Haritz Larrañaga

Libe Goñik euskaraz irakasten ereindako hazia, lehen Monzon-Ganuza saria

Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean Monzon-Ganuza saria banatuko dute lehen aldiz Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak. Saria Libe Goñik jasoko du, Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen irakasleak.

Libe Goñi Garate bere etxeko leihoan. (Bob EDME)
Libe Goñi Garate bere etxeko leihoan. (Bob EDME)

Martxoaren 9an beteko dira 40 urte Telesforo Monzon Baionan hil zela eta urteurrena gogoratzeko lehen aldiz Monzon-Ganuza saria banatuko dute Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako udalak. Saria Libe Goñi Gartek jasoko du, Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen irakasleak.

Ipar Euskal Herrian urte asko egin zituzten arren, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren etxe kuttuna Bergarako Olaso dorretxea izan zen. Han sortu zen Monzon eta bere heriotzaren ostean, bere nahiei erantzunez, Olaso Dorrea Fundazioa sortu zen, bere ondarea eta memoria gordetzeko.

Orain, lehen aldiz sari bat eskainiko dute eta emateko, Telesfororen balioak hartu dituzte kontuan. Beraz, fundazioaren oinarrian diren irizpideak ezarri dituzte, hau da, «herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia eta batasunaren balioa».

Sari sinbolikoa

Euskal artegile batek egindako lan batek irudikatuko du Monzon-Ganuza sari sinbolikoa eta berau egiteko 3.500 euroko diru laguntza eman zioten hautatutako artistari. Ordea, artistaren lana eta izena ez dira aditzera emango sari banaketa eguna arte. Ordea, Monzon-Ganuza saria jasoko duen pertsonaren izena otsailaren 15ean jakinarazi zen. Libe Goñi, Seaskako irakasle ohia, izango da saritua, «Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana» eskaintzeagatik.

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak elkarlanean eskaini duten saria lehena da, baina aurrerantzean urtero norbait saritzeko asmoa agertu dute antolatzaileek eta datozen edizioetan ere sistema bera erabiliko da. Hau da, fundazioak ezarriak diren irizpideen arabera norbait hautatuko du eta sari sinbolikoa egiteko urtero artista berri bat hautatuko da.

Euskarari eskainitako bizia

Nafarroako Oteitza herrian sortu zen Libe Goñi Garate, 1947. urtean, baina hiru urte zituela Lazkaora lekualdatu zen, bere amak irakasle postua ukan baitzuen bertako eskola publikoan. Han bertan egin zituen Libek bere lehen ikasketak, jarraian Ordizian ere aritu zen ikasten eta azkenik magisteritza ikasketak egin zituen Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

Zalantzarik gabe, Goñik irakaslek sena zuen, baina euskaraz irakatsi nahi zuen eta egitura frankistek inposatzen zuten hezkuntza eredutik harago, pixkanaka sortzen ari ziren ikastoletan bere hondar aletxoa ezartzen hasi zen, besteen artean ikastolen sorreran aitzindari izan ziren Elbira Zipitria eta Karmele Esnal irakasleekin praktikak egiten.

Frankismoaren atzaparretatik ihesi Ipar Euskal Herrian babes hartu zuen 1969ko otsailean eta ordutik Lapurdin bizi izan da. Berriki Kazeta.eus atarian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, «harrituta eta txundituta» geratu zen Olaso Dumon Fundazioak eta Bergarako Herriko Etxeak lehen saria eskainiko diotela jakin zuenean.

Ezin trena pasatzen utzi

Aipatu elkarrizketan, gainera, Ipar Euskal Herrian lehen ikastolak sortzeko urratsak nola eman ziren kontatzen du. Aitzitik, Seaskako lehen irakaslea izan zenak Parisera joateko trena hartu baino ordu batzuk lehenago erabaki zuen Euskal Herrian geratzea eta euskaraz irakasten hastea. Zalantzarik gabe, egun hartan hartu zuen erabakiak bere etorkizuna baldintzatu zuen, baina Ipar Euskal Herrian lehenago edo beranduago gertatu behar zuen zerbait ere azkartu zuen, hau da, euskaraz irakastea.

Ez zen bat-batean gertatu, lehenik Donibane Lohizunen saiatu zen. Sasoi hartan Lapurdiko kostaldean iheslari andana zegoenez ikastola bat irekitzearen beharrak zuen garrantziaz ohartarazten saiatu zen bere inguruan, ate batzuek jo zituen, baina ez zuen erantzunik jaso eta Parisera joatea erabaki zuen. «Joatea erabaki nuen, pixka bat triste nengoelako, ez bainuen ikusten etorkizunik ikastolen gaian», aitortzen du Goñik.

Honela kontatu du irakasleak azken unean bere asmoak aldarazi zituen proposamenaren pasadizoa: «21.00etan trena hartu behar nuen Parisera joateko eta 16.00etan Lazaro iheslaria agertu zen. Erran zidan: ‘Egin zuk nahi duzuna’. Bizian, batzuetan, ez da aukerarik. Nik buruan nuen ikastola muntatu behar zela eta euskara zela nire bizia. Maleta hartu nuen eta Pariseko txartelak balio izan zidan Donibane Lohizunetik Baionara etortzeko».

