Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Nafarroako tortura kasuak ikertzeko aldarriak Iruñeko kaleak hartu ditu

Nafarroako Torturatuen Sareak larunbat honetan Iruñean deitutako manifestazioak herrialdeko tortura kasuak ikertzea exijitu du, Estatu espainoleko Segurtasun Indarrek zenbat pertsona torturatu dituen argitzeko. Hala, «torturaren biktimen aitortza eta erreparazioa» eskatu dute.

Tortura kasuak ikertzeko manifestazioa, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Tortura kasuak ikertzeko manifestazioa, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako Torturatuen Sareak manifestazioa deitu du larunbat honetan, 17.30ean, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuta, ‘Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu. Reconocimiento. Reparación. No repetición’ lelopean.

2.300 lagunek parte hartu dute mobilizazioan, eta tortura kasuak ikertzeko deia Oliveto Kondearen etorbidetik, Merindades, Karlos III.a, Lizarra kalea eta Yanguas y Miranda kaleetatik igaro da, Sarasate pasealekuan amaitzeko. Ibilbidean zehar, «ez, ez, ez, torturarik ez», «herriak ez du barkatu», «Mikel gogoan zaitugu» edo «alde hemendik, utzi bakean» oihukatu dute.

Manifestazioak Podemos-Ahal Dugu, EH Bildu, IUN-NEB, ESK, Steilas, LAB, Ernai, Zabaldi, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Oneka, Sasoia, EHE eta Etxeraten babesa izan du.

Bertan parte hartu du ere Idoia Zabalzak, Mikel Zabalzaren arrebak, eta abiatu aurretik hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, «tortura ez da salbuespena izan, ez da kontrolik gabeko pertsonen kontua izan», baizik eta «praktika sistematikoa, antolatua, goitik diseinatua eta erabat onartua eta bultzatua».

«Horren froga da tortura kondenatuak izan diren pertsona guztiak kondekoratuak, sarituak eta, are gehiago, indultatuak izan direla», kritikatu du. Miekelen heriotzaren inguruan filtratutako audioei buruz galdetu diotenean, «Mikel Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil» zela eta «auzia argitu» behar dela esan du. «Beti eskatu izan dugu egin beharrekoa egiteko, dela dokumentuak desklasifikatuz, dela kasua berriro zabalduz, audioarekin argi geratu baita nola izan zen kontua», azpimarratu du.

Mobilizazioa Sarasatera iritsitakoan, Foruen Monumentuaren ondoan agertoki bat jarri dute, eta bertan Ainara Gorostiagak eta Iñigo Gonzalezek, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean, manifestu bat irakurri dute. Izan ere, urtarrilean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro zigortu zuen Estatu espainola Gonzalezen tortura salaketa bat «eraginkortasunez» ez ikertzeagatik.

Gonzalezek bezala, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen esku tormentu fisiko edo psikologikoa jasan duten hainbat pertsonak duela bi urte Nafarroan torturaren inguruko ikerketa ofizial bat aldarrikatzeko antolatzea erabaki zuten. Gaur 60ko hamarkadatik mila pertsona baino gehiago torturatu dituztela gogoratu dute, eta horrek gutxienez herrialdeko 81 herritan izan du eragina. 'Arg(h)itzen' dokumentalak, adibidez, Sakanako torturaren 149 biktimen errealitatea jasotzen du.

«Horietako bat, heriotzaraino torturatua, Mikel Zabalza izan zen», gogoratu dute gaur. «Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Memoria Fundazioaren datu basean egindako azterketen arabera, Mikel ez zen bakarra izan, ez zen tortura larriak jasan zituen azkena izan».

Zentzu horretan, sareak Estatuko Segurtasun Indarrek eta haien kideek egindako urraketen inguruko ikerketa ofiziala sustatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Izan ere, Exekutiboari eskatzen diote jarrai dezala 1960tik 1978ra bitartean Nafarroan izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuan hasitako lan-ildoarekin. Proiektu hori duela urtebete aurkeztu zen eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egin zuen. Horren ondorioen artean, ikerketa-aldia 2014ra arte luzatzea proposatzen zuen.

Ildo horretan, Nafarroan «ikerketa ofizial» bat egiteko eskatu dute Gorostiagak eta Gonzalezek, «Estatuko Segurtasun Indarrek torturatu dituzten pertsonen kopurua argitzeko eta, horrela, giza eskubideen urraketa larri horrek herrialdean izan dituen ondorioen argazki oso bat eskaintzeko».

Hala, «gertatutakoa aitortzea» eskatu diete erakundeei, eta «giza eskubideen urraketa larri horren ondoriozko erantzukizun guztiak argitzea». Gainera «torturaren biktimak aitortzea eta erreparatzea»  eskatu dute, «beste inork gaitz hori inoiz gehiago jasango ez duela bermatzeko».

Herritarrei «aitortza, erreparazioa eta tortura berriz ez gertatzea bermatuko duten dinamikak bultzatzen jarraitzeko» deia egin diete.