NAIZ

Eusko Label eta Euskotren Ligei uztailaren 3an emango zaie hasiera Coruñan

Gizonezkoen denboraldian azken urteetan baino bi bandera gehiago lehiatuko dira, 20, eta hiru izango dira Galizako urek estropadak izango dituzten aste-bukaerak.

Hauxe da ACTko klubek gaur onartutako egutegia. (ACT)
Hauxe da TKEko klubek gaur onartutako egutegia. (TKE)

Gaur goizean Bilbon egindako bileraren ostean, Traineru Kluben Elkarteko (TKE) bazkideak diren klubek eta elkartearen zuzendaritzak Eusko Label eta Euskotren ligetako egutegiak adostu dituzte. Bi lehiaketek uztailaren 3ko aste-bukaeran izango dute hasiera Coruñan izango diren estropadekin eta TKEren historian lehen aldiz, aurten hiru asteburutan izango dira lehiaketak Galizako uretan.

Denera, 20 izango dira gizonezkoen liga osatuko duten banderak –hasierako bandera horretatik aste-bukaera ero izango dira estropadak, Kontxarako gordeta dauden iraileko bi lehenengoetan kenduta– eta 12 emakumezkoenak. Eusko Label Ligari irailaren 19an emango zaio amaiera, ohi bezala, Portugaleten, Nerbioiko uretan, lehiatuko den El Corte Ingles banderarekin.

Hasierako Coruñako jardunaldi bikoitzaren ostean, lehiaketa Donostia, Zierbena, Orio, Getxo, Castro Urdiales, Lekeitio, Bilbo, Santurtzi, Rianxo, Boiro, Zarautz –Jardunaldi bikoitza–, Ondarroa, Hondarribia, Ares, Moaña, Bermeo eta Portugaleten izango da.

Emakumeen 12 estropada

Emakumezkoen Euskotren ligari dagokionean, hamabi izango dira froga puntuagarriak eta txapelketa abuztuaren hamabostean amaituko da, Zarauzko banderarekin.

Aurtengo berrikuntza nagusiak bi dira, gizonezkoen ligan azken urteetan baina bi bandera gehiago lehiatuko direla, normalean 18 baziren aurten 20 izango dira, eta honek eraginda, hiru izango dira Galizako uretan lehiaketak izango dituzten aste-bukaerak, azken urteetan ohikoena bi izatea baldin bazen ere.

San Pedroko Testa

Traineruen San Pedroko Testa burutu da larunbat arratsaldean Pasaiako uretan. Guztira 37 ontzik hartu dute parte erlojupekoan, 12 emakumezkoen mailan eta 25 gizonezkoenean.

Nesketan, Donostia Arraun Lagunakek denbora onena egin du, 12:00.53, Orio eta Kaiarribaren aurretik. Horrela osatu da sailkapena: Zumaia, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Ondarroa, Hibaika, San Juan, Zarautz eta Lapurdi.

Mutiletan, San Juanek irabazi du (22:36.77). Getaria (22:36.99) eta Santurtziren (22:44.83) aurretik. Horrela osatu da sailkapena: San Pedro, Orio, Hondarribia, Kaiarriba, Hondarribia B, Zierbena, Zumaia, Arkote, Ondarroa, Deusto, Kaiku, Isuntza, Busturialdea, Zarautz, Mutriku, Orio B, Zarautz B, Lapurdi, Hibaika, Astillero, Kaiarriba B eta Illunbe.