Maite Ubiria

Intzidentzia tasa emendatu ondoren, Ipar Euskal Herria alerta mailatik gora berriz ere

Azken hilabetean jasotako datuak itxaropentsuak baziren ere Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamendua berriz ere alerta mailatik gora kokatu da. Hexagonoan ematen den egoera askoz larriagoa izanik ere, gaur jaso ditugun datuek gurean ere pandemia hor dela oroitarazi digute.

Bazkaria erostea ondoren karrikan edo bulegoan jateko ohitura bilakatu da Baionan, ostatuak eta jatetxeak itxita daudelako. (Bob EDME)
Bazkaria erostea ondoren karrikan edo bulegoan jateko ohitura bilakatu da Baionan, ostatuak eta jatetxeak itxita daudelako. (Bob EDME)

Otsail erditsutik hona covid-19k eragindako pandemiaren bilakaera zinez baikorra izan da Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin.

Gabonetako ondorioak urtarrilean zehar nabarmendu baziren ere, intzidentzia tasak beharanzko joera hartu zuen ondoren, aski fite gainera.

Gauzak horrela, alerta maila zehazten duen 100.000 biztanleko 50 kasuko langatik behera jaitsi ondoren, frantziar Estatuan berdean agertzen den lurralde bakarra bilakatu zen Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamendua.

Hala ere, azkeneko bi astetan beherakada hori mantsotu egin zenn, eta eragin tasa 47 kasutan gelditu zen.

Atzo eta gaur jaso ditugun datuek departamendua alerta mailatik gora kokatzen dute berriz ere.

Atzo Akitania Berriko Eskualdeko Osasun Agentziak eman zuen zenbaketaren arabera, Pirinio Atlantikoen departamenduan 100.000 biztanleko 51,5 kasu atzeman ziren martxoaren 5 eta 11 bitartean.

Gaur arratsaldean erakunde berak zabaldu dituen datuak oraindik ere txarragoak badira. Martxoaren 6 eta 12 arteko astean eragin tasa 55,0 kasu 100.000 biztanleko izan zen Pirinio Atlantikoetan.

Bestalde, Germain Forestier irakasleak jorratzen duen xifren bilduma –frantziar osasun agintariek emanen dituzten datuetan oinarrituz– goranzko joera hori baieztatzera dator.

Asteburuan adituak eman zuen grafikoan, lau asteko bilakaera neurtuta hauek ziren emaitzak: otsailaren 11 eta 17 arteko astean 58 kasu 100.000 biztanleko atzeman ziren; otsailaren 18-24 astean, 55; otsailaren 25 eta martxoaren 3 arteko astean, 47, eta xifra berbera martxoaren 4 eta 10 bitartean.

Azkeneko aste bi horiek egoera aski egonkorra irudikatzen zuten. Izan ere, xifrek agerian uzten zuten baita ere kasuak ez zirela gehiago apaltzen.

Germain Forestierrek serie berria plazaratu du gaur. Hauxe da grafikoan islatzen den bilakaera: otsailaren 12 eta 18 arteko astean 58 kasu atzeman ziren; otsailaren 19 eta 25 artean, 56; otsailaren 26 eta martxoaren 4 artean, 44 eta, finean, martxoaren 5 eta 11 artean, 52 kasu agertu ziren Pirinio Atlantikoetan.

Azkeneko bi aste horiek utzitako datuak alderatuta, beraz, covid-19 kasuak %18an emendatu dira Ipar Euskal Herria barne den departamenduan.

Aldaeren hedapen azkarra

Pirinio Atlantikoen departamendua berdean agertzen zenean ere covid-19aren aldaeren zabalpen azkarra zela oharraraziz zuhurtziaz jokatzeko aholkua zabaldu zuten osasun agintariek.

Hain zuen ere faktore horrek lagundu dezake behin-behineko joera aldaketa hori azaltzen.

Aldaera britainiarraren presentzia handituz joan da astez aste. Martxoaren 5 eta 11 artean dagoeneko departamendu mailan atzemandako positiboen %56,6an agertzen zen aldaera hori.

Martxoaren 4 eta 10 arteko astean, ordea, kasuen %51,3an baizik ez zuten atzeman. Martxoaren 3 eta 9 arteko asteari erreparatuta aldaera hori orandik ere kasu erdien baino gutxiagotan atzemanen zuten, zehazki %47an, betiere Akitania Berria eskualdeko osasun agentziak plazaraturiko datuen arabera.

Beste faktore batek azaldu dezake joera berria: txertaketa kanpainaren erritmo apalak.

Gaur bertan txertaketa zentro berriak zabalduko dituzte Hendaian eta Kanbon.

Hala eta guztiz ere medikuek aitortzen dutenez txertaketaren erritmoa aski apala bada orandik ere Ipar Euskal Herrian.

Martxoak 11n zabaldutako datuen arabera, Akitanian Berria eskualdeko herritarren %7ak txertoaren lehen dosia jasoa zuen. Zahar etxeetan, ordea, txertaketa azkarrago joan da: egoliarren %68ak bi dosiak jaso ditu.

Gaixoen lekualdaketak Parisetik

Frantziar Estatuan egoera dezente konplexuagoa da. Eskualde batetik bestera egoera oso ezberdina izanik ere, Paris barne den Ile-de-Francen esaterako erietxeak abantzu gaindituta daude.

Hori dela eta asteburuan abian eman zen pazienteen ebakuazio operazioak azkartuko dituztela baieztatu du frantziar Osasun Ministerioak. Hamarnaka edo ehundaka ebakuazio gauzatu daitezke ondoko egunotan.

Joan zen astean Afrikatik ebakuatu zituzten hiru frantziar herritar jaso ondoren Baionako ospitala prest da covid-a lehenengo olatuan gertatu bezala pandemiak gogorki hunkitzen dituen eskualdetatik heldutako gaixoak artatzeko.