NAIZ

Tolosaldean osasungintza publikoaren gabezia aldatzeko «adostasunak» eskatu ditu EH Bilduk

Tolosaldeak «behar duen osasun arreta bermatzeko» adostasuna lortzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk eta osasun zerbitzuaren kudeaketaren eskumena duten erakundeei «arduraz» jokatzeko eskatu die.

Juan Karlos Izagirre eta Gurutze Etxezabal, Tolosan egindako agerraldian. (EH BILDU)
Juan Karlos Izagirre eta Gurutze Etxezabal, Tolosan egindako agerraldian. (EH BILDU)

Osasunaren nazioarteko egunaren harira, Tolosako osasun zentroan egindako agerraldian, EH Bilduko ordezkariek «erabat» babestu dute Tolosaldeko Alkateen Mugimendua. Gurutze Etxezabal eskualdeko arduradunaren hitzetan, «eskualdean osasungintza publikoaren arloan dagoen hutsunea betetzeko helburua ezarri dio mugimendu horrek bere buruari» eta bibe berean kokatu da koalizioa.

Tolosaldeko 28 udalerriek 48.000 biztanle inguru dituzte baina ez dute ospitale publikorik. Asuncion Klinika pribatua da, baina zerbitzu publikoa eskaintzen du Osakidetzarekin duen akordioari esker. Lakuako Gobernuak legealdi honetako programan «ospitale publikoaren eraikuntzarako konpromisoa espreski jaso zezan lanean aritu ostean» erabaki zuen udal Gobernuak ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko urratsak egitea.

Osasun publiko «integral» baten garrantzia azpimarratu eta gero, eredua «zehaztea» eta adostasunak lortzearen pisua nabarmendu du. «Tolosaldearen beharrak zeintzuk diren aztertu eta balizko ospitale horren egitura zehaztu behar da. Asuncion Klinikako langileekin zer gertatuko den jakiteko, adostasunak bilatu beharko dira langileen ordezkariekin eta komitearekin. Eta gauza bera ospitalearen kokalekuarekin ere», adierazi du. Oraingoz, «egokienak eta bideragarrienak» gisa, San Blas, Usabal, Iurramendi eta Santa Lutzia aukeratu dituzte.

Eta hori lortzeko «erronkaren neurriko partaidetza prozesua» hobetsi du Etxezabalek. Gainera, mugimendu horretatik kanpo geratzen dena «herritarrei bizkar emanda» ariko dela kritikatu du. «Adostasunik gabe, ez da posible izango eskualdeak behar duen kalitatezko osasun arreta publiko, integral eta euskalduna bermatzea».

Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile eta medikuak, berriz, esan du «erakundeen betebeharra» dela covid-19ak «agerian utzitako desorekei» aurre egitea: «Batzuek bizitza osasuntsuagoa izan dezakete eta osasun zerbitzuetarako sarbide hobea izan dezakete beste batzuek baino, bizi diren testuinguruaren arabera. Baina erakunde publikoetako ordezkariek desberdintasunei aurre egin, eta herritar guztiei kalitatezko osasun zerbitzua bermatu behar diete».

Osasunaren nazioarteko egunean, Izagirrek gogora ekarri du Tolosaldea dela ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra, alkateen mugimenduaren proposamena txalotu aurretik. «Covid-19ak begi bistan utzi du inoiz baino garrantzia handiagoa dutela zaintzak, osasungintza komunitarioak zein ikuspegi soziosanitarioak. Ondorioz, pozgarria da proposatu duten prozesua, eta ados gaude eskualdeko herritarrei hitza eta erabakia emateko».