Maite Ubiria

Euskal erakundeek mugak lehenbailehen irekitzeko desmartxak azkartu dituzte

Urte hasieran zortzi muga pasabide ixteko Pirinio Atlantikoen prefeturak gauzatu zuen neurriak ez du, gaur gaurkoz, iraungitze datarik. Izan ere, azken asteotan, erakunde eremu ezberdinetatik mugaz bi aldeetan bizi diren herritarrek pairatzen dituzten eragozpenak arintzeko desmartxak azkartu dira.

Iragan urtarrilaren 30an Bera eta Sara herriak lotzen dituen Lizuniagako lepoan herritarrek eginiko protesta ekimena. (Iñigo URIZ / FOKU)
Iragan urtarrilaren 30an Bera eta Sara herriak lotzen dituen Lizuniagako lepoan herritarrek eginiko protesta ekimena. (Iñigo URIZ / FOKU)

Frantziar Estatuaren administraziopean bizi diren euskal herritarrek 2020ko martxoaren 17an konfinamenduari hasiera eman zioten.

Koronabirus arrotz batek eragin zuen pandemiaren aurrean mugen hestea izan zen bertze hainbat herrialdek bezala bai Parisek bai Madrilek hartu zuten lehenetariko neurria.

Edonola ere, iazko urtean zehar mugak ixteko agindu bi eman zituen franziar Estatuak. Blokeoa zorrotzena, erran bezala, martxoan egikaritu zen. Bigarrena, ordea, udazken aldera heldu zen.

Oroitzearren, iazko martxoaren 16an berriro ere kontrolak ezarri zituzten muga pasabideetan.

Handik hilabete batera, hain zuzen balkoitik balkoira ospatu zen Aberri Egunaren bezperan, frantziar poliziek muga zaintzeko burutzen zuten lana errazte aldera bederatzi pasabide guztiz itxi zituzten.

Egoera, neurri batean, bere onera itzuli zen deskonfinamenduaren garaian, oporraldiaren atarian.

Zehazki uda solstizioarekin batera, ekainaren 21ean, Bidasoaren bi aldeetako herritarrek beste behin ere zubiak libreki gurutzatzeko eskubidea berreskuratu zuten.

Lehenengo itxierak osasun egoerari erantzun bazion, bigarrena «terrorismoaren» aurkako borrokari helduz arrazoitu zuen Parisek.

Hala frantziar hiriburitik gertu eta Euskal Herritik zeharo urrun gertatu zen Samuel Paty irakaslearen hilketari izaera «terrorista» aitortu eta berehala gaur gaurkoz oraindik ere indarrean den kontrolak berrezartzeko erabakia gauzatu zuen Emmanuel Macronen Gobernuak.

Bi kasuetan, mugen hestea agindu ondoren oso baldintza zehatzak betetzen zituzten mugaz gaindiko herritarrek, edota merkantzien garraiolariek, baizik ezin izan zuten muga aise zeharkatu.

Berdin udaberrian zein udazkenean indarrean eman ziren neurri murriztaile horiek aldi oro bizitza soziala, jarduera ekonomikoa eta oro har herritarren eguneroko bizitzak ankaz gora jarri zituzten.

Arauak, gainera, denborak aurrera egin ahala aldatuz joan dira, eta horrek oraindik ere nahasmen gehiago eragin du herritarrengan.

Egoera salatzeko herritarrek hainbat protesta ekimen egin dituzte Izpegi, Lizarrieta edo Lizuniagako lepoetan, Baigorrin zein Irun eta Hendaia arteko zubietan.

Herritarren eskubideak moldagarriak dira

Izan ere, espainiar zein frantziar estatuetan pandemiak zerbait utzi du agerian: euskal herritarren eskubideak noiz eta nola ahal diren gauzatu Parisen eta Madrilen erabakitzen da.

Behin baino gehiagotan bi estatuek Europara jo zuten iraganean beraiek dituzten ardurak kanporatze aldera.

Oraingoan, ordea, Europako Batasuneko arduradunek beraien kezka agertu dute.

Finean, pandemiaren karietara mugen kudeaketari buruz estatuek hartu dituzten aldebakarreko deliberoek arriskuan jarri dutelako Europako Batasuneko ikurretariko bat izan den mugikortasun librea.

Frantziar Gobernuak Schengen tratatua bertan behera utzi duen une bakoitzean hori egiteko asmoa jakinarazi dio aitzinetik Europako Batzordeari.

Era berean, espainiar Gobernuari mugen itxieraren berri eman zion. Hala baieztatu zuen Pedro Sanchezen Gobernuak EH Bilduren eledunek Madrilgo Lebegiltzarrean aurkeztu zuten galderari erantzunez.

Ez da ekimen bakarra izan, EH Bildu eta ERCren senatariek beste idatzi bat aurkeztu zuten Parisek garatutako neurriaren gainean azalpenak eskatuz.

