Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Bera eta Lesakan 770 hektarea erre dira eta kaltea ezberdina da landarearen arabera

Nafarroako Ingurumen sailburuak adierazi du «eman zezakeena baino azalekoagoa» izan daitekeela joan den larunbatean Beran piztu zen sutearen eragina. Bertako Udalak, ordea, ez dio larritasunik kentzen gertatutakoari.

Joan den asteburuko suteak kaltetutako eremua erakusten duen irudia. (Nafarroako Gobernua)
Joan den asteburuko suteak kaltetutako eremua erakusten duen irudia. (Nafarroako Gobernua)

Joan den asteburuan Beran eta Lesakan izandako baso suteak 770 hektarea erre ditu bi udalerriotan –orotara 2.000 hektarea baino gehiago kaltetu zituen Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan–, eta eremu zein landaretza motaren arabera ukipen-maila desberdina izan da. Eragindako azalera berbera da bi aipatu udalerrietan, 384 hektarea, eta horren zati bat modu naturalean berreskuratuko da.

Hala jakinarazi du ostiral honetan egindako balantzean Nafarroako Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Baso eta Ehiza Zerbitzuak. Sutea neurtzeko lanak amaituta, suak 339,3 hektarea larre eta sastraka kaltetu dituela erran dute; 169,3 hektarea konifero-zuhaitz; 236 hektarea hostozabal-zuhaitz; eta 24,7 hektarea ez-emankor deritzen eremuetan, adibidez, bideak eta ibaiak.

Kalte-maila «oso desberdina»

Erantsi duenez, kalte-maila «oso desberdina da landare-formazioaren eta suak kaltetutako eremuetatik igaro zuen abiaduraren arabera». Adibidez, belar-larreek hartzen duten azalera modu naturalean berreskuratuko da. Udaberri amaierarako berdatzea espero da, baina ordura arte aziendak ez du bazkarik izanen mendian.

Litekeena da, halaber, sastrakaz eta zuhaixkaz estalitako eremuaren zati handi bat, nagusiki argomaz, iratzeaz, txilardiez eta ezpelez osatua, modu naturalean berragertzea, nahiz eta berreskuratze mantsoagoa izanen den. Lurraren gaineko eragina aztertu duten Baso eta Ehiza Zerbitzuko teknikarien arabera, eremu batzuetan baliteke sastrakak ez piztea, sua motel igaro delako eta erabat kiskalita dagoelako. Kasu horretan, lehenik eta behin, belar-mantua berreskuratuko da eta ondoren, sastraka jarriko da.

Era berean, ezpelak nola eboluzionatuko duen jakin behar da, aurretik hagitz zigortuta baitzegoen (baita hildako aleekin ere, dagoeneko lehortuta baitaude), baina, gutxienez, partzialki berriz ernaltzea espero da.

Larritasunaz ikuspegi ezberdinak

Gertatutakoaren larritasunaz ikuspegi ezberdinak dituzte, adibidez, Nafarroako Ingurumen Sailak eta Berako Udalak. Itziar Gomez Ingurumen sailburuak adierazi du «kaltea eman zezakeena baino azalekoagoa» izan daitekeela. «Datuak uste baino lasaigarriagoak dira», aitortu du.

Berako Udaleko Mendi zinegotzia, Josu Iratzoki, ez da iritzi berekoa. Azaldu duenez, 20 urteko pinadegiak oso-osorik bota beharko dira segur aski, Beran 17 hektarea inguru. Hostozabal eta hariztiekin zalantza gehiago dago zer pasatuko ote den. «Haritz amerikarra suarekin nahiko sentikorra dela erraten dute eta agian hondatuko da. Larria izan da. Teknikariak erraten ari dira balitekeela 15-20 urteko haritzak ipurditik moztu behar izatea muskil berria botatzeko, beraz, 15-20 urte atzera eginen du basoak».

Orain hagitz politak jartzen ari ziren hariztegiak, azpitik garbitzen hasiak ziren, arbolak zuzen-zuzen, eta horiekin zalantza dago zer egin behar den.

Iratzokik ohartarazi duenez, mendiak bere martxa hartzeko urte mordoxka bat joanen dira, hor zeuden habitat guztiak desagertu direlako azkenean. «Otea eta sasia ikustean mendia zikina dagoela erraten dugu, baina, adibidez, otea loratzen denean erleek horiekin lan egiten dute. Neguan, behor, ahuntz eta ardiek sasia jaten dute».

«Mendi gain horrek 30 urte edo gehiago izango zituen ez zela erretzen. Otea jada pixka bat galtzen hasia zen eta añarra eta belarra ikusten zen aunitz. Behorrak edo ardiak sartzeko jarriko zen. Orain ikusi behar zer martxa hartzen den».

Mendia zikina dagoelako kexatu dira abeltzainak, baina Mendi zinegotziaren ustez ezin dugu mendi osoa lorategi bat bezala garbitu. «Mendi kaxkoetan eta traktorea ibiltzen ahal den tokietan garbitzen dira oteak-eta. Baina badira toki maldatsu aunitz eta horietan ezin da aise esku hartu. Nik uste sua nahita emandakoa dela, orduan ez badu inork surik ematen mendia bere gisa hobetzen joaten da. Ez bada erretzen arbolak etortzen dira. Azpiko otea eta sasia igotzen dute eta garbitzen joaten da. Dirua inbertitu behar da, dudarik gabe, baina ezin dugu mendi osoan esku hartu».

Bizpahiru urte sute «arraro samarrekin»

Oraindik ez dakite deus suaren jatorriaz. Batzuk aipatzen ari dira artzainek ematen diotela su mendiari, baina Josu Iratzokik argitu nahi du Berako kasuan behinik behin ez dela horrela. «Baditugu bizpahiru urte sute arraro samarrak gertatzen ari direla eta bakar bat ere ezin zaie artzainei leporatu, nire ustez. Artzainek erretzekotan mendi kaskoak edo larreak erretzen dituzte eta ez azpitik hasita mendiak oso-osorik. Artzainekin mendi batzordean biltzen gara eta bertan adosten da mendi garbiketa eta landaketak nola egin. Ahal den neurrian elkar hartzen dugu mendien kudeaketan», azaldu du Berako Udaleko Mendi zinegotziak.