Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Burlatatik Algortara, Izadi gurasoekin ateratzeko aldarria

Algortako Iñigo Gutierrez eta Burlatako Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi. Hiru urte beteko dituenean gurasoengandik banatzera behartuko dute. Hori saihesteko asmoz, 2019an 'Izadi gurasoekin etxera' plataforma sortu zen, eta bertako kide den Itxaso Torregrosarekin aritu da NAIZ solasean.

Izadi, Iñigo eta Maria. (NAIZ)
Izadi, Iñigo eta Maria. (NAIZ)

Irati Aranjuezetik atera ostean, Izadi izango da kartzela horretan jarraituko duen euskal presoen alaba bakarra. Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba da Izadi. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian eta urte eta erdiz bere amarekin Picassenteko «amen moduloan» egon ondoren, azarotik aurrera Iñigo eta Mariarekin bizi da Aranjuezeko familien moduloan.

2022ko urtarrilean 3 urte beteko ditu Izadik eta Burlata eta Algortako norbanako ezberdinek ‘Izadi gurasoekin etxera’ plataforma sortu zuten, umea «motxiladun ume bilakatzea» ekiditeko. Ez hori bakarrik, Izadiren egoera eta espetxean dauden umeen egoera «larria» ezagutzera eman nahi dutela dio plataformako kide Itxaso Torregrosak.

Izan ere, Izadi ez dago preso, baina espetxe bateko estigma guztiak dituen esparru itxi eta txiki batean bizi da. Eta kartzelan ezer mugitzen ez dela dirudien arren, bere bizitza erabat aldatu da pandemia dela-eta. Han zementua bakarrik ikusten da, ez dago kanpoko beste estimulurik. «Ez du belarrik ikusten, ez du animaliarik ikusten. Ilobarekin joan nintzen eta flipatzen zuen. Izadik ez du itxasoa ikusi? ez du mendia ikusi?, galdetzen zidan. Ez gara kontziente zer suposatzen duen ume batentzako espetxean bizitzeak», azaldu du Torregrosak.

Kartzela aldaketak eta modulu aldaketa etengabeek ere ez dute lagundu. Alde horretatik, Aranjuez oso espetxe «txarra» da Torregrosaren esanetan: «Zuzendaritzaren jarrera ez da batere ona, funtzionarioena ere ez. Orokorrean egiten dutena da erraza dena zaildu».

Picassenten Izadi kalera ateratzeko erraztasun handiak zituztela nabarmendu du, baina Aranjuezen ezin izan da kalera atera. Picassenten, umearen hobe beharrez, bisita guztiak kristalik gabe dira, ez ordea Aranjuezen. Elikadura ere okerragoa dela dio.

Baina bisita horiek, kristal hotz bat tartean, desagertu egin dira azken hiru asteetan. «Beldur gara ez ote den gehiegi luzatuko, eta kezka dugu ere irteerekin, azkenean helduentzako urte bat etxekoak besarkatu gabe oso gogorra egiten da, baina umearentzat zer esanik ez», azaldu du. Espetxeari umea PCRarekin bueltatzea eskaini diote, baita beste aukera batzuk ere, baina ezezkoa eman die hamaika aldiz. Kanpoko jendearekin duen harreman bakarra deien bidez egiten da.

Hala ere, hilabeteetako urrunaldiaren ostean, berriz elkartzeak ezinegona eta poza uztartu ditu.  «Lortu genuen familiarren modulura eramatea, eta alde on bakarra da orain modulu berdinean daudela», azpimarratu du Torregrosak.

Denbora asko aita ikusi gabe pasa du Izadik eta, gainera, aitona hil zitzaion itxialdian. Hala, Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirainen egoera salatu nahi izan du Torregrosak, aitak hilabeteak baitaramatza Irati ikusi gabe.

«Espetxealdi bikoitza»

Nola aurre egin haurren hazkuntzari kartzela batean, horixe da preso dauden emakumeen erronka handienetako bat. Torregrosaren iritziz, «amen moduluak» deitzeak ematen du toki hauek duten matxismoaren arrastoa.

Lehenenbiziko aldiz, euskal presoak modulu familiar batean elkartzea lortu dute, baina Torregrosak aitaren falta hilabeteetan jasan behar izan dutela azpimarratu du, eguneroko erabakietan eragiteko aukera zapuztuz. «Amentzako pentsatua dago eta aitek ez dute inongo paperik», gaineratu du.

«Emakume bat bazara, espetxealdi bikoitza duzu, eta, ama bazara, zer esanik ez. Lehen amen modulu gehiago zeuden baina orain bakarra dago estatu osoan. Hortaz, haurdun geratzen bazara estatuko edozein puntatan, Katalunian kenduta, Madrilen egotera kondenatuta zaude», azaldu du.

Horregatik, Euskal Herriko espetxeetan modulu mistoa sortzeko aukerarekin ados agertu da Torregrosa, baina plataformaren aldarrikapen nagusia Izadi, Iñigo eta Maria «kalean eta etxean» nahi dituztela da, «aukerak daudelako, eta, nahi balute, bihar bertan egin ahalko luketeelako». Kontuan hartuta, gainera, Iñigo Gutierrez Izadi baino sei hilabete geroago aterako dela.

«Mariari sei urte falta zaizkio eta horrek suposatuko luke bere bizitzako sei urteak alaba apenas ikusi gabe egotea. Guk ez ditzatela bereiztu eta bere gurasoekin batera atera dezatela aldarrikatzen dugu. Hala ere, uste dugu beharrezkoa dela Euskal Herrian modulu mistoak egotea, gauza horiek hemen kudeatzea», adierazi du.

Plataformaren dinamikak

Plataformaren asmoa instituzioen eta jendeartearen artean babesa bilatzea dela dio Torregrosak. Presoen aferak gero eta babes zabalagoa duela uste du, baina umeak tartean daudenean nabaritu dute «sentsibilitate maila handiagoa» dagoela.

Hala, oso jende ezberdina dago Burlatako plataforman, eta hori «oso polita» dela uste du; izan ere, bertan beste gauza batzuengatik mugituko ez litzatekeen jendea dagoela dio, «baina Izadiren egoera ezagutzen duenean…».

Orain babes handiena Iratiri eman nahi diotela azpimarratu du Torregrosak, «azken txanpan daudelako». Ondoren, hilabete bakoitzeko 23an ekimenen bat –sinadura bilketak, abesti bat, ikuskizunak, manifestazioak eta espetxe martxak, besteak beste– antolatuko dute, nolabait salatzen hilabete bat gutxiago faltatzen dela Izadi ateratzeko.

Martxoaren 23an, bestalde, Izadiren egoera grafikoki azaltzen duen eta Algortan egin duten dokumental bat publiko egingo da. Burlataren kasuan 21ean aurkeztu dute. Instituzioei dagokienez, Arartekora, nafar Parlamentuara eta baita Madrilera bidaiatzen saiatuko direla dio Torregrosak.