NAIZ

Irakasleek, arrantzaleek eta albaitariek jasoko dute txertoa EAEn aste honetatik aurrera

Osakidetzak Astra Zenecaren txertaketa azkartuko du 55 urte edo gutxiagoko pertsonen artean, eta aste honetatik aurrera unibertsitateaz kanpoko irakasleek, arrantzaleek eta albaitariek, beste kolektibo batzuen artean, jasoko dute txertoa.

Adinkoek jaso dute txertoa azkeneko asteetan.  (Gorka RUBIO/FOKU)
Adinkoek jaso dute txertoa azkeneko asteetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Osakidetzak Astra Zenecaren txertaketa «azkartuko» du 55 urte edo gutxiagoko pertsonen artean. Hala azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. 

Iragarri duenez, aste honetan txertoa jasoko dute unibertsitateaz kanpoko irakasleek, arrantzaleek, albaitariek, Bilboko eta Pasaiako portuko langileek, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalek, fisioterapeutek, osasun publikoko laborategietako langileek, gazteen justizia-zentroetako profesionalek, sikologoek, podologoek, optometristek, hortz-protesigileek, aterpetxeetako profesionalek eta iragaitzazko migratzaileen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako profesionalek.

Halaber, honako kolektibo hauek prestatzen ari dira: garraio publikoko pertsonala, etxeetan arreta ematen duten udaletako gizarte-langileak, supermerkatuetako kutxetako pertsonala eta presoak.

Sagarduik azaldu duenez, kolektibo horien txertaketa dosien eskuragarritasunaren araberakoa izango da. «Une honetan, datozen egunetan txertoa emateko xede kolektiboen zerrendak eta zentsuak ditugula kontuan hartuta, ahalegina egingo dugu ahalik eta jende kopuru gehienera iristeko», esan du.

Nolanahi ere, EAEko estrategiak indarrean jarraitzen duela argitu du: «Jarraituko dugu txertoak erreserbatzen, bigarren dosia ematen dela bermatzeko. Hiru hileko epeak marjina ematen digu stock estrategiko hori sortzeko».

Zitazio bide berriak

Osakidetzak txertoa hartzeko zitazio bide berriak aktibatuko ditu. Osakidetzaren webgunearen bidez izango da eta bihar hasiko da hezkuntza arloko kolektiboarekin, publiko zein itunpekoekin: lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta jantokiko, sukaldeko eta garraioko langileak.

Bihartik aurrera, pertsona horiek hitzordua eskatu ahal izango dute Osakidetzaren webgunera sartuta, eta mezu bat bidaliko da telefono mugikorrera, adierazteko webgunean sar daitezkeela esateko.

Nagusiei dagokienez, 90 urtetik gorako 23.491 lagunek jaso dute txertoa osasun zerbitzuetako egoitzetan eta 1.568k etxean. «Asteon, txertaketak jarraitzen du, eta 80 urte baino gehiagokoetara jaitsiko da adin-tartea, biztanleriaren immunizazioarekin aurrera egiten jarraitzeko», azaldu du Lakuak. Kolektibo horri Osakidetzak telefonoz deituko die, hitzordua eskatu eta dosia nola eta noiz emango zaien zehazteko.