NAIZ

Bost goleko errenta mantendu behar du Kopan Bera Berak Morvedreren aurka

Bera Berak Morvedre hartuko du asteazken honetan –19.00– Bidebieta kiroldegian, Kopako itzulera partidan, Sagunton lortutako (25-30) abantaila lagun. Irabaziz gero, donostiarrentzat 30. partaidetza jarraia izango litzateke.

Bera Berako Cavo, Morvedreren aurkako Kopako joaneko partidan jaurtitzeko prest. (BERA BERA)
Bera Berako Cavo, Morvedreren aurkako Kopako joaneko partidan jaurtitzeko prest. (BERA BERA)

Dena bere alde du Super Amara Bera Berak asteazken honetan (Bidebieta, 19.00) Kopako azken fasean egoteko. Lortuz gero, 30. partaidetza jarraia izango luke. Horretarako, bost goleko aldea mantendu beharko dute donostiarrek Movedreren aurka, joaneko neurketan 25-30 irabazi baitzuten Sagunton. Covid 19ko inzidentzia tasak beheranzko joera ez duenez, zalegorik ez da izango Bidebietan.

Imanol Alvarezen jokalariek ez dute kontzentrazioa galdu behar. Izan ere, joaneko partidako lehen zatian ondo jokatu bazuten ere –11-18 joan ziren atsedenaldira–, ondoren konzentrazioa galdu zuten, nahiz eta emaitza bikaina ekarri Donostiara.

Kopako kanporaketa gainditzeak poztasuna ekarriko du Bera Beran, baina burua Ligara –non liderrak diren fase berrian– bideratzeko indarra batu beharko dute ere gipuzkoarrek. Asteazken honetako partida Elxeko Esperanza Lag pistako norgehiagoka (larunbatean 16.00etan, TDP) prestatzeko ondo datorkio.

Hala ere, asteazken honetako aurkaria, Morvedre, sendo iritsiko da Bidebietara. Etxerako lanak ere egin zituen larunbatean etxetik kanpo Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife gainditzen (17-22), bigarren zati bikainari esker. Bi puntu hauekin, jaitsiera postuak saihesteko lehian bete betean sartu dira Saguntokoak (lau taldek galduko dute maila). Gainera, larunbatean erronka handia izango du René Marigil pistan, Zubileta Evolution Zuazo jasoko baitu Morvedrek.