Lazaro Arandia iheslariak egin zion proposamena hiru haurrentzako irakasle izateko, eta horrela hasi zen, Arandia eta Argitxu Noblia sendagilearen etxean. «Txartela nire sakelan gelditu zen. Lazaroren etxera joan nintzen. Argitxu ez nuen ezagutzen. Euskaldun familiakoa zen, dantzak eta euskara maite zituen. Bere etxera joan eta han lo egiten nuen. Hiru haur zituen, bat sehaskan zegoen oraindik. Horiekin, jan gelan aritzen ginen kurtsoak ematen».

Sukaldetik sortutako ikastolak

Laster beste hiru ikasle etorri ziren eta etxe hartako gela, edo hobeto esanda, sukaldea, txiki geratu zen. «Joan nintzenean Argitxuren etxera banituen bi haur eta bat sehaskan zegoen. Gero hiru etorri ziren: Mikel Muñoa, Mikel Etxebarria eta Aitor Berastegi. Beranduago Enbatak toki bat utzi zigun eta nik familia batzuen anai-arrebak hartu nituen».

Alderdi abertzaleak utzitako lekua txikia zen, baina besterik ezean han hasi ziren lanean. Egun batean, Garat izeneko Arrangoitzeko familia batek jakinarazi zien haien auzapeza gazteentzako gela bat atontzen ari zela eta astean zehar erabiltzeko aukera izan zezaketela. Han ireki zuten lehen «ikastola ofiziala», 1970. urtean. «Arrangoitzera joan ginenean, Uztaritzekoak, Angelukoak eta Baionakoak ere Arrangoitzen bildu genituen», oroitzen du Goñik.

Jarraian Donibane Lohizuneko ikastolaren txanda izan zen, eta gero Senperekoa eta Hendaiakoa ireki ziren. Ereindako haziak loreak ematen hasi zen eta lau urteren buruan, dozena bat ikastola baziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Ordutik ez du etenik izan sokak, izan ere, egun 37 ikastetxe eta 4.000 ikasle baino gehiago ditu Seaskak.

Berpizkundea

Garapen hau, gainera, ez da soilik ikastolen eremuan eman, horregatik Goñik baikor begiratzen dio etorkizunari. «Biziki ontsa da. Jakinik lehen ez zela fitsik, orain dagoena ikustea… Gaur ikusiz AEK, sail elebiduna, ikastolak, Olentzero, lizeoa, kolegioa nola joan diren…. Ikusten dudanean eragin genuen elkartasun txiki horiek zer loreak eman dituen… zer nahi duzu gehiago erratea?».

Oztopoak baino, momentu gozoak oroitu nahi dituela aitortzen du irakasleak, «oztopoak, ahantziak ditut, bakarrik nahi ditut memento horiek oroitu» dio, baina ez du nahi administrazioan egin den lan gogorra aipatu gabe utzi, «nik horien ondoan ez dut ezer egin» ausnartzen du apalki.

Izan ere, Goñirentzat euskaraz irakastea «barnetik ateratzen» zitzaion zerbait zen, horregatik bulegoetan, leihatilatik leihatilara egin den lan isil eta nekezean jardun zirenak goratzen ditu: «Lehen maila bat izatea ere pentsaezina zen. Horretarako, adibidez, asko borrokatu zen. Egiten nuena barnetik ateratzen zen, baina administraziokoek zer lana eramaten duen….».

Aitzindaritza eta adibidea

Hastapenetik ikastoletan erabiltzen zen metodoa gainontzeko ikastetxeen desberdina zen, baina funtzionatzen zuen eta arrakasta izan zuen. «Pixkanaka ateraldiak egiten hasi ginen. Buraso bakoitzak zerbait ekartzen zuen. Hori guztia berria zen. Horrelakorik ez zuten sekulan ikusi. Askaria adibidez, lurrean egiten genuen. Horrelako gauza txikiak ez zituzten inoiz ikus, eskola frantsesa ez baitzen horrelakoa».

Irakasteko metodoa bakarrik ez, gainontzeko eskoletan baino ikasle gazteagoak ere bazituzten ikastoletan eta horretan ere aitzindariak izan ziren, izan ere, Goñik azaltzen duen moduan, «eskola frantsesak sei urtetik gora hartzen zituen haurrak, baina ikusita Arrangoitzeko ikastolan lau urteko haurrak hartzen genituela, orduan eskola frantsesa ere hasi zen».

Adibidea ematea oso garrantzitsua izaten da edozein metodologia pedagogikotan, eta horregatik 2007. urtera arte Seaskako irakasle izan zenak politikari eta agintariek ere hitzetik ekintzetara pasa beharko luketela iritzi dio: «Manatari guztiei galdetuko nieke eta beste aldekoei ere, otoi, euskaraz ikas dezazue. Agintzen duten horiek guztiek benetan beren hizkuntzan sinisten badute, denak euskaraz aritu daitezela».

Euskarak eta irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian izan duen garapenaren lekuko zuzen eta eragile izan da Libe Goñi, eta egindako lan guzti hori aitortuko diote martxoaren 9an.