Kearekin edo erreta hil ziren. Guk sei behor ditugu, bizirik daude, baina erreta: ezpaina handitua, begiak itxiak, mukia dariola, patak erreak… Penagarri daude», kontatu digu Xabier Balda abeltzainak menditik.

«Honek basamortua dirudi, edo Marte. Negar egiteko gogoa ematen du», deskribatu du.

«Asteburua luzea izan da. Gaua eta eguna. Ohatzean sartu eta lorik ezin egin. Gauez bueltaka ibili, goiz abiatu etxetik, berandu etorri... Atzo ere 23.30ean oraindik hor ginen bueltaka. Telebistan ikusten dugu aunitzetan, baina tokatzen zaizularik ohartzen zara zer den. Laguntza eskatu eta jendea prest agertu da», adierazi du. Esker ona azaldu du abeltzainak, baita Berako Udalak ere. Elexpuruk erran duenez, goizean aziendarentzako bazka eraman dute norbanakoek udaletxera, deus ere gabe gelditu baitira.

Mendiak garbi mantentzearen garrantzia

Bai Baldak eta bai Patxi Lazkanotegi abeltzainak mendiak garbi mantentzearen garrantzia azpimarratu dute. «Akats handiena da mendiak zikinak daudela, hagitz zikinak daude, ez dira zaintzen zaindu behar diren bezala, zerbait egiten da, baina jarraipena egin behar da, hirietan lorategiekin egiten den bezala. Suebakiak egin behar dira, aziendak egoteko larreak garbitu… Jarraipen bat eginez gero orain ez genuen irudi hau izanen», baieztatu du Baldak.

Badute mendi batzorde bat. Bi-hiru hilabetero biltzen da, «gauzak ongi egiten saiatzeko, baserritar gazte eta ez hain gazte kuadrilla bat. «Ea gertatutako honek dei bat bezala balio duen, ikasteko, ohartzeko zer gertatzen ahal den», adierazi dute.