Kasu batean zein bestean Madrilek ez du bere aliatu den frantziar Gobernuak emandako urratsari buruz inolako kritikarik egin. Are segurtasun alorrean daramaten elkarlanarekin jarraitzeko asmo irmoa azaldu zuten Montaubanen (Okzitania) egin berri duten goi-bileran.

Urtebete beranduago, galdera berbera

Lehenengo konfinamenduaren urtebetera, ondorioz, mugen pasabideek itxita darraite, horrek dakarren galera zehatz zein sinboliko guztiarekin.

Horrela azaldu dute martxoaren 16an Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Euroeskualdearen urteko batzarrean parte hartu duten erakundeetako ordezkariek.

Bilera telematikoki egin zuten, eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak ere parte hartu zuen.

2020ko bilana egin eta hurrengo lan plangintza aurkezteko orduan muga itxierak EAE, Nafarroa eta Akitania Berria Euroeskualdearen baitan lantzen dituzten harreman eta proiektuetan izan duen eragin kaltegarria agerian jarri zuten administrazio eremu horien kudeatzaileek.

Oroz gainetik muga ixtearen ondorioak agerikoak izan zirela, bereziki «Hegoalde eta Iparraldearen artean bizi diren herritarrentzat» nabarmendu zuten bileran.

Foro horretan soilik ez, aurreko astean mugen itxiera malgutzeko eskatu zuten Bidasoaren bi aldetako erakundeek. Nafarroako Gobernuak ondoren jakitera eman zuenez pasabideen itxiera arintzeko galdera egin zion Sergio Perez Garciak, Nafarroako Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentzian.

Euskal erakundeen ordezkariek agerian utzi zutenez 2021ko urtarrilaren 14az geroztik indarrean den mugaren zortzi pasabide ixteko erabakiak «traba anitz» eragin dizkie Pirinioen bi aldeetan bizi diren biztanleei.

«Lan edo familia arrazoiak tarteko lurralde batetik bertzera ibili behar duten herritarren mugimendua oztopatzen du neurri horrek, baita martxan diren mugaz gaindiko lankidetza proiektuen garapena zailtzen duela», ohartarazi zuten.

Maleruski Lapurdi eta Nafarroako hainbat herrik pairatu berri dituzten suteek era ezin lazgarriagoan agerian utzi zuten mugen gainetik euskal lurraldeen arteko loturak sendotzearen beharra. Horrela aldarrikatu zuten gainera Lapurdi eta Nafarroako udal ordezkariek Beran eginiko bileraren ostean.

Ildo beretik, Euskal Elkargoko mugaz gaindiko arduradun den Joseba Erremundegik NAIZi emandako elkarrizketan aurreratu zuen bezala, Hego Euskal Herriko erakundeekin batera , mugaren hesteak herritarrengan izan duen eragin kaltegarria arintze aldera hainbat desmartxa burutu ditu azkeneko asteotan Ipar Euskal Herriko erakundeak, beti ere muga inguruko herrietako auzapezekin konzertazioa landuz.

Etchegarayk gutuna idatzi dio prefetari

Gaur egun mugaren inguruan 30 kilometrora bizi diren herritarrak ez dira baimenduak, ziurtagiria eskuetan, alde batetik bestera igarotzeko beharrezko jarduerak egiteko. Lana eta eskolara joateko aukera badute, baita mediku hitzordu batera edo zaurgarri diren pertsonengana joateko.

Beharrezko jarduera horiek egiteko Aldude, Zugarramurdi, Erratzu, Sara, Bera, Etxalar edota Baigorrin bizi diren lagunek kilometro gehiago behar dituzte egunero egin beraien herrietako pasabideak hesiturik direlako.

Hain zuzen Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak mugaldeko bertze hainbat auzapezen kezkak jaso ondoren eskutitza igorri dio martxoaren 17an Eric Spitz prefetari.

Etchegarayk mugaz gaindiko harremanek duten garrantziaz oharrazi dio Eric Spitz prefetari, Estatu ordezkariak Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentziak iragan martxoaren 10ean eginiko bilkuran aferari buruz elkarrizketak zabaltzeko agertu zuen prestutasuna gogoratuz.

Zortzi pasabideen lehenbailehen irekitzeko galdera egin du aipaturiko gutunean Euskal Elkargoko buruak.

Hala eta guztiz bere, joan-jinen kopurua irizpidea aintzat hartuta, eta pragmatismoarekin jokatuz, Etchegarayk Izpegi eta Luzuniagako lepoen irekitzeari lehentasuna eman dio.

Mugen pasabideen gainean ematen den egoera aztertzeko eta elkarrizketa zabaltzeko prestutasuna berresi dio Euskal Elkargoko buruak orain arte mugen hestea sutsuki defendatu duen Pirinio Atlantikoen departamenduaren buruari.