NAIZ

11.200 kilometro euskararen alde, Laudiotik irten gabe

Araba Euskarazerako motorrak berotzen hasi dira Laudion. Euskararen alde 10.000 kilometro baietz! erronka bota du Laudio Ikastolak eta 11.200 kilometro osatzea lortu dute igande honetan burututako ekimenean. Antolatzaileek herritarrek emandako erantzuna nabarmendu dute.

«10.000 kilometro baietz!» erronkak utzitako irudietako bat. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
«10.000 kilometro baietz!» erronkak utzitako irudietako bat. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Aiaraldeko ehunka euskaltzalek «10.000 kilometro baietz!» euskararen aldeko erronka gainditzea lortu dute gaur. Bertako ikastolak antolatu du ekimena Araba Euskarazen inguruko ospakizunen barruan, eta erantzuna sekulakoa izan dela nabarmendu dute, adin guztietako lagunek parte hartu baitute, ikastolako komunitatekoak eta ikastetxetik kanpokoak.

Goizean eguraldiak lagundu ez badu ere, familia oso askok euritakoa hartuta erronka osatzeari ekin diote. Helburua zen Laudioko hirigunean bertan egokitutako ibilbidean 10 ordutan 10.000 kilometro egitea, nahi zen eran, oinez, korrikan, txirrindulaz zein patinetan.

Botatako kalkuluen arabera, bakoitzak batazbestez 5 kilometro eginez, hau da, finkatutako ibilbidean 5 joan-etorri eginda, 200 lagun aritu behar ziren kopurura heltzeko.

Erantzuna askoz zabalagoa izan da. Erronka 9.00etan jarri dute martxan eta 19.00etan itxi dute. Antolatzaileen datuen arabera, 11.200 kilometro baino gehiago osatzea lortu dute.

Laudioko hirigunean bertan antolatu dute ibilbidea, Zumalakarregi etorbide luzean, Gurutze Gorritik osasun zentroraino. Kale nagusian zehar joan-etorriak egin dituzte parte hartzaileek zehaztutako postuetan izena emanda, kilometroen kontaketa egin ahal izateko.

Laudio ikastolako komunitateak parte hartze aktiboa izan du herriko eragile eta arlo ezberdinetako ordezkarien babesa izan duen ekimenean. Antolatzaileek izandako erantzuna nabarmendu dute, eta aurreratu dute aztertuko dutela euskararen aldeko ekimena bi urterik behin antolatzea, herriko eragile ezberdinen laguntzarekin. Aurten, pandemiaren ondorioz biltzeko zailtasunak egon dira, baina asmoa da herriko beste eragileekin batera euskararen aldeko hitzordua finkatzea eta errotzea, azaldu dio NAIZi Jon Bengoetxea Laudio Ikastolako zuzendariak.

Tubacexeko langileen borrokaren aldeko mezuak ere erakutsi dituzte zenbait parte hartzailek.